Denim hitza gero eta maizago irakur daiteke arropen etiketetan eta, oro har, moda kontuetan. Berez, oihal bakeroa esateko modu bat besterik ez da. Baina ez da hitz berria; jatorria XVII. mendean du. Garai hartan Frantziako Nimes hiria ehungintza gune garrantzitsua zen. Andre familiak gero hain ezagun egingo zen ehun urdina fabrikatzen zuen, eta hortik jaso zuen izena. Denim “de Nimes” ahoskatzeko modua baino ez da.
Jeans hitza orain arte denim baino gehiago erabili izan da, baina antzeko jatorria dute. Hasieran, belaontzien oihalak eta olanak egiteko erabiltzen zuten. Baina ehuna findu eta arropak egiten hasi ziren. Diotenez, indigoz tindatutako oihal hura erabiliz galtza parea egiten lehenak italiarrak izan ziren, Genoan hain zuzen. Frantsesek Gênes esaten diote Italiako hiriari eta halaxe esan zieten praka berriei. Denborak Gênes jeans bihurtu zuen.