argia.eus
INPRIMATU
Non da bihotza?
Eneko Olasagasti @enekoOlasagasti 2013ko maiatzaren 02a
Eneko Olasagasti
Eneko OlasagastiInes Urrutia
Garai batean sorkuntzatik kudeaketara salto egin genuenok prezio latza ordaintzen ari gara. Ez gu bakarrik noski. Sasoi hartan hitzetik hortzera zebilen proiektu hitza. Gaur berriz egitasmo. Eta hura baino, haren falta zen denon kezka gure kulturaren garapenari begiratzen genionean. Batez ere, gure ardura nagusiak sorkuntza izaten segitu duelako. Edo hala nahi izan dugu behintzat.

Garai haiek pasa dira ordea. Azken urtetatik hona gauzak aldatu egin dira. Gaur egun dena da estrategikoa, estrukturala, berrikuntzari lotua. Dena da plana, mahai sektoriala, behatokia, merkatuko kokapena. Hainbeste hitz eta mahai gauza bera izendatzeko. Segitzen dugu zerbaiten faltan eta inork ez dakigu zer den eta non dagoen. Inon baldin badago. Hori bai, bilaketarako metodologia ezin bikainagoak erabiltzen ditugu. Atzo DAFO zen gaur ez dakit nork asmatu zituen Sonbreroak dira. Nola bilatu aztertzen ematen dugu denbora baina zer bilatzen dugun ez dakigu oraindik. Eta bakoitzak badakiela uste du, baina denon artean ez gara ados jartzen. Eta horretarako arlo bakoitza osatzen dugunon parte-hartzea ezinbesteko baino derrigorrezko bilakatu zaigu han eta hemen. Ezin duzue imajinatu, edo bai, ikus-entzunezkoen arloa, esaterako, suspertzeko zenbat eta zenbat ekimen diferente dagoen. Zentzu horretan Tabakalerakoa salbuespena da, portu onera iristen bada. Gaur mahai sektoriala dela, bihar elkartearen bilera, etzi Tabakalera, etzi damu inkesta pare bat enpresan, lege berri bat, iritzia honetaz eta hartaz, laburmetrai lehiaketa, babesa, aholkularitza, sustapena, berrikuntza, merkatuak, merkatu potentzialen garapenerako aukeren azterketak eta batek daki zenbat horrelako. Eta dena oso hotza. Hotzegia aukeran.

Eta denen gainetik, horietako bilera askotatik bueltan bueltaka zalantza bera. Edo sinesmen bera. Gaur egun gauzak, ia-ia, lehen bezala egiten direla, bakar batzuen lana eta borondateari esker. Hori erakutsi dit behintzat eskarmentuak eta hainbat lanetan topatu dudan jendeak. Koordinaziotik, herri honetan, oraindik oso urruti gabiltzala, alegia. Eta bila aritzen garen horietan, batzuetan, bideak eta estrukturak eta metodologiak baztertu gabe, bihotzaren bidearen bila –edo bidean bihotzaren bila ari garenean– ahalegina maizago egin beharko genukeela uste dut.