Agotak taldearekin kaleratu duzun bigarren diskoa da. Kantautore etiketa kentzeko gogoa duzu?
[Barre egin du] Ez, alde batetik musikariekin justizia egiteko izan da. Musikari laguntzailea izatea esker txarreko lana da askotan, fijatzen bazara telebistan beti bakarlaria ateratzen dute aurrean eta musikariak atzean egoten dira. Gainera denbora neraman Beñardo Goietxerekin lanean, Jesus Agirresaroberekin eta Igor Mendiarekin ere bai... eta ikusi nuen beraien ekarpena aitortu beharra zegoela, ja ez zela akonpainamendu taldea bakarrik, lokalean makina bat lan egindako taldea zela. Kantuei beraien nortasuna eman diote eta hori aitortu behar zen, esan gabe kantuak talde lanean eginak zirela, ze kantuak nik egiten ditut, baina lokalean moldatu egiten ditugu.
Abesti akustiko eta elektrikoen artean oreka bilatzen saiatu zarete.
Asko gustatzen zait oinarrian akustikoa izanda ukitu elektrikoak dituen musika. Uste dut gure erreferentzia asko, ez nireak bakarrik Agotenak ere bai, bide horretatik doazela.
Ironia asko dago diskoan, baina malenkonia ere nabari da, akorde minorrak...
Nik esan ohi dut ironia samurtasuna babesteko modu bat dela, biak lotuta doazela. Ironia samurtasunik gabe agian zinismoa bihurtzen da, eta samurtasuna ironiarik gabe melenga da, gozoegia. Nire disko guztietan agertzen dira biak, baina honetan batzuek puntu garratzagoa dutela uste dut, ironiatik umore beltzera salto egin dudala.
Bi bertsio daude diskoan: Balerdi Balerdiren Lore etxean eta Imanol Lartzabalen Mendian gora haritza.
Disko guztietan ditugu bertsioak. Gustatuko litzaidake bertsiogile ona izatea, lan hori ondo egiten duen jendea entzutea asko estimatzen dudalako. Bertsioak egitea hemen ez dago oso baloratua, baina zu fijatzen bazara talde ingeles, amerikar eta europarretan oso ohikoa da batzuek besteen bertsioak egitea, eta hori egiten duenari ez zaio inolako meriturik kentzen.
Harribitxi asko dauzkagu eta nik nire gustukoak kantatzen ditut. Ruper, Laboa, Lete, Montoia... bertsionatu ditugu, eta boxeo izarrekin jarraitzeko Imanolekin ausartu beharra zegoen. Gainera kantu hau euskal kantutegiko ezagunenetakoa da. Balerdi Balerdirena berriz, maitasun aitorpena da; talde horren itzala oso nabaria da disko osoan eta hori aitortzeko modua izan da.
Badirudi talde horren lanak ez duela merezitako errekonozimendua izan, ezta?
Itoiz ondoren, nire ustez, pop-rock heldua euskaraz egin duten taldeek ez dute suerte askorik eduki. Zer gertatu zen Balerdi Balerdirekin, Sasoi Ilunakekin, The Window Ventanasekin... Hemen ildo gogorragotik joan izan da kontua urtetan. Badirudi orain panorama askoz irekiagoa dela, baina garai hartan, 1990eko hamarkadaren hasiera-erdialdean...
“Nire aitaren autoa defendituko dut”. Arestik burua altxako balu!
Gure buruaz barre gehiago egin beharko genuke. Beti botatzen diogu kulpa egoerari, beti dago arrazoiren bat gure buruaz barrerik ez egiteko. Barre egin euskaldunok euskaldunotaz, ez utzi espainolei euskaldunen inguruko txisteak egiten.
Horregatik Mattinen marrazkiak eta Zaldieroaren pertsonaia bati egindako erreferentzia?
Bereziki komikizalea naiz eta beti estimatu izan dut bien lana. Mattinekin aspaldiko harremana daukat. Bere garaian Argian komiki pertsonaia bat egiten genuen, Bokarta. Geroztik bere ekarpena beti egon da nire proiektuetan, eta espero dut nire eragina ere egotea bere lanetan [barreak]. Zaldieroaren kasuan... Goizero jendeari irribarre bat ateratzea Euskal Herrian gaur egun... Horrek merezi du, ez kantu bat, dozena bat disko!