argia.eus
INPRIMATU
Ondoeza
2013ko maiatzaren 02a
Xabier Oleaga
Xabier OleagaDani Blanco
Aste honetarako artikulua enkargatu zidan Mikelek martxoaren 28an, egoera politikoaz aritzeko, eta ondoeza sortzen zait bat-batean. Alde batetik martxoaren 8aren aurretik eta ondorengo egoeren artean bi dira bakarrik garbituta geratzen diren inkognitak, herri honen hegoalderi dagokionean. Bat, orain jada Zapatero hauteskundeen irabazle dela. Bi, ez duela oraingoz gurekiko gatazka bere lehentasunen agendan jarri nahi.

Gainerako guztiak bere horretan jarraitzen du. Zapaterok irabazten badu eta, ondoren, nahi badu. Otzare bakar horretan zeuden gure esperantzaren sagar guztiak jarrita. Ez iezadazue esan patetikoa ez denik: norbere esperantzak bestearen ekimenen zain.

Salbuespena egitekotan, bakarra: erabakitzeko eskubidearen inguruan Ibarretxek egindako bide-orria. Baina hori ere, orain arte behintzat, arazoz beterik. Espero zenengandiko arbuioaz aparte, bere alderdiaren bihotza, bi zatitan banatuta. Ezker Abertzaleak, aitortzen dizkio merituak, baina ez mesfidantzak gainditzeko haina. ELAk, bete-betean esan dio ezetz. Hala ere hori da une honetan mahai gainean dagoen ekimen bakarra. Bere inguruan indarrak metatzeko gai izango ote den, horretan dago koska.
Eta hori ez bada, zer geratzen zaigu? Arrasatekoaren pasarte hasieran dramatiko orain nahaslea? Horren antzekoak dira espero ditzakegun emozio bakarrak? Gehiago usteldu behar du oraindik egoerak zerbait ganorazkoa gorpuztu dadin?

Eta ondoezaz ari naizenez, nahiz eta errealitatearen beste mutur batera joan, ez dut ezikusiarena egingo apirilaren 20ko ARGIAn Kultura sailburu eta Jaurlaritzaren eledunari egindako elkarrizketaren aurrean. Por alusiones esan ohi den bezala, Egunkaria auzian eskuak –eta etorkizuna– lotuta dituen horietakoa bainaiz.

Gaizki hasitakoa ezin ondo amaitu, edo, beste modu batez esateko, orduko hautsetik oraingo lokatza. Afera honen muinean dagoen zorigaitzeko iritzi artikulua bere garaian argitaratu gabe uzteko argitasuna ez izateagatik, orain erredakzio desberdinetatik paseoan dabil nor eta sailburu anderea bera pertsonalki, gaur deklarazioak bihar zuzenketak, Jaurlaritza Baztarrikarekin ala Baztarrika Jaurlaritzarekin ote dagoen, galimatias jada zorionez gainbeheratua, esplikatu ezinik, berak sortutako labirintotik atera ezinean.

Izan ere, agintean dagoena erraz sartzen da subsidiatutako erredakzioetan, gaur egun denak horrelakoak izanik. “Pozten nau elkarrizketa honek, pozten nau galdera hori egin izanak”, arazorik gabe korapilatzen ditu erredakziook bere interesetara, zer esan, noiz, non eta zertarako erabaki duenean, bereziki kazetaritzari datxekion –omen– kontzientzia kritikoa eta heldutasun profesionala urriak diren garai hauetan. Ardura instituzionalari berari eta kazetariaren ofizioari diedan errespetuagatik, ikuskizun tristea iruditzen zaidala ezin barruan gorde. Gaitzerdi, dena honetan geratu eta eguna iritsita kalte handiagoa ez badakarkigu.