«Zoritxarrez, ez dituzu zure erosleak hautatzen»

  • Agertzea gustatzen ez zaiolako pintatzen ditu besteak, baina besteak pintatzen dituenero agertzen da bera. Artea esaten diote askok. Lotsa, berak.
Mattin Partarrieu
Mattin PartarrieuGaizka Iroz

Haurtzaroari so, bere bizitza artelan bat zela ohartu zen poeta.


Lau urte nituela aldatu ginen Hazparnetik Parisera. Hazparnen, aita zapataria zen, eta bi sos gehiago irabazteko gauez zapatak egiten eta konpontzen oroitzen dut. Harrigarria da nola ez dudan Parisera heldu gineneko gomuta zehatzik, euskara elebakarrean mintzo nintzela baizik ez. Fite hasi ziren autoritateak gurasoei hola ezin zela, horrekin bukatu behar zela, eta ez zidatela gehiago euskaraz hitz egin behar esaten. Iritsi berri, abarketan lastoa, gure aitak dena irentsi zuen, eta nire gurasoek ez zidaten gehiago euskaraz hitzik egin.


Zu ez zapatari, ez poeta...


Nik musikaria izan nahiko nukeen. Belarria badut, baina besterik ez. Segur aski berezko dohain batzuk falta zitzaizkidan. Ez gara denetan onak baina ezta ezertan inutilak ere. Denek dakargu bideratzen gaituen zerbait. Izan liteke pintura, musika... Ni, adibidez, perretxikotara joaten naizenean beti joaten naiz gora begira, eta jakina, nire ingurukoek saskia betetzen duten bitartean nik ez dut sekula onddo bat bildu. Berezko dohain batzuk ditugu, aldatu ezin direnak.


Zurea, pertsonaiak marrazteko dohaina da.


Nik marrazkia nahiko berezkoa dut baina lan anitz egin behar izan dut. Izigarri. Bederatzi urte nituenetik segitzen ditut gaueko ikastaroak. Betitik jakin dut pintatu nahi nuela, eta betitik egin zaizkit pertsonaiak paisaiak baino erakargarriagoak. Horren gibelean, pertsonaien bidez paisaia erakusteko nahia dago, testuinguru dekoratu bihurtzeko nahia.


Begiak beti ehizan beraz…


Horregatik naiz ostatuzale amorratua. Ez dut sekula kafea etxean hartzen. Nahiago dut terrazara joan nire arkatz eta blokarekin, eta deigarria edo interesgarria zaidanaren krokisa marraztu. Jende desberdinaren elkartzeak gustatzen zaizkit. Goizetan, adibidez, lanetik datozenak, lanera doazenak, edo besta bukatzen ari direnak atzematen dituzu nahasian. Biziki koktel aberatsa da, koadro andana dago hor.



Errazegia litzateke, alta, krokis oro koadro bilakatuko bazenu.


Oihal anitz desegindakoa naiz. Ontzat jotzen ditudanak baizik ez ditut zintzilikatzen. Pentsa, badira liburuetan argitaratu ditudan margoak geroztik desegin ditudanak. Egoera ez dudala ongi interpretatu edo lehen planoa ez dela egokia sentitzen dudan unetik ez dut gehiago lana jasaten, desegiteak minik ez emateraino. Erakusketa bakoitzaren osaketak erabat asebete behar nau, bestela...


Zer da, zapatariaren perfekzionismoa?


Gure aitak itsatsi zidan txikitan gustatzen ez zitzaidan diziplina hori. Nik orduan jolas egin nahi nuen, eta gogoan dut berarekin brikolatzen hasten nintzenean biziki zorrotza zela. Ni ere kakingarritzat naukate denek. Adibidez, azken afixa inprentako akats baten erruz ezin izan dugu nik nahi bezala atera. Inprentakoak jendeari asko gustatzen zaiola esaten dit, baina jendeak ez du orijinala ikusi eta nik orduak eta orduak pasa ditut horretan, beraz...


Ohartzen da jendea obra bakoitzaren gibelean dagoen lanaz?


Nik egunero egiten dut lan, igande zein aste. Parisen nagoenetan, bakarrik bizi naiz ene atelierrean. Bi apartamentu desberdinetan bizi gara ene bikotea eta biak, hola gauez lan egin nahi badut, altxa eta ekiten diot. Euskal Herrian, elkarrekin bizi gara eta lanerako desmartxa arras desberdina da. Adibidez, iluntze batean promenatzera atera, itzuli, eta ezin naiz lanean hasi. Ohartzen naiz ez naizela beti jasan-erraza. Goiz batez jaiki eta lan egiteko gogoa badut, izigarri kostatzen zait lana uztea, nahiz eta bikotearekin aspaldiko asmo bat aurreikusia izan. Laster, Balear uharteetara goaz bakantzetara, eta hara ere hiru oihal eramanen ditut bertan lan egin ahal izateko.


Lanarekiko obsesioa da, eskua galtzeko beldurra...?


Behar bat da. Urtean behin soilik uzten diot pintatzeari, lagun talde batekin Kreta uhartera joaten baikara ibiltzera, eta hara blok bat besterik ez baitut eramaten ahal. Baina amorratzen egoten naiz itzuli eta pintzelak eskutan hartzeko. Berriz diot, behar bat da, irribarrea sortzen didan behar bat. Pentsa, orain lau urte jaso nituen erretirorako paperak eta ez ditut ukitu ere egin. Erretreta hartzen badut biharamunean zulora joateko izanen da.


Erretretako paperak eskuan, nola oroitzen duzu aitari pintorea izanen zinela esan zenionekoa?


Esan orduko desanimatzen saiatu zen eta aitari kasu egin diodan lehen aldia izan zen. Kontua da, ordurako aitak prentsan lan egiten zuela, eta bere kazetan sarrarazteko modua zuela. Garai hartan ofizio batekin sartzen bazinen hiru oren lan egiten zenituen. Aitak garbi esan zidan ikasteko ofizioa, ene hiru orenak egiteko, soldata ona segurtatu, eta denbora librean pintatzeko. Kasu egin nion eta ez naiz batere damutzen. Hamar urtez egin dut lan prentsan, goizez edo arratsaldez hiru oren sartu, eta handik landa pintatuz. Baina memento batetik goiti ez zen aski. Zorionez, prentsaren krisia baliatu nuen finikito on batekin kanporatua izateko, eta diru horrekin ene lehen tailerra erosi ahal izan nuen.

Ez zen erabaki erraza izanen.


Enetzat izigarriko xantza da maite dudan eta hautatu dudan hortaz bizi ahal izatea. Baina gogoa behar da. Animaleko gogoa. Hamar urte egon naiz ez gizarte segurantza ez deus. Neuzkan diru sarrera apurrak ene oinarrizko beharretarako ziren. Hautu bat zen. Ez zait sekula deus eskatzea gustatu. Joan nintekeen Restos du Coeur [beharra dutenei jaten ematen dien elkartea] eta halakoetara. Baina ez, beti saiatu naiz ene gisa moldatzen. Sakelako zuloek behartu nautenean, lan komertzialagoak egin ditut, egun eginen ez nituzkeenak baina jaten eman didatenak. Egun badakit bidearen zati handiena egina dudala, baina ezin naiz engainatu, egun batetik bestera dena eror daiteke.

Erosleen menpe zaude?


Suposatzen da artelan bat erosten duenak gainontzekoa badaukala. Edozeinek ezin du 4.800 euro balio duen obra erosi. Horregatik ez dut ene kuota igotzen saiatzeko asmorik. Alderantziz. Garestia iruditzen zaidan prezio batean segitzen nauen bezero batzuk dauzkat, eta ez dut gehiago zigortu nahi. Nik ez badut sufritzen ene bezeroek sufritzen ez dutelako da.

Zure lanetan agertzen diren presoen aldeko ikurrak, Seaskaren egutegiak, Euskaldunon Egunkariak, edo euskal selekzioaren aldeko pegatinek eragiten dute salmentetan?


Eragin izan dute. Baina ez litzaidake gustatuko batzuen gustukoa izatea. Alliot-Marie galeriara datorrenean, agurtzen nau, baina gero ez naiz bere gibeletik joaten nire koadro bakoitza esplikatzera. Ez zait interesatzen. Anitzetan ezinezkoa bada ere, nihaurek hautatu nahi dut noren paretetan zintzilikatuta egonen diren ene lanak. Zoritxarrez, ez dituzu beti zure erosleak hautatzen.


Zure lanetan nor zaren eta nondik heldu zaren erakustea erosleak hautatzeko modu bat da?


Xantza handi bat dut, keinu eta ikur horien bidez gure herrian gertatzen dena pasarazi nezake, euskal arazoaz interesatuak ez direnak galdezka jarri. Koadro bat egunkari orri bat da, nonbait. Adibidez, gaur egunetik begiratuta ikastolak berez sortu direla iduri du, baina ni oroit naiz Hendaian CRS-ak igortzen zizkigutela muturra xehatzera lokalak galdegiten genituelako. Hori ez da ahantzi behar. Ez dut borroka horiek ahanzterik nahi. Trenera askoz berantago igan direnen diskurtsoak entzutean, giltzak heiek eman dizkigutela iduri du. Hori ez da hala, baina hortaz jabetzeko nondik heldu garen jakin behar dugu.


Zuk zure euskaltasuna erakusten duzun gisan anitzek nahiago dute gorde.


Hori tristea da, tamalgarria. Euskaldunaren etsai handiena euskalduna da. Denak ados bageunde, denek arazoari adarretatik heldu nahi bagenio, hau aspaldi konponduta zegoen. Gogoan dut, Parisen, Allende Boutin-ekin lehen gau-eskolak sortu genituenean, Euskal Etxeko zuberotar guztientzat bonba pausatzaileek baizik ezin zitzaketela Parisen euskara ikastaroak galdegin.... Gaur arte.


Gisa berean, modernoak ez du deus jakin nahi iraganaz...


Bi existentzia moten arteko trantsizioaren parte izateko zorion eta zoritxarra izan dut. Alde batetik, denek ezagutzen dugun egungo bizitza modernoa, eta bestetik karro eta gurdien mundua. Gure belaunaldiarekin historiako hiru mende desagertu dira. Horren lekuko naiz ni. Hori ikusi eta eskaintzeko xantza dut, hemendik landa ikusiko ez ditugun eszena horien testigu izan naiz. Hori da erakutsi nahi dudana, beste inongo pretentsiorik gabe.


Noizbait, zure obretako ostatuak egun gurdiak ikusten ditugun begiekin begiratuko dituzte zure erosleek?


Enetzat ostatua lagunarterako gunea da. Azkenaldiko legeekin askatasun indibidualak urratzen ari gara. Ni ez naiz erretzailea baina Frantziako Estatuan erretzaileak tabernetatik kanporatu dituzte. Ene ustez, gutxienez, nagusiak hautatu beharko luke bere lokalean erre daitekeen ala ez. Bestela nora goaz? Orain arte, lanetik landa jende anitz joan izan da ostatura trago bat hartu eta zigarreta bat pipatzera. Ezin bada erre, elkartze gune horrek ez du izateko arrazoirik izanen, eta pixkanaka desagertuko da.


Inoiz desagertuko ez dena artista zenbaitek beraien obrak esplikatzeko duten joera da.


Eni ez zait gustatzen. Pentsa, askotan oihalei titulua ere ez diet nihaurek ezartzen. Ene ustez, obra batek sentiberatasuna eragin behar du. So dagoenak agian ez du pintoreak erakutsi nahi izan duena ikusiko, baina oso ongi da hala. Horregatik ez dut ene lanak esplikatzen ibili nahi. Gainera, ene pinturak ez du azalpen handirik behar, non ez den aldarrikapen ikur bat edo beste.


Hori hala, zentzua du kritikak?


Kritikarientzat segur aski. Ikusgai den oro beti izanen da kritikatua. Gustukoa ez izateko eskubidea dugu, eta kritikari ez bazaio ene lana gustatzen esan dezala. Enetzat ez da garrantzitsua. Gainera kritika anitz erosiak daude. Pintore batzuk bankuen babesarekin sartzen dira merkatuan, eta bankuek izen horien inguruan espekulatzeko erabiltzen dute. Baina tira, zorionez nik oso-oso urrunetik bizi dut hori.


Hil aurretik, bere artelana bizitza zela ohartu zen pintorea.


Sentitzen nuena egin dut, sentitzen nuelako. Jendea hortaz konbentzitua egotea anitz da jadanik. Baina ez dut oraino ene azken hitza esan. Hemendik aitzina eskultura gehiago egin nahi nuke. Garai batean, diru gehiago izan banu, agian pintura baino gehiago landuko nuen eskultura.
Nortasun agiria
Hazparnen (Lapurdi) sortu zen 1946an, baina 4 urte zituela, bere sendia Parisera aldatu zen. Hubert pintore sonatuaren tailerrean, Montparnasse-ko goi-mailako eskolan, eta Vergeaux eta Chamfleury-ko tailerretan ikasi zituen pintura, grabatugintza eta litografia. 1970ean pintore gazteentzako Malakoff saria irabazi zuen, eta 1981ean Lutec akademiako urrezko domina jaso. Geroztik artearen munduko hiriburu esanguratsu anitzetan izan ditu bere lanak erakusgai.
Paper beltza
“Bost urterekin haur marrazki txapelketa batean parte hartu nuen. Ipuin bat ilustratu behar genuen eta horretarako paper beltza hautatu nuen. Pintore ospetsuak ziren epaile eta luzaz hitz egin zuten marrazki horri buruz. Harrigarria zitzaien bost urteko haur batek paper beltza hautatu izana. Egia esan, gaur egun ere, ez dakit zergatik hautatu nuen”.
Ordena
“Lanerako orduan, gauza bakoitza bere tokian ukatzea gustatzen zait. Antolatutako bordela da enea. Bordela, baina antolatua. Bakoitzak dauka bere lan egiteko modua”.
10 epetan
“Aurrekoan, smicar bat –gutxieneko soldata irabazten duena– etorri zitzaidan, erabakia hartzen eta dirua aurrezten urteak pasa eta gero, obra bat 10 epetan eros zezakeen galdezka. Hunkituta gelditu nintzen, zoragarria izan zen”.
Izan nahi badu
“Haur batek pintorea izatea deliberatzen badu, eta benetan hori izan nahi badu, izanen da egunen batean. Oztopo batzuk gainditu beharko ditu, baina izanen da”.

Azkenak
EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren analisia aurkeztu du Gorbeialdeko Herri Unibertsitateak

EAEn, energia berriztagarriko instalazioak non jarri daitezkeen biltzen du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS). Plana osatuta dago, eta laster onartuko dute. Alabaina, zenbait adituk hutsuneak dituela ohartarazi dute, tartean, Gorbeialdeko Herri... [+]


2025-04-09 | Sustatu
UEUk aurtengo uda ikastaroen zerrenda finkatu du

UEUren 53. Udako Ikastaroak izango dira aurtengo udakoak. Zein jardunaldi eta ikastaro izango diren jakinarazi berri dute. Matrikulazioa aurrerago, maiatzean.


ANE LABAKA MAYOZ:
“Ama izatean bizitako zurrunbiloari hitzak jartzen saiatu naiz”

Ane Labaka Mayoz bertsolari eta idazleak ‘Hezur berriak’ (SUSA, 2025) poesia liburua plazaratu berri du. Bertan, amatu aurreko eta ondorengo hilabeteetan bizitako beldurrak, ilusioak, biolentziak, presio sozialak, erruak, pozak eta nekeak bildu ditu.


“Badaude diskriminazio egoera baten zantzu nahikoak, gutxienez eskatzen dutenak Debako liburutegian ikerketa bat aurrera eramatea”

Irati Aizpurua Alquezar abokatuak zuhurtziaz erantzun ditu ARGIAren galderak, eta testuinguru juridikoa eman digu, Debako udal liburutegian gertatzen denaren inguruan. Elkarrizketa zabal batean berriki kontatu dugunez, 2 urtera arteko haurrek galarazita dute Debako haur... [+]


Lekeitioko Udalak etxebizitza turistikoen lizentziak geldiarazi ditu

HAPOn etxebizitza turistikoak arautu eta mugatzeko aldaketa puntual bat egin arte eten egingo da herrian gisa horretako etxe gehiago irekitzeko aukera. Alokabiderekin hitzarmen bat egin duela ere iragarri du udalak, etxe hutsak alokairuan jartzeko.


Israelek eginiko beste sarraski bat atera da argitara: Rafahn hamabost osasun langile hil eta ondoren hobi komun batera bota zituen

Palestinako Ilargi Gorria larrialdi zerbitzuak baieztatu du gorpuei eginiko autopsiak erakusten duela soldadu israeldarrek tiro egin zietela medikuei. Hil aurretik osasun langileetako batek soldaduek eraso egin zien unea grabatu zuen mugikorrarekin, eta bideoan ikus daiteke... [+]


50.000 plakako zentral fotovoltaiko bat jartzeko proiektua aurkeztu dute Agurainen

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren bidez ezagutarazi da Cañaveras Solar enpresak egingo duela zentrala. Cañaveras Solar enpresaren zuzendaria Rafael Benjumea da, oligarkiako Benjumea familiako kidea. 15 milioi eurotik gorako kostua izango du proiektuak... [+]


Eskola publikoarentzako lehenengo plan estrategikoa aurkeztu du Pedrosak

“Etapa berri baten hasiera” eta “historikoa” moduko hitzekin aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoa, Eusko Legebiltzarrean. Edukiak oraindik ontzeko eta zehazteko daudela, plana hamar... [+]


2025-04-08 | ARGIA
Grebara joko dute Donostiako gizarte zerbitzuetako langileek

Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".


2025-04-08 | Bertsozale.eus
Gasteizko Pinto pintto taldea garaitu da Kuadrillartekoan
Urtarrilaren 18an hasitako 2025ko Arabako bertso Kuadrilla artekoa amaitu da, 14 bertso egun eta 4 finalerdiren ostean helmugara heldu da larunbatean ospatutako finalarekin. Bat bateko 14 talde izan dira eta talde bakoitza hamaika lagunez osatua egon da.

2025-04-08 | ELA sindikatua
Medikuen artean euskararen eskakizuna gaztelaniarena baino 47 puntu txikiagoa da Osakidetzan

Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.


Gaixo dagoen Gotzon Telleria euskal presoa etxeratzeko eskatu dute sindikatuek

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik... [+]


Hiru eguneko greba zikloari ekin diote Bridgestoneko Basauriko langileek, eta arratsaldean mobilizazioa egingo dute

Astearteko greba egunak %100eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera. Hilaren 11rako eta 15erako deituta daude beste bi lanuzteak. 335 langile kaleratu nahi ditu Japoniako pneumatikoen multinazionalak Basauriko (Bizkaia) plantatik.


Eguneraketa berriak daude