argia.eus
INPRIMATU
Mondragoeko erretolika(k)
  • Lurrarekin berdintzen zaio arima, politika guztien gainetatik eta azpietatik, azken hilabete t’erdiko Arrasateko gorabeherei humanitate apur batez begiratzen dion orori. Edozeinenak direla begiak edozein dela bere iritzi politikoa.
Ramon Etxezarreta @retxezarreta 2008ko apirilaren 25
Ramon Etxezarreta
Ramon EtxezarretaDani Blanco
Nekeza egiten zaie Inozentzia Galparsoro alkatetzatik kendu behar dutenei beren nahikari eta apeta politikoa estali behar den lekuan estaltzea eta aukera politiko horrek ematen dien soka luzatzen uztea. Erre ke erre dabiltza –gabiltza–, eta nahi dute ibili, oker dabilenari oker dabilela eta zuzen dabilenari oker zebilela. Edozein luzamenduk, edozein argudio erretorikok, edozein jardun irreflexibok, hala nola gobernu programarik hoberenak sinesgarritasuna kentzen dio giza eskubideen defentsari eta gutxieneko demokratikoari.

Alkate sozialista bat, PSE-EEkoa alegia, nahi izatea ikusten duenak, dela abertzaletakoa, dela ezker abertzaletakoa, Ezker Batukoa, PPkoa edo PSOEkoa giza eskubideez ahazten ari da eta herri honetan politikagintzari geratzen zaion duintasun apurra errekara botatzen ari da.

Zinegotzi ohi bat, zinegotzi ohi izateagatik, eraila izatea eta horren aurrean mutu geratzea, ez da giza eskubideak defendatzea, giza eskubideak erasotzea da. Eta horrelako jendearekin gobernu bat osatzea, ez haustea, edo hausteko programa alternatibo bat eskatzea giza eskubideak atzentzea da, aintzat ez hartzea. Tiropean burumakur gabiltzanok eta ibili daitezkeenek ez genuke zalantzarik izan behar.

Errazegi nahasten ditugu politikarekin giza eskubideak, errazegi atzentzen ditugu giza eskubideak edozein politikakeriaren azpira, errazegi geure komenientzien pera. Iruditzen zait gure gizartean serioago hartzen dugula zirkulazio kodea eskubide horiek baino.

Sutsu defenditzen ditugu guztiok, gartsu azaltzen gara eskubide horien defentsan, zenbat eta urrutiagokoak orduan eta gartsuago. Hain da erraza karitatea, hain gaude ohituak on egitera. Ez dago eskubiderik Tibeten gertatzen ari dena gertatzeko hain herri bakezale eta baketsua, a zer nolako eskubide urraketak, zein egoera errukarria. Nola diren herrialde handiak, Espainia eta Txina eta, herrialde txikiekiko, zer beldur diguten jende txiki, xume, apal eta zintzoari! Nola zanpatzen dituzten gure eskubideak!

Tibeteko bi milioi t’erdi pertsonen eskubide urraketak ikusi eta Txinako mila eta hirurehun milioi lagunenak ikusten ez dituenak badauka nonbaiten okerra edo ez daki oso ondo zer diren giza eskubideak.

Zenbat Mondragoe, zenbat erretorika, zenbat kuneta, zenbat pertsona banan-banan baina tirokatua, zenbat itsutasun, zenbat mututasun, zenbat... aspertzen hasita nago herri zintzoekin.