argia.eus
INPRIMATU
Trapuak
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxemari Ostolaza
Joxemari Ostolaza
Omen dira. Besterik ez. Estropadetan irabazitako banderei, hola esaten zieten gure aurrekoek. Iaz ere, arraunlari gazte bati entzun nion Kontxakoari buruz ari zela. Baina ikurrina besterik da. Donostiako Buen Pastoreko dorrean jarritakoa, hirurogeita bostean edo izango zen, ez zen trapu soila izan, ekintza hark ekarritakoak frogatu zuen bezala. Poliziak inguratu zuen katedralea eta suhiltzaileen zurubi erraldoia erabili behar izan zuten hura kentzeko. Atxiloketak ere izan ziren eta orduan komisaldegian egurtutako bat behintzat, bizirik da oraindik lekuko. Hainbesteko gorroto sortzen zuena, legalizatu zuten noizbait eta edozertarako erabiltzen ezagutu genuen ondoren komertzianteen bizigai. Sukar hura igarota, ohikoa bilakatu genuen. Berriro ere, espainolak jartzen ari dira modan. Bilboko Azkunak lehenik eta Donostiako Elorzak ondoren udaletxetako mastak piperpotoz jantzi dituzte. Legea betetzea da, omen, arrazoia. Eta legea, jakina sakratua da, herri ordezkariek egina, nahiz eta hauteskundeetan besterik iragarri. Datozen autonomikotan esan dezatela argi, berriz ere eskalatzaileen beharra izango dugula ikurrina gure udaletxetako mastatan ikusteko, eta poliziak eta suhiltzaileak lanean jarriko dituztela legea betetzen.