argia.eus
INPRIMATU
Plaza del dieciocho
Joxemari Ostolaza 2013ko maiatzaren 02a
Joxe Mari Ostolaza
Joxe Mari Ostolaza
De julio. Igandetan, Donostiako Kontxan futbol partida jokatu ondoren, ohikoa genuen parte zaharrera egitea. Han biltzen ginen talde ezberdinetakoak jokatutako partiden berri elkarri ematera. Txistu, Lagun Garbiyak, Xavier, CSA Bodegon Anastasio, Deportes Elizondo... Inoiz arbitroren bat ere topatzen genuen handik eta harekin izandako sesio bat baino gehiago akorduan dut. Ez zela penaltia, orsai zela. Mosto bat eta kito. Alditan, boxeo konbateak ere izaten ziren. Boxealariak, auzotakoak erdialdekorik ez. Eta batzuetan arratsaldetan ere, hura genuen biltoki txistulariak lagun eta neskak amets. Calfri eta Puertoko izozkiak gustuko autobusaren prezioan. Nora zoazte, nondik zatozte galderei, a eta “de la plaza de la Consti” genien erantzuten normal-normal. Inor gutxik esango zion “plaza del dieciocho de julio”, nahiz bagenekien ofizialki hura zuela bere izena. Constitución ere deitzeko zergatia, nik neuk behintzat ez nuen ezagutzen, denek hola esaten ziotenez ez nuen bestelako arrazoirik behar. Zizurkilen, bortxaz, demokratikoki erabaki dute Arregi eta Geresta zizurkildarren ahotik kentzea, memoriatik ezabatzea. Herritarrek dute erabakiko aurrerantzean plazari nola deitu. Eta nago, Joxe eta Ttotto ez dituztela hain merke salduko. Denbora lekuko.