argia.eus
INPRIMATU
Landareak
Lahardi zabalak
Jakoba Errekondo 2013ko maiatzaren 02a
Juan Fernandez artxipelagoa
Juan Fernandez artxipelagoa
Lardizabalaceae familia, izenak dioen eran, zabala da. Ez anitza, 9 genero eta 45 espezie ez da ikaragarri, bizilekua du zabala. Tropiko aldamenetako klima bero eta hezeetako basoetan, baita 3.600 metroko mendietan ere, bizi dira, Himalaia eta Taiwan arteko Asia eki-hegoalde osoan eta Txilen. Aihen birakari eta biribilkatzaileak dira. Bere fruitu jangarrien tajukerak, jateko moduko koxkor oliotsu mordoak edo leka mamitsuak, haziak barreiatzeko txoriak baliatzen dituztela adierazten du. Hego gabeko bi hankadunontzat hezueriari jarkitzeko, jateko on diren fruituak, genero batzuen fruituko goma, beste batzuen zurtoinak lokarri-gai... Makina bat ematen du.

Lardizabalaceae familiakoa da Lardizabala generoa. Eta monotipikoa da, hau da, espezie bakarra du. Espezie hori Lardizabala biternata bezala ezagutzen da baina sinonimotik erruz du: Lardizabala discolor, L. funaria, L.infusiata, L. silvicola, L. ternata, L. trifoliata, L. trifoliolata, L. triternata... Eskubiz aurrera hazten den igokaria da, lore ubelek jateko moduko baino gutiziatzat duten fruitua ematen dute eta bere panpano edo aihenak saskigintzan eta sokagintzan erabiltzen dira. Landare hau Txileko erdi aldean eta Juan Fernandez uhartedian bizi da. Irla multzo hori kontinentetik seiehunen bat kilometrora dago, Maule deituriko eskualdearen parean. Berri-berriak dira, gehienez ere duela milioi pare bat urte itsaspeko sumendi baten ufaden ondorioz sortuak. XVI. mendeaz geroztik itsaslapur eta kortsario habia, uharte horietako batek Robinson Crusoe izena du, eta Daniel Defoek haren istorioa idazteko oinarri izan zuen Alexander Selkirk marinel eskoziarrarena beste batek. Lehenengo horretan Cueva de los patriotas deitzen dutena dago, monumentu izendatutako leizea, bertan babestu baitziren XIX. mendeko independentziaren aldeko gudan uharte honetara desterratutako Juan EgaƱa abertzale txiletar ezaguna eta beste batzuk.

Zenbat lotura euskaldunok ezagutu ere egiten ez dugun landare honekin...