argia.eus
INPRIMATU
Poltsa berrerabilgarriak
Plastikoa murrizteko eguneroko konpromisoa
  • Arrosak, horiak, berdeak, urdinak, gorriak… Poltsa berrerabilgarriek kaleak kolorez bete dituzte. Garai batean otar eta orgarekin ibiltzeko zegoen ohitura nolabait berreskuratuz, jendea erosketarako poltsarekin irteten da kalera. Horixe izan liteke plastikozko poltsak murrizteko abiapuntua.
Iure Eizagirre 2008ko apirilaren 28a
Poltsa berrerabilgarriak
Poltsa berrerabilgarriak
Plastikozko poltsa gehiegi erabiltzen dugula ez da kontu berria. Urteak daramatzagu erosketa egiten dugun bakoitzean zorroa etxeratzen, ingurumenari sortzen zaion kalteaz kezkatu gabe. Udalak eta udal elkarteak izan dira bereziki, azken aldian ardura hartu eta poltsa berrerabilgarriak sustatzeari ekin dietenak. Euskal Herriko hainbat herritan milaka poltsa banatu dituzte, doan.

Poltsak herri bakoitzean kolore ezberdinekoak izateaz gain, tolesgarriak dira. Horrela bermatu nahi izan dute eramailearen erosotasuna. Oihalezko poltsa berri hauek, ohiko polietilenozkoak baino gaitasun gehiago dute, pisu eta gauza gehiago eramateko lekua baitute. Baina muga bat ere badute, izan ere, oihalezkoak izanik ezin daitezke harategi eta arrandegietako produktuak erabili, isuri ditzaketen likidoengatik. Horretaz jabeturik, Zumaian (Gipuzkoa), aitzindaria izango den egitasmoa jarriko dute martxan: arrandegi eta harategietako bilgarriak saihesteko ontzi hermetikoa.

Erabilera bakarreko poltsak murriztearen ekimena ez da denda txikietara mugatzen, supermerkatu kate handiek ere urteak baitaramatzate arlo horretan lanean. Iparraldean, egun nekez ematen da plastikozko poltsarik gune handietan eta hegoaldean oraindik eskuragarri dauden arren, poltsa berrerabilgarria indarra hartzen ari da. Hala ere, asko dago egiteko. Egungo poltsa berrerabilgarrien ezaugarriak aldatu egiten dira supermerkatu batetik bestera eta Alcampok, esaterako, patataren almidoiarekin egindako poltsa biodegradagarriak jarri ditu erosleen eskura. Gune hauetako poltsak ordaindu behar badira ere, –0,15 eta 1,5 euro artean, bataz beste– kontsumitzaileen erantzuna ona da. Eroski Taldeak, esaterako, plastikozko bi milioi poltsa baino gehiago aurreztu zituen aurreko urtean poltsa berrerabilgarriei esker.

Ordainketa politikari jarraituz, biodegradagarriak ez diren poltsen erabilera murriztu daitekeela uste du Urola Kostako Udal Elkarteak. Horregatik proposatu du elkartea osatzen duten herrietan (Orio, Aia, Zarautz, Getaria eta Zumaian) plastikozko poltsak hiru zentimotan kobratzea. Denda txikietan oraindik ez da abian jarri ideia hori baina Dia supermerkatuak aspalditik egiten du.

Nazioarteko egitasmoak

Gurean oraingoz berrerabilpenaren aldeko neurriak hartzen dira; nazioartean berriz, debekuaren jarrera indartzen ari da. Ingalaterrako Maodbury herrixka izan zen plastikozko poltsak erabiltzeari muzin egin zion lehena eta haren atzetik heldu dira Irlanda eta Hego Afrika. Txina eta Australian urtea amaitu baino lehen debekatuko dituzte eta Italian 2010ean.

Hainbat artistek, aldaketa aprobetxatuz, poltsa berrerabilgarri eroso eta erakargarriak diseinatu dituzte. Nazioartean Susan Bijl eta Flip&Tumble izan dira horietako batzuk.