Edu Zelaieta
Aspaldi iragarri zuen Nietzschek jainkoa hila zela, ordura arteko kontzientziari lur eman zekion eskatuz. Umezurtz utzi gintuen deskubrimenduak. Sinesgabe eta bizitza bakarreko.
Mundu honetara jaulki gintuen XX. mendeak ederki erakutsi zigun ez dagoela ideologiekin guztiz fidatzerik: boterea iritsi duten ideologia guztien izenean krimen lazgarriak egin dira; hastapenetako xedeak, ustez, ezin bidezkoagoak eta humanoagoak baldin baziren ere.
Egia da, beraz: erori dira mitoak/erori dira heroiak/erori dira aberririk sakratuenak. Ongi finkatutako zuhaitzaren irudiak ez digu dagoeneko balio, ez bada, esateko sustraiak bezain korapilatsuak garela; argi-lunetan biziko garela lur hartu bitarte. Hala ere, euskarri finkorik ez izanagatik, ez dugu ahul edo hauskor agertu nahi. Are gutxiago miserable: zintzo eta on bizi gara gure eta besteen begien argitan.
Nolanahi den, tontor erorien ondoko panorama inoiz baino zailago eta interesgarriago dakusat. Berriz diot: zaila bezain interesgarri. Horregatik, kontent, irriz edota, zer dakit nik, zorionak sei hilabeteko utzi banau, ez etorri pesimismoz edo zinismoz kargatutako armekin. Haurdun egonda ere, bai baitut munduaren berri.