argia.eus
INPRIMATU
1808ko maiatzaren 2a
Mitoaren haritik tiraka
  • Independentzia Gerra omen zen, herritarren bat-bateko erreakzioa. Espainiar nazioaren sorreratzat duten data-giltzarriaren bigarren mendeurrena hots handiz ospatuko da egunotan. Baina non amaitzen da egia eta non hasi mitoa? Europako gerra bat izan zen, neba-arreben artekoa gainera; askatasunaren eta ongiaren izenean, arrazoiak munstroak sortu zituen.
Joseba Agirreazkuenaga 2008ko apirilaren 28a
1808ko maiatzaren 2a
1808ko maiatzaren 2a
1808ko maiatzaren 2ko Madrilgo matxinada espainiar naziotasun abertzalearen ikur bihurtu da. Madrilen jai eguna da eta espainiar mitologia politikoan data ospetsua. Egun horrek herri xehearen errebolta eta J. Murat jeneral frantsesak antolatutako errepresio latza gogoratzen du. Garaiko iturburuek matxinadan emakumeek izan zuten kemena azpimarratzen dute eta maiatzaren 4an atxilotu guztiak arkabuzez hil zituztela.

Muratek konfiantzazko talde militarra sortua zuen Baionan; hirurehun lagun gorriz jantzi zituen euskal herritarren itxura berezituan, eta hauek izan ziren ondoren Madrilen gogor ekin ziotenak. Horra, jatorriz Lapurdikoa zen mutiko gazte batek nola kontatu zuen egun hartan jazotakoa:

Xapel gorriak ginenian atera plazala
burla egiten hasi zauzkigun behala
uste zuten arauz zezenak ginela
gure toreatzeko mokanesekila
Mokanesak iharaus ta gibelko aldian jo
oihu egiten zaukuten: Tira tira carajo!
Tiratu giniotzaten dozena bat tiro
hun zirenak joan ziren erran gabe adio.


Sei urte beranduago, antzerki funtzioa antolatu zen Bilbon maiatzaren 2an. Bertan 1808an hildakoak izan zituzten gogoan eta honelako bertsoak kantatu zituzten antzokian:

Españoles, que disteis la vida
Por la independencia de vuestra nación
por vosotros la patria apellida
Libertad, rey, cortes y constitución.


Beraz, liberalek abertzaletasun berriaren ikur bihurtu zuten data ezaguna. Abertzaletasuna –“patriotismoa” garaiko dotrinetan– honela definitzen zuten: Es una virtud moral y nace de la caridad y se funda en la justicia (bertute morala da eta karitatetik jaio eta justizian oinarritzen da). Patriota delakoak “frantsestuaren” aurka zeuden antiliberalak zirelako, baina tartean liberalak ere bazeuden. Cadizen, liberal patriotak Espainietako erresuma zaharra arbuiatu eta nazio espainiarraren jabe sentitu ziren. Eta berrehun urteren buruan, ildo bereko nazionalismoa goratzen da. Horretarako, adibidez, Madrilgo Autonomi Erkidegoko agintariak fundazio berezia sortu du, nazionalismo liberalaren mitoak goraipatzeko.

Noiz eta zergatik bihurtzen da mito?

1840ko hamarkadan, zazpi urteko gerra zibila –Lehen Gerra Karlista– amaitu ondoren zatiketa gainditu beharra zegoen Espainian. Karlisten arteko zati bat erresumako sistema liberalean integratu zen bitartean, bestea atzerriratu egin zen. Une horretan, espainiar nazionalismoak kultura politiko bateratua aldarrikatu zuen nazio liberalaren ikuspuntua sendotzeko, horretarako 1808ko gerratearen memoria erabiliz.

Izan ere, Napoleonen aldeko liberalak “antiespainiar” bilakatu ziren frantsestea hobesten omen zutelako, baina paradoxikoki, urte batzuen buruan liberalismoaren habeetako bat jaso zuten. Bazirudien herri populuak pertsona baten antzera erreakzionatzen zuela: matxinatu, emozionatu eta lasaitu egiten zen. Eta jakina, herri populua Espainiako nazioa bera zen. Beraz, erromantizismoaren bultzadaz, herri populua izan zen patriotismo eta nazio abertzalearen habia, eta Espainiako erresuma inperio izatetik nazio izatera pasatu zen. José Esproncedaren bertsoek, adibidez, herri populuaren nortasuna goraipatzen dute; eta beranduago Benito Pérez Galdósek Episodios nacionales izeneko nobelak idatzi zituenean, 1808 urtean sustraitu zuen historia nazional berria. Gaur egunean Perez Galdosen nobelak berrargitaratu eta oparitzen dituzte. Ikuspegi horretatik, Espainian, nazio bakarrarentzat baino ez dago tokirik.

1812ko Konstituzioaren eztabaidetan, erresumako espainiar-amerikarrek proposatzen zuten federalismoa arbuiatu zen. Ondorioz, Ameriketako koloniek ibilbide politiko berriari ekin zioten beren kabuz. Eta penintsulan ere “Espainiak” gero eta nabarmenago ziren. Hala ere agintari liberalek Espainia bakar eta baterakoiaren alde egiten zuten. Baina 1852an adibidez, Torres Villegas geografoak lau Espainia politiko bereizi zituen: Espainia konstituzionala, asimilatua, koloniala (Kuba, Puerto Rico eta Filipinak) eta forala (Hego Euskal Herria). Naziotasun bakarreko Espainia eta naziotasun anitzaren Espainia XIX. mendean ageriko arazoa zen jadanik.

Mito gabeko naziotasunik ez da posible, gutxi asko irudikaturiko komunitate nahia erakusten duelako. Espainiar naziotasunak ere mitoak eta uste erdi-ustelak ditu oinarri; eta jakina, gertaerak itxuraldatu ditu. Baina azkenean, gertatutakoa baino, ustea da garrantzitsuagoa, jendeak sinesten duena. Maiatzaren 2ko gertakizunak iraultza liberalaren atala ziren Espainiko liberalentzat –xenofobia antifrantsesa ere bistakoa zen–. Erresuma Batuarentzat, aldiz, Iberiar penintsulako gerra besterik ez zen. Baina bi hamarkada beranduago, independentziaren aldeko gerra bihurtu zen hura guztia; liberalek frantsestea eta liberalismoa bereiztea lortu zuten. Horrela, Katalunian 1808ko gertakizunak frantsesaren aurkako gerra legez definitzen dira eta euskaraz J.I. Iztuetak 1808ko gerra “Frantsestea” izendatu zuen.

XIX. mende erdian agintean zeuden liberalek, 1808koa nortasuna babesteko herri populuaren matxinada izan zela aldarrikatu zuten. Berez, gerra zibil bortitza ere izan zen, eta Euskal Herrira mugatzen bagara, berebiziko gerra zibila gainera. Beranduago, berriz ere gerra piztu zen karlista eta liberalen artean, nortzuk ote ziren orduan atzerritarrak eta nortzuk jatorrak? Aldiz, 1868an liberalismoan sakontzeko proposamen demokratikoak egin zirenean eta gizonezko guztientzat boto eskubidea eta erlijio askatasuna indarrean jarri zirenean, katolikoek atzerritartzat jo zituzten neurri horien defendatzaileak. Giro hartan, 1808ko mitoa erabat sendotu zen.

Baina nork eragin zuen 1808ko matxinada?

30 urtetan, frantsesen armada hiru alditan sartu zen penintsulan: 1794an Errepublikaren mezu iraultzailea ekartzeko (liberté, égalité, fraternité); 1808an Napoleonen proiektu inperialista zabaltzeko; eta 1823an Fernando VII.aren absolutismoa berrezartzeko. Beraz, frantsestea zer ote zen argitu beharra dago, aldi bakoitzean esanahi desberdina duelako. Testuinguru bakoitzean, herritarren erantzuna desberdina izan zen, egoera politikoa ere ez baitzen berdina. Buruzagien eta populuaren ikuspegiak, errebolta gehienetan bezala, erabat kontrajarriak ziren.

1808an populuaren matxinada espontaneorik ez zen izan. Madrilen maiatzaren 2an gertaturikoak, aldez aurretik prestatua zirudien. Portugaleko Errege sendiak Brasilera alde egin zuen bitartean, Espainiakoa Baionarantz joan zen, Napoleonen babesa lortzera. Espainiako hirietan armada frantsesa zegoen, Portugal erasotzeko asmoz. Maiatzaren 2an Errege sendiko kideak Baionarantz abiatu zirela eta, herritar batzuk “eramaten dituzte!” hasi ziren garrasika eta matxinada lehertu zen. Hilabete batzuk lehenago Fernando VII.ak erregetza lortzeko Aranjuezen populua Godoyen aurka amotinatu zuen bezalaxe. Espainiako erresumaren buruzagitzan pentsamolde desberdinen arteko lehia bizia zegoen: alde batean joera ilustratuak, pentsaera librearen bidez gizartea antolatu nahian; beste aldean, Elizaren eta Inkisizioaren gidaritza aldarrikatzen zutenak. 1814an, Fernando VII.ak erregetza berriz hartu zuenean, Abandoko San Bizente elizan Ulibarri euskaltzalearen bertso hauek kantatu ziren:

Iñork Elexien kontra / ezer esaten dau?
Ez eijozu parkatu / barriketa zital hau
Garbirik jaon daizun / zure erlijinoia
irme sendatu eizu / Inkisizinoia.


Elizako kideen eta erresumako buruzagi batzuen eraginez, Napoleonen aurka matxinada prestatu zuten eta herritarrak bere kabuzko gerrilla gerrari ekin zioten.

Bilbon, matxinada 1808ko abuztuaren 6an gertatu zen. Diputazioak agintari berrien ildotik jotzen zuen bitartean, herritar batzuk agintari horien kontra altxatu ziren, Biba Fernando VII! oihu eginez. Gerrarako deia zabaldu zuten, besteak beste “geure legeak eta geure arbasoen sepulturak” defendatzeko. Pixka bat lehenago, uztailean, armada frantsesak lehen porrota jasan zuen Bailenen (Andaluzia). Baina gero, armada berberak Bilboko matxinada patriota guztiz zapaldu zuen –San Frantzisko komentu aurrean hainbat pertsona hil zituzten, adibidez–. Mazarredo bilbotar ministroak Bizkaiko Batzar Nagusiak deitu eta agintari berriak izendatu zituzten, Jose errege berriaren aldekoak, noski. Hala ere, handikien kontrako eraso eta lapurretek han-hemenka jarraitu zuten eta agintari berriak hiriguneetan babestu behar izan ziren.

Napoleonen proiektua Europarako pentsatua izan zen eta horretarako estatu-nazioen eraketa administratiboa sustatu zuen. Azkenean gerra galdu arren, bere eredu politiko-administratiboak munduan barrena arrakasta izan du; horra, adibidez, gaur egungo Nazio Batuen instituzionalizazioaren oinarriak.
Aurkaria jo eta garbitu: 1808ko herentziak Euskal Herrian
Euskal abertzaletasunak ere 1808 urtea aintzat hartu zuen. Angel Zabala Kondaño-k, Sabino Aranaren ondoko buruzagiak, Espainiako erresumarako egituratu behar zen Konstituzio berriari buruz Baionan urte hartan izan ziren eztabaidak aztertu zituen Euzkadi aldizkarian. Fernando VII.a erregea Baionarako bidean zela, Bizkaiko Foruak zin egin zituen Gasteizen, eta Baionara ez joateko gomendioa jaso zuen han. Alferrik; Lapurdiko hiriburuan Espainiako erregetza galdu zuen. Haren aitak ere –Carlos IV.ak– koroari uko egin behar izan zion eta Napoleonek bere anaia Jose jarri zuen errege berri.

Gauzak horrela, Bizkaiko Batzar Nagusiek Baionara ordezkaria bidaltzea erabaki zuten, Konstituzio politiko berriaren eztabaidan parte hartzeko. Bertan, Juan Jose Maria Yandiola Bizkaiko ordezkariak “Bizkaiko Konstituzioaren” aldeko defentsari ekin zion: “Bizkaia Espainiako Gobernu orokorretik bananduta existitu da, bere Konstituzio eta legeekin”, azaldu zuen. Beraz, Napoleonen berrikuntza liberalen alde azaldu arren, Bizkaiko Konstituzio politikoaren iraupena aldarrikatu zuen legelari adituak, eta beste horrenbeste egin zuten Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako ordezkariek “konstituzio foralen” alde. Arana eta Zabalaren diskurtso nazionalistak Yandiolaren oinarri teorikotik edan zuen, baina aldi berean Napoleonen aurkako diskurtso sozio-politiko antiliberalen ildoan kokatu ziren. Ikusi besterik ez dago Antxinako euskaldunen alabantzak izeneko manifestu politikoa, Napoleonen aurkako esperientzian hezurmamitua eta XIX. mendean barrena iraun zuena:

Gorde izan da beti / garbiro fedea
baita geure legeak / eta berbeitea.
Erbestetar gaistoak / nahi eukezan galdu
euskaldunak eztabe / bururik makurtu.

Bi mende bost urtetan laburtuak


Ikusten denez, 1808tik 1813ra arteko garai lazgarrian azken 200 urteotako hainbat fenomeno eta diskurtso politikoren jatorria ageri da. 1810ean, Hego Euskal Herria Espainiatik banandu eta Frantzian txertatu zen, Nafarroako eta Bizkaiko “Gobernua” –hiru probintzietarako– sortuz; administrazio publikoa antolatzeko era berria zen hura: Herriarekin harreman zuzena izateko aldizkari ofizialak argitaratu zituzten, baina aldi berean, Napoleonen aurkako argitalpenak kaleratu ziren. Bestalde, bertsoen bidezko propagandak garrantzi handia hartu zuen; hona adibidez, Jose Bonaparte erregearen aurkakoa:

Biba gure Fernando / gogozko erregia
berari bakarrikan / diogu legia.
Biba bere senide / kautibo daudenak
Rejenziako eta / Korteko personak.


Orduan sortu eta errotu zen gerrillaren teknika militarra: Bizkaian Longa izan zen buruzagi nagusi; Gipuzkoan Jauregi Artzaia, Zumalakarregi ondoan zuela –etorkizunean Artzaia liberalen buru militarra izan zen eta Zumalakarregi bere aurkari karlista–; Nafarroan berriz, Minak antolaturiko gerrilla sendo zegoen. 1813an, armada frantsesa garaiturik, gerrillari buruak goraipatu zituzten:

Mina ta Pastorea / Longa hirugarren
Mugartegi jarri da / Bizkaian laugarren.
Haren ejerzituak / ikusi ezkero
ezin leike fuertzarik / frantzesak gehiago


Baina gerrilla ez zen amaitu 1813an. Hurrengo urteetan, liberalak agintean jarri ziren bakoitzean, Euskal Herrian “mendi-mutilek” armak hartu zituzten aurka egiteko. Eta aukera politikoak ebazteko armetara deitzea, ikusten dugunez, XIX. mendean ez ezik, XX. eta XXI. mendeetan ere iraun du gure artean, elkar bizitzen ikasi ezinik. Uste ustela gurean erabat sustraitu zen: aurkari politikoak ez zuela bizitzerik merezi. Baina 200 urteko esperientziak erakutsi du hilketen bidezko aukerak ibilbide laburra duela eta bere egitasmo politikoan galdu egin dutela horrela sinetsi dutenek.

Politikagintzan Konstituzio berriak eztabaidatu ziren Batzar Nagusietan –1808koa ez ezik, 1812koa ere bai–. Horrela, iritzi kontrajarriak azaldu eta bozkatu ziren, liberal eta antiliberalen diskurtso berriak azaleraziz. Euskaltasuna ere politikagintza berrian sartu zen. Jose Pablo Ulibarriren (Abando, Bilbo) 1814ko bertsoak adierazgarriak dira:

Bakotxak bere hizkuntza / ahazturik badegu
bakian gagoz eta / ikasi biar dogu
zerren ezpadakigu / euskaraz berbeiten
nork igerriko gaitu / bizkaitarrak garien.