argia.eus
INPRIMATU
Amatasun sakralizatuari jarriak
Ainhoa Agirreazaldegi 2013ko maiatzaren 02a
Ainhoa Agirreazaldegi
Ainhoa AgirreazaldegiXDZ/ Alberto Elosegi
I

Haurdun nagoela
jakin dudanetik
nire betebeharrez
maiz pentsatu dut nik.
Baldintza berri asko
daudela badakit
ama ona izateko
lehen egunetik.



II

Gauzak gal litezkeenez
nire oroimenean
blog baten jasoko dut
dena zuzenean
arreta jarriz kontu
nimiñoenean...
Gero eskertuko du
heldua denean.



III

Nahiz kezka ta interesak
baditudan pranko
utzi behar ditut nire
bizitzatik kanpo
ta yoga pixkat ere
probatu beharko
haurrak ama lasaia
behar duelako.




IV

Pare bat ikastaro
polittak badaude...
Gero egin naiz hogei
libururen jabe...
Ez dut eman nahi pauso
txikiena ere
teorizazioak
ezagutu gabe.



V

Biok musika entzunez
haurrak zenbat bake
luze hitz egingo diot
“txiki, polit, maite...”.
Ta ez dezan sentitu
nagonik aparte
bularra emango diot
bi urtetara arte.



VI

Baina nora noa ni
ai ama, ai ama!
Haurrarentzako egin
behar badut dana!
Zeinek ahantzarazi
nahi dit iragana,
ama izan aurretik
pertsona nintzana?

Doinua:  "Ama Euskal Herriaz"