argia.eus
INPRIMATU
Izan gaitezen egoistak
Joseba Azkarraga Etxagibel 2013ko maiatzaren 02a
Joseba Azkarraga Etxagibel
Joseba Azkarraga EtxagibelKarlos Corbella
Groucho Marxek zioen zoriontasuna gauza txikietan dagoela: yate txiki bat, txalet txiki bat... Modernoon kontsigna, “zenbat eta gehiago orduan eta hobeto”, umorez jantzi zuen. Kontsigna hori protesi natural bilakatu da mendebaldarron psikologian.

Hazkunde ekonomikoak ei zekartzan ongizatea eta zoriontasuna, baina, behin gutxieneko materialak ase ondoren, baieztapena atzekoz aurrera jarri zaigu: hazkunde ekonomikoa geure nahigabe kronikoan sostengatzen da.

Clive Hamilton ekonomilari australiarrak dio politikoek nekez esango dutena: hazkundea, geure arazoen erremedioa barik, geure gaixotasunen iturri da. Kalkuluen arabera, 1995-98 urte bitarteko hazkunde globala 1900az aurretiko hamar mila urteetakoa baino handiagoa izan da. Halere, mamu berria dabil mundu aberatsean barrena: asperra, bakardadea, depresioa.

Ikerketa gehienek diote: gutxieneko materialak eskuratu ostean, norbanakoon bizipoza ez dago ahalmen ekonomikoaren edo arrakasta profesionalaren baitan, ezta ere osasuntsu egotearen baitan. Kontu “ziztrinagoak” omen ahaltsuagoak: kultura abegitsua, elkar laguntzeko sare trinkoak, ondasunak konpartitzeko ohiturak, pertenentzia sentimenduak... Ez dirudi egunero dutxatzeak edo plasmako pantailak zoriontsuago egiten gaituenik.

Bizitzaren balantzea egiteko unean konturatzen ei da bat, behin betiko agurraren tenorean, zauriak miazkatzea besterik geratzen ez denean: aspektu ez-materialak izan dira bizipozerako pasaporteak. Erosi ezin den hori guztia, alegia.

Bizipoza errazago dator materia eta energia gutxiago kontsumituz gero. Ez da erlijio postmaterialista berri baten salbaziorako deia. Ez da Parisen entzundako manifestu existentzialista. Ez da Bucay-ren auto-laguntzarako leloa. Zientzia da: hanka bikoak pasta horrekin gaude eginak, serotonina berdin edo gehiago ekoitzi daiteke gutxiago kontsumituz.

Halere, ahatearenak egiten segitzen dugu. Bitxiak dira paitak: arrautza puskatu eta begiak zeinengan pausatu, hantxe aurkitzen dute ama, izan paita-ama, azeria, ala hondartzan tanga batekin kakahueteak saltzen dituen gizasemea. Hura nora, paitak hara. Bulkada instintiboen diktadura da, ez dago inpugnazio posiblerik.

Halaxe segitzen diogu, paiten automatismo autosuntsitzailearekin, geure psikean iltzaturik dugun protesi materialistaren aginduari. Bestela esanda: izan gaitezen ekologistagoak ez planeta salbatzearren, ez geure espeziearen etorkizuna ziurtatzearren, ez oraindik jaio ez direnekiko elkartasuna adieraztearren. Hori guztia heroismo ezinezkoa bazaigu, izan gaitezen ekologistagoak egoismo hutsagatik, geure bizipoz indibiduala handitzearren.

Kapitalismoa toxikoa baita, ez soilik ikuspegi sistemikotik, baita ikuspegi psikikotik ere: estruktura emozional gaixoan sostengatzen da.