"Gure ildokoak EAJk bahituta bagina bezala sentitzen gara"

  • 1966, Zumaia. Zuzenbidean lizentziatua. EB-Berdeak-eko Kontseilu Politikoko kide eta Donostiako Batzarreko koordinatzailea. Donostiako Udalean bigarren alkateordea da: Auzoak, Hiritarren Partaidetzako eta Proiektu eta Obretako ordezkaria. EB-Aralar koalizioak PSE-EEko Odon Elorza alkatearekin agiri programatikoa sinatuta dauka: “Aurreko legealdiko esperientziari esker tirabirak leundu dira eta harremanak hobetu dira udal gobernuan”.
     
    Bestalde, EBk VIII. Biltzarra burutuko du hil honen 31n. Oskar Matutek lideratzen duen ildo kritikoko partaidea da bera. Alderdiaz eta udalgintzaz mintzatu zaigu, mihian bilorik gabe.
Duñike Agirrezabalaga
Junkal Amores
Antton Karreraren eskutik iritsi zen EBra eta politikara. Alabaina, Karrera ildo ofizialeko buru eta koordinatzaile nagusia Javier Madrazorekin lerrokatuta dago. Duñike Agirrezabalaga, berriz, ildo kritikoko buru Oskar Matuterekin: “Anttonen jarrerak ez gaitu ustekabean harrapatu” esan digu.
 
EB-Berdeak-en egoera marrazten lagundu digu solasaldia abiatzeko: “Ezker Batuan EPK (Alderdi Komunista) dago, besteak beste. Madrazok EPKren sostengua izan zuen EBko burua izendatua izan zen arte. Madrazok EPK aurka izan du 1995etik, eta bere estrategia alderdi horren eragina txikitzea izan da. Berdeen mugimendurik ia-ia ez dago EBn, Juantxo Dominguezen sektoreak berau utzi ondoren. Estrategikoki ulergaitza bada ere, dauden berde apurrek Madrazo sostengatzen dute. Oskar Matuteren ildoak, berriz, 40 zinegotziren babesa dauka. EBren proiektuan eta udalgintzan ari den jende oso garrantzizkoa”.

Zein da EBren osasuna une honetan?


EBn betidanik dago barne eztabaida handia. EB ez da alderdi monolitikoa, ezberdin pentsatzen dugun jendea gaude. Nik iritziak lasai eman ditut beti. Azkenaldion, hirukoan [EAJ, EA eta EBk osatua] egon behar horrekin, gure ildokoak oso kritikoak gara. Batez ere, akordioa ez delako bakarrik Jaurlaritzan garatu, akordioa udaletara zabaldu dute, diputazioetara... Gure ildokoak EAJk bahituta sentitu gara, EAJren eranskina bagina bezala. Guretzat, alderdi gisa, funtsezkoa da nortasuna ez galtzea. Alderdia berritu behar dugu, baita buruak ere. Adinean aurrera doaz, denbora luze eman dute zuzendaritzan.


Madrazoren aroa pasa da, beraz.


Bai, eta ez da kontu pertsonala. Madrazok gauza batzuk ondo egin ditu. Oso konplikatua da alderdi honen buru izatea. Oro har, gure ildoak balorazio positiboa egiten du. Baina hirukoaren oso menpe gaude. EBko politika ia osoa gauzatu da beraren eta hirukoaren itunaren bidez. Bere proiektua gehiegi bisualizatu da hirukoan, ona litzateke alderdiaren burua aldatzea.


Hirukoa agortuta dago, beraz.


Bai. Etxebizitzaren, ongizatearen eta etorkinen gaietan aurrerapauso politak izan dira, baina prezio handia ordaindu dugu. Hirukoak EAJren indarra sendotzeko balio du, inposizioz jokatu du gainera. Ez Jaurlaritzan soilik, herrietan eta probintzietan ere bai. Horrek gure proiektua arriskuan jarri du.


Azken hauteskundeetako emaitzek zer eragin izan dute honetan guztian?


Emaitzak ez ziren pozgarriak izan, noski. Bipartidismoaren kalteak denok iragarri genituen, baina ez genuen horrenbesteko beherakadarik espero. Gure ildokoentzat oso tristea izan zen EB hiruko koalizioan joan nahi izatea. Gure apustua Aralarrekin segitzea zen, udal mailan bezala Espainiako Kongresurako ere. Udal hauteskundetan lantzen hasi ginen EB-Aralar koalizioa luzerako apustua zen guretzat, batez ere, ezkerraren aldeko ariketan konfiantza hartzeko, benetako alternatiban sakontzen eta gizartean gorpuzten joateko.

Zure ildoak zer proposatzen du?


Esan bezala, gure nortasuna ez galtzea. Hiritarren partaidetza kudeatzea, autogestioa. Gure programa mantentzea: programa, programa, programa...

Julio Anguita zaleak zarete beraz...


Bai. Finean programan islatzen da gure nortasuna. Egia da oso zaila dela, koalizioan ari zarenean, adibidez, hemen Odon Elorzarekin –nahiz PSEko kide berezia izan– akordioetara iristea eta zure nortasunetik ezer ez galtzea, zuk nahi duzun guztia beti egitea. Baina programari fidela izateak laguntzen dizu indartzen eta handitzen joatea, zure argudioak zabaltzea. Beste alderdien programan gure irizpide politikoak ikustea lorpen handia da guretzat. Donostiako Udalean beste alderdien izaeran gure jarrera sartuz doala ikusi dugu. Adibidez, EAJ oposizioan dago eta batzuetan gure iritziekin bat egin du. Gobernuan zaudenean –EAJren kasua da– besteen jarrerak erraz baztertzen dira, noski.

Zein da Oskar Matutek lideratzen duen ildoaren abala edo bermea?


Izen ezagunez harago, herrietan lanean ari diren pertsonak gara, laguntza gutxirekin eta geure esfortzuari esker. Oso jende garrantzizkoa da EBren proiektuan. Herri eta auzoetan jendearekin arituz eta politika eztabaidaren bidez gauzatuz, diskurtsoa gizartean zabaltzea eta bertan eragitea da gure asmoa. Barrura begira berriz, tokiko biltzarrek alderdian leku gehiago izatea nahi dugu, bestela EB alderdi presidentzialista bihurtuko da.

Javier Madrazoren ordezko ikusten al duzu Oskar Matute?


Ustekabe handia litzateke. Hasteko Madrazoak tranpa egin duelako. Alderdiaren errolda puztu du. Kideen %25 gehiago sartu du errolda berrian, delegatu berriak. Hauetako %60ren botoa behar duenez, aparatua indartu du bere burua hautatua izateko. Alde hori ari da zorrotz lantzen eta zaintzen.

Jokabide horrek kolokan jar dezake EB?


Ez dakigu nola bideratuko den biltzarra. Jendearen asmoa eztabaida naturaltasunez bideratzea eta arauaren barruan jarraitzea da. Azken unean ikusiko dugu honek guztiak zer eragin izango duen eta egingo diren gogoetak jendeak nola hartuko dituen.

Bien bitartean, nola ikusten duzu Eusko Jaurlaritzaren ibilbide orria?


Ibarretxeren konpromisoa da, hala edo nola aurrera ateratzen saiatzen ari da. Kontsulta egingo zela esan zuen eta eutsi egiten dio. Ez dakit zer gertatuko den. Nork daki? Eusko Jaurlaritzaren proposamena izateko ekimen politikoa oso pobrea da. Herritarrek ibilbidean sinetsi dezaten ekimenak eztabaidan gehiago sakondu behar du. Pauso sendoak emateko gehiengo baten akordioa behar da. Adibidez, gizarteak onar dezake kontsultaren emaitza, baina hauteskundeen ondoren Jaurlaritza aldatzen bada, emaitzak ez al du balio? Egia da ere alderdi handien inmobilismoa handia dela. PSE itxi da erabat, bere jarrera ez da onargarria.

Ibarretxe nola ikusten duzu?


Ahula. EAJko barne arazoak direla-eta, hasteko. Antza, eztabaida sakonak daude eta ez du bide erraza. Desilusio handia ikusi dut nire inguruko jeltzaleengan. Ibarretxe krisiaren erdian dago. Nire iritzia da, errespetuz esana.

EBko oinarriek eta boto emaileek ulertu dute lehendakariaren ibilbide orria?


Batzuek bai eta beste batzuek ez, oro har gizarteak bezala. Hori bai, gehienek esaten dute alderdi politiko batena dela, ez gure proiektua.

Erabakitzeko eskubidearena edo kontsulta egitea ulertu al dute, berriz?


Bai. Besterik da zein lehentasun daukan haientzat. Kontsultaren beharra ikusten dute, baldin prozedura garbia bada. Nire iritziz, akordio bat lortzea alderdien artean kontsulta bideratzeko utopia da egun. Ez naiz kontra, urrun gaudela esan nahi dut. Galdera egin ahal izateko, alderdien arteko adostasuna lortzeko, ardurak hartzen joan behar da, ariketa moduak lantzen. Herritarrak kontsultaren garrantziaz jabetzeko pedagogia politikoa egin behar da eta ez dut hori ikusten.


Bestalde, zer iritzi duzu Arrasateko udalean landu den mozioaz?


Manipulazio eta hipokrisia handia izan dela.

Noren aldetik?


PSEren aldetik eta EAJren aldetik ere bai. Nik ulertzen dut PSE jasaten ari den egoera gogorra. Baina lehenengo mozioan, PPk aurkeztu zuena, EBk alde bozkatu zuen. Horretaz inork ez du ezer esan. PSE ez zen joan eta EAJ... Ez zela unea esan zuten. Protagonismo kontua izan zen, borroka mediatikoa. Horrek guri kalte egin digu.

EBko Joseba Ugalde eta Ander Rodriguez zinegotziak abstenitu dira azkenik.


Euren jarrera errespetatzen dut. Prozedura oso garbia izan da, jendeak erabakia eztabaidatu du. Beraiek bizi dute hobekien Arrasateko egoera txarra. Ander gaztea da, baina Josebak urte pila darama Arrasateko Udaletxean. Nire errespetu osoa dute eta beste jarrera bat hartu izan balute ere bai.

Gaspar Llamazaresek gertatuaz esandakoak berriz...


Llamazaresentzat zaila zen egoera kudeatzea. Baina bazeukan esan dituenak ez esateko argudio nahiko. Bere kideek txirla baten sentsibilitatea dutela esatea, udaletxean tragatu dutena tragatuta! Llamazaresek esandakoa umiliagarria, desleiala eta errespetu gabekoa da. Iragan urteetako bere diskurtsoa oso sendoa izan da PPren aurrean, ez du amore eman. Oso kritikatuak izan gara. Horregatik ez dut ulertu Llamazaresen jarrera, berak sufritu ditu gehienbat Madrilen eztabaida politiko honen ondorioak.


Garzonek ANVko Ino Galparsoro alkatea espetxeratu du. Harritu al zaitu?


Zoritxarrez gaur egun ezerk ez gaitu harritzen. Mingarria da justizian ez sinetsi ahal izatea, politikaren menpe egongo dela beti pentsatzea. Ea noiz gainditzen dugun egoera! ANV gobernatzen ari da legeek baimenduta. Oso zaila da ulertzea eta koherentzia baten barruan onartzea Garzonek hartzen dituen neurriak. Tristeena da jendea kezkaz bizi dela, hurrengoan ETAk nor hilko duen edo Garzonek nor espetxeratuko duen beldur.
“Monpaseko pasabideari bai, baina nolakoa ondo zehaztu ondoren"

Herritarren partaidetza eta auzoetako ordezkaria zara, obren arduraduna. Zer iritzi duzu Donostiaz?


Donostia guztia ez da berdina noski, ezberdintasun handiak daude erdialdearen eta auzoen artean, baita bizi mailan ere. Oso hiri garestia da, ez etxebizitza bakarrik, bizimodua garestia da oso. Gure ardura alde hori lantzea da, gutxiago duenak gehiago eduki dezan eta alderantziz, ezberdintasunak gutxitu aldera. Ezberdintasuna bertakoen artean ageri den arren, probintziatik erostera edo kanpotik turismoa egitera datorren jendeak alde hori areagotzen du. Arazo honi aurre egitea da gure zeregin nagusietako bat.

Auzoak eta erdialdea: Donostiaren bitasun aipatua.


Bai. Eta auzoak oso biziak dira eta behar handiak dituzte. Eguneroko Donostia da garrantzizkoa niretzat. Inbertsioak egiten ari gara erdialdearen eta auzoen arteko ezberdintasunak mugatzeko, eta badago zeregina. Gai larriena etxebizitzarena da, etxe babestuen politika eskasa izan da, gutxi egin da. Plangintzak badaude, baina ez dira gauzatu oraindik. Hemendik urte batzuetara arazoa gutxitzea espero dugu, etxeak egingo direlako eta bereziki auzoetan. Bi proiektu daude abian: Auditz Akular, Altzan, eta beste bat Antondegi, Martutenen.

Garraio sistemak eman du zer esana.


Kritika asko izan da, arrazoizkoak. Instituzioek ez dugu elkarrekin adostuta lan egin, hasteko. Udalen eta diputazioaren arteko koordinazioa oso beharrezkoa da. Donostiak politika bat egin dezake mugikortasunaren gainean, baina Pasaia, Errenteria edo Hernaniko beharrak kontuan hartu behar ditu. Ez da eskualdeko ez probintzia mailako ikuspegirik izan, eta hori landu behar dugu. Autobusekin hasi dira lanean baina Gipuzkoan dabiltzan autobusak ez dabiltza Donostian. Donostiakoa garraio publikoa da, ez dago pribatizatua, eta jende gehiena probintzian mugitzen da. Koordinazio falta da. Txartel bakarrarena iruzurra izan da. Bada zereginik.

Monpaseko oinezkoen pasabideaz zer iritzi duzu?


Gure udal taldean aldeko eta aurkako jarrerak daude, EBn zein Aralarren, proiektua ontzat jo dutenak eta erresistentzia jartzen diotenak. Gure taldeak akordio bat onartu du pasabidea egiteko, Odon Elorzarekin hitzartua nolabait, zer motako pasarela izango den zehaztu gabe dago. Ingurumenean eraginak ondo aztertu ondoren zehaztuko dugu. Garrantzizkoa da informazioa herritarrei ematea, erakusketa horretarako dago. Proiektua ondo landuz gero, ingurumena zainduz, ez zaigu iruditzen naturan eragin horren bortitza izango denik.

Azkenak
Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude