Larrea tridentata
Lardizabalaceaekoa ez, Zygophyllaceae familiakoa da Larrea tridentata. Oraingoan generoaren izena da euskalduna. XVIII. mendearen amaiera aldean zientziaren sustatzaile izan zen Juan Antonio de Larrea baten ohorez izendatutako generoa omen.
Izen horrekin gezurra baldin badirudi ere, Larrea tridentata basamortuan bizi da eta bazkatik eskas du. Mexiko aldean ikerlari ugariren besoetakoa izan da. Ez da harritzekoa, basamortu horietan, beste inork aurrera egin ezin duen baldintzetan ederki hazi eta, bazka ez bezala, abaro ederra eskaintzen die makina bati. Bertako Ekologia Zentroko Santiago Arizagak eta Exequiel Ezcurrak azaldu zuten landare horien arrakastaren gakoa: aldaberak dituzte hostoak. Hostoak egoeraren arabera ireki edo itxiko ditu: ur eskasia dela edo eguzki galda gehiegi harrotu dela edo hostoak gazteegi eta ahulak dituela, ba hostoak bildu eta horien ertza besterik ez dio erakutsiko eguzkiari, daukan ur apurra galdu gabe. Hosto zaharrek, azal gogorragoarekin eta kimuetako hosto gazteen erdi itzaletan, errazago eusten diote urari.
Alelopatia garatu du landare honek. Ingurukoekin zakarra dela, alegia. Itxuraz animalia belarjaleen aurkako estrategian, hostoetan osagai kimiko ugari du, industriako alor ugaritan, medikuntzan eta abarretan maiz baliatuak. Sustraietan, adarretan eta hostoetan jariatzen dituen gai batzuk medio, inguruan ez dio beste inori bizitzen uzten. Eta, konpetentziarik gabe, lasai hazten da. Geureko hamarrena euri egiten duen lurretan sustraitza zabala hedatzen du eta, Jerzy Rzedowski biologo sonatuak dioen eran, Mexikoko lur lehorrenetara ondoen egokitu den landarea da, baldintza horietan irauteko nahi eta nahiezkotzat jotzen diren sistemak –ez kaktusen erako hosto lodiak, ez arantzak, ez ilupa eta bai hostajeari iraunkor eutsiz– erabili beharrik izan gabe. Beharko zakarra!