Zer salatzen duzu Literatura eta ideologia-n?
Ukaezina da literaturak hasiera-hasieratik izan duela baloreak eta ideiak transmititzeko helburua. Euskal Herrian ere ugariak dira, esaterako, euskal literaturaren historian euskaltzaletasunak edo euskararenganako maitasunak bultzaturik idatzitako lanak. Baina badira gure merkatuan ere ideia aurrerakoien transmisioa zaintzen –eta bultzatzen– omen duten argitaletxeak, beren testuetan estereotipo sexistak oharkabean islatzen dituztenak. Eta gure asmoa bada gizarte aurrerakoia, demokratikoa eta parte hartzailea, bizilagunen izpiritu kritikoa bultzatzen duen gizartea, sexismoaren eta indarkeriaren aurkakoa, xenofobia eta ezberdintasun sozialak baztertzen dituen gizartea, orduan hurrengo belaunaldiak kritikoak izan daitezen borrokatu behar dugu.
Hurrengo belaunaldiak. Gaurko haurrak, alegia...
Ezin dugu pentsatu haurrentzako liburuak inozenteak direla, politak, entretenigarriak eta dibertigarriak besterik ez direla, testu guztiek ideia eta balore batzuk transmititzen baitituzte, bai irudien bidez, bai testuaren bidez.
Disneyren lanei ere errepaso gogorra egiten diezu.
Izan ere, Disney ez da entretenimendu eta dibertsiorako enpresa soilik. Bere produktuekin herri kultura izatea lortu nahi du, herri kulturak eragin nabarmena baitu gizartearen eraketan eta gainera, heziketa boterea da –herri kultura hori bultzatzen edo proposatzen duenaren interes eta nahien zerbitzurako