argia.eus
INPRIMATU
Abarrak
Oteiza artelan baten izena da
  • Erakusketa: Larru hunkitua
    Lekua: Boulevard aretoa (Donostia)


    Rosiren kioskotik Parte Zaharrera nindoala aretoaren leiho batetik Oteiza ikusi nuen, “Sarrera doan” pauso batzuk aurrerago, eta ezin sartu gabe geratu. Ehun urte batek, hogeita bost besteek: Larruquert aita-semeek erakusketa jarri dute Lamia estudioak mende laurdena bete duela aitzakia hartuta. Maiatzaren 18ra arte izango da ikusgai hiru partetan banatutako lana. Denbora nahikorik ez baina, eta erakusketaren zati bakarra ikusi nuen, Jorge Oteizaren argazkiak biltzen dituena hain zuzen. Erretratu solteak dira batzuk, serie modura irakurri beharrekoak besteak; kolorea eta zuri-beltza nahasian, paretetan irakur daitezkeen pentsamendu oteizarrekin batera.
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2008ko apirilaren 29a
Oteiza
Oteiza
Orioko eskultore-pentsalari-poeta ikus daiteke bizitzako garai desberdinetan. Bi azpimarratzekotan: artista Bilboko udaletxearen parean, Esferaren desokupazioaren aldaera oboidea inauguratzean, azken aldiz zutik; eta Itziarren heriotzaren ondoren ateratako argazki saila, Oteiza puskatzen ari zela erakusten duena.

Artista artelan bihurtu dute Larruquertarrek, horrek dituen arrisku guztiekin. Posible baita erretratuetako gizonaren izotzezko begiekin itsutzea, artistaren beraren estetikarekin, egin zuen lanaz ahaztuta.

Kontu horiek alde batera utzita –ez naiz Oteizaren obraren garrantzia azpimarratzen hasiko, bere mendeurren honetan asko hitz egin(go) da horretaz–, beti egin zait zaila kasu honetan artista eta pertsona banatuta ikustea, beharbada bien arteko lerroa beste askorengan baino lausoagoa izan zelako. Erakusketak lerro hori marraztea lortu duela iruditzen zait, ilobekin eta familiarekin azaltzen den fotografiei eta aipatutako Itziarren sailari esker.

Flash bat azkenik: aretora sartu eta espazioa hiru zatitan banatua aurkituko duzu. Aldatu ez badute, ezkerreko hormatik abiatzen diren gezi batzuk ikusiko dituzu argazkiak zein norabidetan ikusi behar diren adieraziz bezala. Gezi horiek izterrean sartu izan balizkidate ez zidaten horman baino gehiago molestatuko. Ikusleari utzi egin behar zaio erakusketa non hasi eta non bukatu nahi duen erabakitzen.