Mundua ikastetxera

  • Ate joka ditugu Ibilaldia eta Euskal Eskola Publikoen jaia, biak ere, hein handi batean, gurasoen ekimenari esker egiten diren irakaskuntzako jaialdiak. Gurasoen parte hartzea da, hain zuzen, ikas komunitateen ardatzetako bat, ez bakarra. Helburua, azken batean, irakaskuntzan gizarte osoa murgiltzea da.
Irakasle eta ikasleak
Irakasle eta ikasleakIñigo Azkona
Duela hamar urte hasi ziren EAEko ikastetxe batzuk ikas komunitate proiektua gauzatzen, baina Gasteizko Hezkuntza Sailak oraintsu agertu du egitasmoa ahalik eta gehien zabaltzeko nahia, Europatik datozen haizeekin bat eginez. Ikas komunitateen arloan aitzindariak estatubatuarrak izan baziren ere, Europar Batasuna izan da –Kanada eta beste zenbait herrialderekin batera– doktrina ofizial bihurtu duena. Ikas komunitatea eratzea, hala ere, ikastetxe bakoitzaren borondatearen araberakoa da. Ez da oso borondate zabaldua momentuz, ez gurean behintzat, Hezkuntza Sailaren ahaleginak gorabehera. Uneon, 23 zentro dira EAEn ekimena abian jarri dutenak; bi DBHkoak dira eta gainerakoak Lehen Hezkuntzakoak, Maria Luisa Jaussik, Ikas Komunitateen programako arduradunak eman dizkigun datuek diotenez.
 
Ikas komunitatea zer den aztertzen hasteko, komeni da munduan izan diren aldaketez jabetzea. Orain dela hamarkada batzuetako gizarte industrialak lekua utzi dio gaur egungo informazioaren gizarteari eta horrek bete-betean eragin dio hezkuntzari. Jaussiren esanetan, eskolak eragina galdu du; lehen berau zen informazio iturri nagusia, ia bakarra. Orain nonahi dugu informazioa. “Baina horrek ez du esan nahi denek eskuratzen dutenik. Batzuek egiten dute eta beste batzuek ez, hor hasten dira desberdintasunak”. Desberdintasun horiek gainditzea da ikas komunitateen gako nagusietakoa.
 
Europan gutxik dakite gai honi buruz Ramon Flecha katalanak adina. Desberdintasunak gainditzeari buruz ikertzen duen talde batean ari da Bartzelonako Unibertsitatean, eta Includ-ed proiektua zuzentzen du: “EBn eskolaren inguruan inoiz egin den ikerketarik handiena da”. Ikas komunitatea hitz gutxirekin definitzen du Flechak: komunitatea sar dadin bere ateak irekitzen dituen ikastetxea. “Medikuek vademecum-a duten bezala, hezkuntzak badu berea. Baina urte luzez nor bere kabuz aritu da, hezkuntza hobetzeko lanean ahal izan duen moduan jokatuz, probak eginez. Orain berriz, badakigu zerk hobetzen duen hezkuntza eta zerk ez”. Helburuak adar bi ditu, biak ezinbestean lotuta: ikasleek gehiago ikastea eta eskolan bizikidetza hobetzea. Irakasleen indar hutsak ez dira nahikoak, baina. Horregatik zabaldu behar dira eskolako ateak, mundua sar dadin.
 
Teoria modernoek diote helburuok lortzeko ikastetxeek ezinbestekoa dutela interakzio hori. Hainbat bidetatik garatu daiteke, baina deigarriena, beharbada, irakasleaz gain beste pertsona heldu batzuk gela barruan egotea da. Sarritan gurasoak eurak dira, baina edonor izan liteke. Senideak, ikasle nagusiagoak, auzoan edo herrian lanean ari den jendea. Eragileak esaten zaien horiek, azken batean. Azterketek diote hala egiten den kasuetan asko hobetzen dela ikasketa prozesua.
 
“EBren esanetan, eskola-porrot gehien sortzen duena banaketa da, alegia, ikasle onak alde batean jartzea eta txarrak beste batean”, azaldu digu Ramon Flechak, eta azpimarratu: “Hala egiten da Espainiako Estatuan”. Ikas komunitatean kontrakoa da: gelako umeak talde txikitan banatzen dira lanerako, beti ere heterogeneoak izan daitezen saiatuz. Kanpotik etorri den boluntario bakoitza talde batez arduratuko da, dinamizatzaile lanak eginez, guztiek parte har dezaten bultzatuz. Hala, denak aberasten dira, gehiago zein gutxiago dakitenek. Helduari ez dagokio irakastea –hori irakaslearen lana da–, baina bera egoteak gatazkak desagerrarazten ditu. Aritmetika hutsa: irakasle bakar batentzat lan eskerga da gelako diziplinari eustea –denboraren %40 horretan ematen duela kalkulatu dute–; heldu batek berriz, erraz kontrolatzen du lauzpabost ikasleko taldetxoa. “Gatazkarik sortzeko denborarik ere ez dagoen giro horretan”, Flecharen hitzak erabiltzearren, ikasketa azeleratu egiten da. Eta notak hobetu, azken batean. Gorago adierazi bezala, biak, emaitza akademikoen zein bizikidetzaren hobekuntza, eskutik helduta doaz. Batak bestea dakar.
 

Gurasoak ahaztuta Espainiako Estatuan

Aditu gehienen arabera, gela barruko interakzioak emaitza ikusgarriak lortu ditu ikasketa prozesua hobetzen, eta salbuespenik gabe gainera. Baina ez da bide bakarra. Gurasoen prestakuntzak, esaterako, eragin handia du umeen hezkuntzan. Alegia, gurasoak, eta batez ere amak, ikastaroren bat egiten aritzea edo bestelako heziketa-saioren batean parte hartzea. Mundu osoan zehar ikasketetan arrakasta neurtzeko egiten diren azterketek agerian utzi dute horrek errendimendu akademikoa hobetzen duela. “Espainiako Estatuan, tamalez, ez da hori kontuan hartu. Indar guztiak irakasleen heziketara bideratu dira, gurasoak ahaztuz. Irakasleentzako Berritzeguneak ondo daude, baina gurasoentzako Berritzeguneak behar dira”, dio Flechak. Eta horixe da hain zuzen ikas komunitatea, haren esanetan: gurasoen Berritzegune bat.
 
Gehiago ikasteko, demokrazia

Ikas komunitatea eskola demokratikoaren adierazpideetako bat da. Emaitzei lotutako demokrazia dugu baina: ikasketa hobetzea du helburu, eta lortzen ez badu ez du balio. Horretarako erabiltzen den tresna ikaskuntza dialogikoa da, alegia, elkarrizketan oinarritutakoa. Maria Luisa Jaussik nabarmentzen duenez, elkarrizketa horren ezaugarrietako bat berdintasunean oinarrituta egotea da. Hau da, erabakiak argudioen arabera hartzen dira, ez pertsonen estatusaren arabera.
 
Orain arte esandako guztiaren adibidea dugu Lekeitioko Herri Ikastetxea. 2000. urtean abiarazi zuten ikas komunitatea. Ordura arte, ikas komunitatea ikastetxe gatazkatsuekin lotutako kontzeptua zen. “Guk hemen ez geneukan halako arazorik –dio Xabier Iturbe eskolako zuzendariak–, baina hala ere konturatzen ginen gela guztietan geneuzkala atzeratuta gelditzen diren ikasle batzuk. Ez emaitza akademikoei dagokienez bakarrik, harremanak egiteko gaitasunean ere bai. Eta ez zen irakaslearen kontua, irakasle askorekin ibili eta gero hala gertatzen zen eta. Zeozer ez genuen ondo egiten, eskola modura”.
 
Irtenbide bila, ikas komunitate proiektua ezagutu zuten. Gaur egun, eskolatik kanpoko 30 boluntario inguru dauzkate, gela barruko interakzioetan parte hartzen. Horietatik, ia hogei bertatik bertara duten institutuko ikasleak dira, erlijio eta etika orduak ume txikien geletan ematen dituztenak. Badabiltza gurasoak eta herriko beste pertsona batzuk ere. ezin denera ailegatu, eta matematika eta hizkuntza eskoletarako baliatzen dituzte boluntarioak, ikasgai garrantzitsuenak direlakoan. Gainera, tertulia dialogikoak antolatzen dituzte, aldez aurretik aukeratutako liburu bat hizpide. Emaitzak zoragarritzat jo ditu Iturbek, gai honetaz hitz egin diguten guztien ildo berean.
 
Aldaketaren beldur

Lekeition argi dute, beste leku askotan ez. Zergatik ez dira ikas komunitateak barra-barra hedatzen, hain emaitza onak badituzte? Ramon Flecharen ustez, horretarako arrazoiak ulertzekoak dira: gizakiok ez gara berez aldaketazaleak. Irakaskuntza alorrean eta Espainiako Estatuan, gainera, aldatu nahi eza irmoagoa da iragan hurbileko aurrekariengatik. “Hainbat erreforma iragarri dira –LOGSE eta abar–, eta irakasleek sinetsi egin dute; baina horien emaitzak uste baino kaxkarragoak izan direla ikusita, uzkurtu egin dira proposamen berrien aurrean”. Bestalde, ohikoa da irakasleek beren esparrua zaindu nahi izatea. Ez da erraza besterik gabe ateak irekitzea kanpotik datorrenari. Pedro Rascon Nafarroako Herrikoa guraso elkarteko presidenteak dio irakasle askok oraindik dutela gurasoek hezkuntzan parte hartzearen aurkako jarrera halako bat, “nahiz eta, zorionez, gero eta indar txikiagoa daukan; irakasleak konturatuz doaz gurasoak ezinbesteko elementua direla hezkuntzan”.
 
Maria Luisa Jaussik uste du gizartea ez dagoela irakaskuntzan inplikatuta, Hego Euskal Herrian behinik behin. “Eskolen dinamika oso bestelakoa izan da, LOGSEk ezartzen zuen curriculum-proiektua irakasleen ardura baizik ez zela, eta horrek asko mugatzen du, eskolan denak duelako curriculumarekin zerikusia. Gurasoek ezin badute ezer esan…”.
 
Ikas komunitateak gauza dira inertzia horiek hausteko? Ana Eizagirre EHIGE gurasoen elkarteko bozeramaileak begi onez ikusten du EAEko Hezkuntza Sailak sustatutako programa, baina informazio gehiago behar dela uste du. “Pedagogia arloan ematen diren berrikuntzak ez dira ondo ulertzen ez badira azaltzen. Ikasketa dialogikoa oso ondo dago, baina inork ez daki zer den”. Edozelan, Eizagirrek dio ikas komunitateak oso onuragarriak suertatzen ari direla parte hartzen duten gurasoentzat, eta haien inplikazioa handitzen dutela. Gaiak berebiziko munta dauka EHIGErentzat. Ekainaren 1ean Barakaldon ospatuko dute Euskal Eskola Publikoaren jaia, eta berau iragartzeko zabaldu duten txostenean garrantzi handia eman diote gurasoak eta gizarte osoa irakaskuntzaren arlo guztietan inplikatzeari. Hori diote gurasoen ordezkariek, baina ez dago argi gaur egungo joerak horiek diren, irakaskuntza mundutik sarritan etortzen den mezua baita gero eta axolagabekeria handiagoa dagoela seme-alaben hezkuntzarenganako. Edo, axolagabekeria ez bada, ordutegiak ez digutela askoz gehiagorako betarik ematen. Guraso elkarteek argi dute aita-amak badutela haurren hezkuntzaren gaineko kezka, salbuespenak salbuespen. Parte-hartzea beste kontu bat da.
 
Ikastolen eskarmentua inplikazio kontuetan

Euskal Herrian ikastolak izan dira, tradizioz, parte hartze horren eredu. Ramon Flechak berak esan digu: “Baliteke hau guztia hain arraro ez iruditzea ikastolak ezagutzen dituenari, horietan beti izan delako senideen inplikazio handia”. Ikastolen Konfederazioko Mirari Bereziartuak ezinbestekotzat du gurasoen parte-hartzea hezkuntzan, are gehiago estaturik gabeko herrietan, eskola bada herrigintzaren gakoetako bat. “Ikastolen kasuan, beraz, bi ardatz horiek daude: batetik norberaren seme-alaben hezkuntza, bestetik Euskal Herria”. Arlo akademikoan ere badu garrantzirik gurasoak “bustitzeak”. Euskal curriculuma diseinatzen egindako ekarpenak ikusi besterik ez dago, Bereziartuaren berbetan.
 
Esan daiteke, beraz, ikas komunitatearen tankerako ekimenak ez direla guztiz arrotzak ikastoletan, nahiz ez dituzten ezartzen aurreko lerroetan azaldu dugun modu berean. Hala, Seaska da ikasgeletan gurasoen presentzia modu sistematikoan ahalbidetzen duen bakarra, tutoretza orduetan parte hartuz, ikastetxe guztietan ez bada bai bederen askotan. Horrek guztiak beste onura bat dakar gainera: gurasoak inplikatuta ikusteak mesede egiten dio haurren garapenari. Zorioneko Pisa azterketan beti onenetakoa izaten den Finlandian, esaterako, gurasoak bete-betean daude ikastetxeko eguneroko jardunean murgilduta. Nota ona eman beharko diegu, eta geure buruak irailerako prestatu.
AEBetan aitzindari
Lehen eta bigarren hezkuntzako 6.000 ikastetxek dute ikas komunitatearen antzeko programaren bat munduan. Ezagunenak AEBetan daude. Success for all (Arrakasta guztiontzat) da eskola gehienek dutena, 2.000 inguruk. 1987an sortu zen, errendimendu baxuko eskola gatazkatsuetan lan egiteko. Urtebete lehenago jaio zen Accelerated Schools (Azeleratutako eskolak), langile-kooperatiben ereduan oinarrituta. AEBetan, hala ere, administrazioak ez ditu honelako ekimenak sustatzen. Ondo dabiltzan eskolak ondo dabiltza, eta txarto dabiltzanak... AEBetako ikastetxe askotan  aspaldi dituzte zinpeko goardiak. Arrakasta batzuetnzat baino ez.
Ikas komunitateak Euskal Herrian
EAEn 23 ikastetxe ari dira Ikas Komunitate programa garatzen, eta kopurua ikasturtero handitzen da. Orain dela hamar urte hasi ziren lehenbiziko laurak, ariketa modura, eta haiek ereindako hazia pixkanaka ematen ari da fruitua. Hasiera batean, bizikidetza arazoak zituzten eskolentzako irtenbidetzat jotzen zen, gerora ikusi zuten edozein ikastetxerentzat balio zezakeela, eta 2000. urtean hasi zen ekimena zabaltzen. Pixkanaka oraingoz.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikas komunitateak egindako ibilbidea laburra bada, beste lurraldeetan hutsaren hurrengoa da. Nafarroan badago kasu bakanen bat, baina datu ofizialik ez. Izan ere, Hezkuntza Sailak ez dauka momentuz ikas komunitatea sustatzeko asmorik, bertako langile batzuek horretan buru-belarri diharduten arren, agintariak konbentzitu nahian.

Ipar Euskal Herrian, Frantziako Estatu osoan bezala, oso urruneko kontzeptua da ikas komunitatea. Ramon Flechak dioenez, “1960ko hamarkadako gizarte industrialean, frantziar eskola eredua oso ona zen: laikoa, publikoa, berdintasunaren aldekoa… Baina ez dute informazioaren gizartera egokitzen jakin, ez metodologiaren aldetik, ez kultura desberdinen arteko harremanak kudeatzeari dagokionez. Horrek hainbat arazo sortu dizkie, gatazka bortitz batzuk barne. Frantziako Gobernuaren asmoetan ikas komunitateak ez du lekurik, eta gainera zaila dute horrelakorik ezartzea, oso sistema zentralizatua eta burokratikoa dutelako, inongo autonomiarik gabekoa”.

Azkenak
2025-04-03 | El Salto
Luigi Mangionerentzat heriotz zigorra eskatuko du fiskalak, osasun aseguru-etxe bateko buruaren hilketagatik

Heriotza-zigorra eskatzeko argudio gisa, "indarkeria politikoko ekintza" izan zela adierazi du AEBetako Fiskal Nagusiak.


2025-04-03 | Gedar
Israel Premier Tech talde sionista Lizarrako txirrindularitza-lasterketa batetik kanporatzea lortu dute

Palestinarekin Elkartasuna plataformaren ekimenez, txirrindularitzarekin lotura duten 70 bat pertsonak eskatu dute talde sionistak ez dezala txapelketan parte hartu, eta lortu dute.


Espetxera bidali dute Ion Aranburu realzaleari Sorian egindako erasoaren harira atxilotuetako bat

Ion Aranburu koma egoeran eta ZIUan ingresatuta egon zen hainbat astez, erasoaren ondorioz.


Israelgo presondegietako torturak argira ekarri ditu The Independent komunikabideak

Lekukotasunak, autopsia txostenak eta atxiloaldian izenpeturiko adierazpenak bildu ditu The Independent komunikabide britainiarrak. 2023ko urriaren 7az geroztik 70 palestinarrek dute bizia galdu Israelgo presondegietan. Palestinar presoen alde dabilen Addameer elkartearen... [+]


Kutxa Banku Fundazioa ez da ados agertu Arriolaren adierazpenekin: “Euskara ez da oztopo”

Kutxa Banku Fundazioak adierazi du Kutxabankeko presidentearen adierazpenek ez dutela fundazioaren pentsamoldea islatzen, "Hizkuntza aniztasuna beti da aberastasun iturri, nekez izan daiteke oztopo", argudiatu dute.


Lineal A idazkunik luzeena

Lineal A duela 4.800-4.500 urte erabilitako idazkera minoikoa da. Berriki, Kretako Knossos jauregi ezagunean, bolizko objektu berezi bat aurkitu dute, ziurrenik zeremonia-zetro gisa erabiliko zutena. Objektuak bi idazkun ditu; bata, kirtenean, laburragoa da eta aurkitutako... [+]


Gizonak frontera, emakumeak zubira

Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall... [+]


Resako aztarnategia Andosillan
Ebroko muga zaharraren lorratzetan

Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu... [+]


Pippi Kaltzaluzek 80 urte bete ditu, beti bezain iraultzaile

Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta... [+]


Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzuak jarriko ditu abian Osakidetzak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trans pertsonei zuzendutako protokolo asistentziala eguneratzea da helburua. Lehen Mailako Arretako Taldeak (LMAT), trans pertsonentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berriak (tLMAZ) eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dagoen Genero... [+]


Osakidetzako datuen kontraesanak: itxaron-zerrendak behera, herritarren kexak gora?

Jaurlaritzak ziurtatu du itxaron-zerrendak bi hilabetetik behera jaitsi direla azken hiruhilekoan. Manu Lezertua EAEko arartekoak, berriz, beste datu bat nabarmendu du herritarren kexei buruzko urteko txostenean: Osakidetzari dagozkion kexak %70 igo dira, eta batez ere... [+]


“Neutrotzat aurkezten dena, egiaz, ideologia nagusiaren konplizea da”

Gozamen aparta bezain deskribatzeko zaila dakar, norbaiten hitzak irakurri edo entzun ostean, zera pentsatzeak: “Horixe zen neu aurreko hartan azaltzen saiatu nintzena!”. Idazlea eta itzultzailea da María Reimóndez, eta galegoz aritzen da, hizkuntza... [+]


Unibertsitate pribatuak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak

Ugaritu diren “txiringito pribatuei” muga jartzeko asmoz, unibertsitate berriak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak. Euskal Herrian polemika artean jaio zen azken unibertsitate pribatuak adibidez, Gasteizko Euneizek, gaur gaurkoz ez ditu... [+]


Segurtasuna, etorkinak eta beldurra

Segurtasun falta dagoen irudipena handitu dela azaldu du Eustaten azken txostenak. Gurean, Trapagaranen, Segurtasuna orain, delinkuenteen aurka manifestaziora deitu dute herritar batzuek.

Bi izan dira sentsazio hori zabaltzeko arrazoiak. Batetik, udalak Udaltzaingoaren... [+]


Eguneraketa berriak daude