Txagostarrek etxera nahi dute baina han kaserna dago

  • Londresko auzitegiek azkenean erabaki dute 1965 arte britainiarren kolonia izandako Txagos artxipelagoko biztanleek etxera itzultzeko eskubidea daukatela. Egunen batean lortzen badute herriratzea, umetan kopra palmondoz betetako uhartea militarrez, hormigoiz eta atzerritarrez beteta aurkituko dute.
Txagostar erbesteratu bat
Txagostar erbesteratu bat
Txagos artxipelagoa Ozeano Indikoaren erdian dago galduta. Mapan aurkitzekotan, ipini atzamarra Indiaren beheko erpinean eta hortik 1.000 milia edo 1.600 kilometro jo hegoaldera. Edo jarri Afrikan Kenyako kostaldean eta hortik ekialdera zuzen 3.000 kilometroz nabigatu. Itsaso zabalaren erdian barreiatuta dauden 55 uharte txikik osatzen dute Txagos artxipelagoa. Hiru uhartetan baizik ez dira bizi izan gizakiak, eta horietan Diego García da irla nagusia.

XVI. mendean Vasco de Gama portugaldarrak aurkitu zituen lurrok, ordura arte gizakiek ukitu gabeak. Beranduago frantsesek berenganatu zituzten, Maurizio izeneko koloniaren barruan ipiniz. Gero 1810ean Britainia Handiak kendu zizkien frantsesei, eta orduan hasi zen Diego García, Solomon Island eta Pero Banho uharteen benetako kolonizazioa, ordura arte esklabo bakan batzuk ez zituzten-eta ekarriak. Gaurko txagostarrak Madagaskar, Mozanbike, Maurizio eta India hegoaldetik iritsitako nekazarien askazikoak dira.

150 urteren buruan txagostarrak 3.000 izatera iritsi ziren, eta arrantzan aritzeaz gain nagusiki kopra zen haien bizimoduaren funtsa, oliotarako esportatzen zuten kokoa. Baina 1971n Txagosetako jende guztiak kanporatu egin zituzten britainiarrek, bertan amerikarrek eraiki zezaten Ozeano Indikoan daukaten base handia. Txagostarrek ekin zioten etxera itzultzeko eskubidea auzitegietan aldarrikatzeko kalbariobide luzeari eta mila gorabeheraren ondoren apiril honetan eman die arrazoi Londresko Lorden Ganbarak.

Garaipen hau baino lehen, 2006ko martxoan, ziento bat txagostar inguruk izan zuen sorterria bisitatzeko aukera. Orduan Minority Rights Group buletinak eta The Guardian egunkari ingelesak eman zuten albistea. 2000.ean irabazi zuten lehenbizikoz ostera herriratzeko eskubidea, baina Londresko gobernuak apelazio berriak asmatzen zituen. Hala ere, ehun txagostarrok egun bete pasa ahal izan zuten Diego García uhartean, birrindutako etxe eta soroak ikusi, arbasoen hilobiak ikusi eta penatuta itzultzeko Mauriziora.

Bidaiariotako askok umetan utzitako uharte txikian deus gutxi zegoen zutik lehen zegoenetik. AEBetako armadak Diego Garcían daukan base erraldoiak aldatu du dena, aireportuaren pista, eraikin berri, militar eta hauen zerbitzuko ari diren 3.000 langile kanpotarrekin.

Diego Garcíaren argazkiak erraz aurki daitezke, baina Londresko gobernuak antza ez zuen nahi herritarrek bertatik bertara hura ikuskatzerik. Txagostarrak joan ez zitezen, aitzakiarik harrigarrienak erabili zituen Tony Blairren gobernuak. 2000.ean, turistentzako leku arriskutsua zela, eltxo arriskutsu asko zegoelako. 2004an berriz oso gutxitan erabili izan den kolonialismo garaiko lege bitxi bat usatu zuen, epailearen erabakiaren gainetik gobernuari erabakitzeko baimena ematen ziona.

Azkenik nola edo hala egin zuten herriminez betetako txangoa, eta lehen urrats hura orain osatu da legez bederen asaba zaharren etxera itzultzeko eskubidea aitortu zaienean.

Bahitu ondoren britainiar nonbratu

2006ko txango labur haren osteko kronika The Guardian eta Le Monde egunkarientzako Sarah Tisseyre-k egin zuen. Maurizioko Port Louis hiri inguruko txabolategi batean bizi den Lisette Talate amonarekin mintzatu zen, adibidez. Honek gogoan ditu 1971ko gertakizunak: “Egun batetik bestera gizon bat azaldu zen esanez Diego saldu zutela eta guk alde egin beharra geneukala”. Baina beren herio zigorra 1961ean sinatu zuten ingelesek.

Gerra Hotza beroenean zegoen. Sobietarrek Ozeano Indikoan indar hartuko zuten beldurra zegoen, eta Washingtonek eta Londresek tratua egin zuten: britainiarrek lurra jarriko zuten base militar handi bat egiteko eta ordainetan amerikanoek Polaris misilak prezio berezian salduko zizkieten.

Laster, 1965ean, Maurizio uharteei independentzia eman zieten ingelesek, baina Txagos metropoliaren zuzeneko agintepean geratu zen. Amerikanoekin hurrengo urtean sinatu zuten tratua, Diego García 50 urterako alokatuz, 20 gehiagoko epe gehigarriaz.
Bertako biztanleek deus ez zekiten eta kopratan segitzen zuten lanean, ehun urte lehenago bezalatsu. Ingelesek nazioartean propaganda kanpaina hasi zuten, txagostarrak urtero uzta garaian ekartzen zituzten langile moduan aurkeztuz. Diplomazia britainiarra ondoko urteetan saiatu zen Txagos Nazio Batuen Erakundearen agendatik kanpo edukitzen.

Herritar asko oharkabean kanporatu zituzten. Gaur txagostarren liderra den Olivier Bancoult-ek, adibidez, zortzi urte zituen 1968an bere familiarekin Mauriziora joan zenean medikutara, bere arreba gaixo zegoelako. Ez zieten itzultzen utzi. “Arreba bi hilabeteren buruan hil zen eta Pero Banhosera bueltatu nahi genuela esandakoan, ezinezkoa zela erantzun ziguten”.

Beste asko era berdintsuan aurkitu ziren etxeratu ezinik, Seychelleetara edo Mauriziora edozein enkargu edo ospakizunetara joandakoan. Alde egin ez zuten gainerako txagostarrak, 1971tik 1973a bitartean kanporatu zituzten.

Diego Garcíako base militarrean amerikarrek milioika dolar asko gastatu dituzte. Esan daiteke gaur Diego García yankien
itsasontzi erraldoi bat dela. Bertatik antolatu dira 1991ko Golkoko Lehen Gerrako bonbaketetarako hegaldiak, berdin 2001etik aurrera Afganistan eraso zutenak, eta geroago Irakeko konkistan erabilitako asko.

Hiru mila langile zibil ari dira gaur base horretan, gehienak Mauriziotik eta Filipinetatik ekarritakoak. Bitartean, txagostar gehienak Maurizioko txabolategi txiroenetan bizi dira, talde batzuk Seychelleetan eta banaka batzuk Londresen. Maurizion daudenetako asko analfabetoak dira, langabezian daude ezin egokiturik bizileku berrira. “Hemen gure haurrak –esan dio Lisette Talatek kazetariari– drogarekin eta kriminalitatearekin nahastu dira. Ikusi 37 urteko nire seme hori, langabeziagatik edanari eman dio”.

Londresek azken aldian txagostarrei britainiar nazionalitatea eskaini die. 2000.etik gaurdaino milako batek onartu dute pasaporte britainiarra, 8.000 herritarrek osatzen duten taldetik. Tartean Bancoult liderrak. Aldiz, beste batzuk irtenbide horren kontra daude. Port Louisen diharduen Txagostarren Ongizatearen aldeko Komiteak adibidez uste du naziotasun britainiarra onartzeak historiari uko egitea dakarrela. “Txagostarrak Maurizioko herritar dira, eta etxera itzuli nahi badute Maurizioko gobernuari laga behar diote bere subiranotasuna berreskuratzeko negoziatzen”.

1980tik Mauriziok Txagos artxipelagoa bere zati dela aldarrikatzen du NBEan. Eta amerikarren base militarra? Dagoeneko inor ez da ausartzen Diego García itxuraldatu duen obra erraldoia bertan behera uzteko eskatzen. Herritarrak militarren ondoan bizi daitezkeela diote, eta behar izanez gero haientzako lan egin ere bai.
Informazio gehiago

Azkenak
Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?

Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]


“Udalak onartu duen HAPOaren ondorioz, Kabia egoera ezegonkorrean dago”

Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]


Anestesia, Delirium Tremens, Zea Mays, Talco, Zetak eta Naxker Hatortxu Rockeko iragarpen berrien artean

24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.


Izaki Gardenak
Kantuak euria atertu zuenekoa

Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.

-----------------------------------------------

Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]


Trumpek gelditzeko eskatu dio Putini, eta Errusiak dio bake akordiorako ia prest dagoela

Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi... [+]


Eguneko zentro publiko baten beharra aldarrikatu dute Uribe Kostako herritarrek

Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.


2025-04-25 | Enbata
Herriek (ere) asko egin dezakete euskararen alde

2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]


2025-04-25 | Aiaraldea
Baso Erresilentea proiektua martxan, mendietako jasangarritasunaren mesedetan

Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.


Frantziako lehen ministroaren alabak ere salatu du “bortizki jipoitu” zutela Betharramgo ikastetxean

Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Espainiako Gobernuak atzera egin du Israelgo balen erosketan

Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.


‘Elgarrekin’ lelopean ospatuko dute aurtengo Herri Urrats maiatzaren 11n

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.


Aurrekontu militarren handitzea salatzeko bizikleta martxa egingo dute Bilbon

Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]


Artzain Egun jendetsua, Ordizian

Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.


Eguneraketa berriak daude