Meatzarien 1890eko maiatza

  • Etxebizitza duinaren eta zortzi orduko lanaldiaren aldeko lehenengo greba historikoa 1890ean egin zen Euskal Herrian, Bizkaiko meatzetan. Grebaren erdigunea Trapagarango Zugaztieta auzoa izan zen eta handik Ezkerralde osora hedatu zen. Gobernuak “gerra egoera” deklaratu zuen.
Maiatzaren lehena Euskal Herrian
Maiatzaren lehena Euskal Herrian
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Langileentzako etxebizitza alta –batez ere meatze inguruan eta oro har Ezkerralde osoan– liskar bortitzak eta grebak eragin zituen arazo kezkagarria izan zen XIX. mendeko azken hamarkadetatik aurrera. Greba haiek eta Chicagoko sarraskiaren ondoren nazioartean berpiztu zen langile mugimendua aldi berean gertatu ziren. Urte berean, gainera, 1890ean, mundu osoan maiatzaren lehena ospatzeko deia egin zen. Maiatz hartan egin zen, hain zuzen ere, Bizkaiko meatze inguruko lehenengo greba. Han hasi zen eta Ezkerraldera hedatu zen gero, Bizkaiko Labe Garaiek sortu zituzten enpresa hain garrantzitsuak kokatuta zeuden lekura.

Sasoiko langileak eta haien barrakoiak

1870eko hamarkadan izandako gerra karlistaren ondoren, Bizkaiko burdin meategiak izan ziren sasoiko milaka langileren lantoki. Mineral erauzketan aritzen ziren. Baina han lan egiten zuten bakarrak ez ziren zenbait hilabeterako etorri eta gero etxera bueltatzen ziren langileak; meatze inguru hura ehunka familientzako bizitoki eta lan leku ere bilakatu zen. Esaterako, gaur egun Trapagaran dena izan zen iritsitako jende pila handiena hartu zuen Bizkaiko udalerria. Hamar urte eskasetan, 1877tik 1887ra, %406 igo zen bertako biztanleria.

Meatzarientzako lehenengo etxebizitzak meatzeen oinetan egurrez egindako txabolak izan ziren. Meatzaritza konpainiek eraiki zituzten, eta erraz desmuntatzeko eta batetik bestera eramateko modukoak ziren. Langileak berak ziren langileburuen gidaritzapean “barrakoi” edo “kuartel” haiek muntatu eta desmuntatzen zituztenak. Barrakoiak meatzetako langileen zaindarien eta kontratisten ardurapean zeuden, baita jakiez hornitzeko leku bakarra ziren “kantinak” ere. Etxebizitza haietan lotarako lekua baino ez zen egoten: lurrean jarritako ohol bat. Horri “ohe beroa” esaten zitzaion, langileek txandaka lan egiten zutenez ohea behin ere ez zelako hutsik gelditzen. Ondorioz, batzuk lanera joateko jaiki orduko besteak oheratzen ziren, hozteko denborarik eman gabe. Ez zegoen aulkirik, ezta mahai edo komunik ere, eta meatzeko langileen zaindariari 0,25 pezetako errenta ordaindu behar izaten zitzaion. Pentsatzekoa denez, meatzariak zikinkeria artean eta higiene baldintza kaskarretan bizi ziren.

1890eko greba

Gauzak hala, 1890ean egoera jasanezina izatera iritsi zen eta meatzariek baldintza haietan bizitzeari uko egin zioten. Horrexegatik egin zuten urte hartako maiatzean grebarako deia. Barrakoiak kendu eta jakiak kantinetatik kanpo erosteko eskubidea izatea izan zen egindako lehen aldarrikapena. Meatzariak Zugaztieta auzotik Ortuellara jaitsi ziren eta 3.000 langile bildu ziren han. Garai hartan El Noticiero Bilbainok honela deskribatu zuen gertatutakoa: “Goizeko zortzietan hainbat langile talde Las Conchas, La Salve eta Matamoroseko gainetatik jaisten hasi ziren, Ortuellan biltzeko asmoz. Ortuellarako bidean oihuka egin zuten: ‘behera barrakoiak, behera kuartelak, gora greba, gora meatze ingurua, zortzi orduko lana!’. Bederatzi eta erdietan Ortuellako plazan 3.000 langile inguru bildu ziren ‘behera inposatutako dendak!’ (kantinak) oihukatuz. Gero, grebalariek errepidez Desierto aldera jo zuten –gaur egungo Barakaldo– neurrigabe oihu hauek botaz: ‘behera kuartelak, kanpora inposatutako dendak, gora meatzarien batasuna, behera burgesak, gora langileak, gora gure bandera!’. Ondoren Portugalete aldera joaten ahalegindu ziren. Han jadanik 9.000 langile inguru zeuden zain, baina foralek, guardia zibilek eta Garellanoko militarren bi konpainiek, baionetak eskuetan, galarazi egin zieten, eta langileak inguruetako gainetan barrena sakabanatu ziren”.

Hogeita hamar bat meatzariko talde batek errepresio indarrak baztertzea lortu eta La Bizkaia, Nerbioiko Ontziolak eta Labe Garaiak enpresetara iristean hango langileei grebarako deia egin zien. La Bizkaian tentsio handiko uneak izan ziren. Bilboko egunkariaren arabera, grebalari talde handi bat guardia zibilak eta foralak zaintzen ari ziren enpresa hartan sartzen saiatu zen. Errepresio indarrek eragozteko ahaleginak egin zituzten baina langile kopuru handi hura harrika hasi zitzaien guardiei eta haiek armekin erantzun zuten. Tiroketen ondorioz langile bat hil eta beste zazpi zauritu zituzten. Guardia foral batek harrikada jaso zuen buruan eta zauri larriak izan zituen. Berehalaxe, La Bizkaia eta Nerbioiko Ontziolak-eko langileak greban jarri eta Labe Garaiak fabrikara joan ziren; hango langileek ere greba hasi zuten. Hiru enpresetako plantillek ia 4.000 langileko kopurua osatzen zuten. Hurrengo egunean, maiatzaren 10ean, grebalariak 21.000 inguru ziren. Hain kopuru handiari aurre egin ezinik, errepresio indarrek Loma jeneralari deitu zioten langileen altxamenduarekin bukatu eta gerra egoera deklaratu zezan. Baina hala ere, grebalariek hilaren 16an Bizkaiko hiriburuko hainbat lekutan lana gelditzea lortu zuten; besteak beste Olabeagan, itsasadarreko fabriketan eta zama lanetako nasetan.

El Noticiero Bilbainok dio azkenean meatzarien ordezkariek Loma jeneralarekin elkartu eta jenerala barrakoiak bisitatzera joatea lortu zutela. Jeneralak “etxebizitza” haietan sentitutako higuina hitz hauekin adierazi omen zuen: “Txerriek ere ez dute halako etxerik merezi”.
“Etxe merkeak” izenekoak
Meatze inguruko etxebizitzaren arazoa ez zen aipatutako grebarekin konpondu, baina konponketaren hasiera izan zitekeen. Greba baino bost urte geroago, 1895ean, meatzetako egoera lehengo berbera zen: han jarraitzen zuten barrakoiek eta hantxe zeuden kantinak. Alabaina, meatzarien greba hark ahalbideratu zuen instituzio, sendagile higienista eta arkitektoak langileentzako etxebizitza eredu egokia aurkitzeko molda zitezen. Hortik sortu ziren “Etxe Merkeak” izenarekin ezagutzen direnak. Etxe haien ezaugarriek tipologia berezia markatu zuten Hego Euskal Herriko etxegintzan. Etxe merkeak familia bakarrekoak, bikiak edo elkarri atxikiak izaten ziren, eta lorategi txiki bat eta baratze txiki bat izaten zuten. Barrualdean, berriz, gutxienez sukaldea, komuna eta hiru logela. Luxua meatzarien barrakoiekin alderatuta.

Lehenengo etxe merkeak Manuel Maria de Smith arkitektoak eraiki zituen 1916an, Bizkaiko Labe Garaiak-0entzat. Pentsatzekoa denez, etxe merkeen eredu hori meatze inguruan eta Ezkerraldean hasi eta Bizkaiko beste fabrika guneetara eta euskal lurralde osora hedatuz joan zen gero.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Meatzarien grebak
2021-07-26 | Zihara Enbeita
Ihesi: Meatzaldea II. Burdinazko herriak

Bilbotik Meatzalderantz joanez gero, lehenengo Barakaldo herriarekin egingo dugu topo. Merkatalgune erraldoiek edota Bilbao Exhibition Centrek, besteak beste, betetzen dituzte gaur egun bertako lurrak. XIII. mendera arte, berriz, nekazaritzatik bizi ziren barakaldarrak... [+]

2021-07-23
MEATZETA ETA ENKARTERRIA, BIZKAIKO LURRALDE AHANTZIAK
Fernando Montenegro, Muskizeko zinegotziari elkarrizketa
Fernando Montenegrorekin berbetan
MEATZETA ETA ENKARTERRIA, BIZKAIKO LURRALDE AHANTZIAK
Bizkaian badira bi lurralde (bakarra ote?) beste guztiek baino askoz ezezagunagoak eta baztertuagoak daudenak: Enkarterria... [+]



2021-07-19 | Maria Gonzalez
Meatzeen museo bizia
Burdinaren ustiapenak izena eman zion Meatzaldeari. Trapagaran, Ortuella, Abanto, Muskiz eta Zierbenaren historia abiarazi zuen mineralak. Oroimen historikoa berreskuratu nahian dabil Gallarta auzoa (Abanto). Kontxa II izeneko meatzearen ondoan dago orain Meatzaritzaren Museoa.

Trapagaran (Bizkaia)
Burdin goseak zauriz bete zuen mendia

“Arrakalatuta utzi digute hegazkinek zerua”, abesten zuen Txuma Murugarrenek. Eta, horixe bera pentsatu dut Larreineta funikularretik jaitsi eta Zugaztietara (Arboledara) bidean: arrakalatuta utzi ziguten meatzariek Trianoko mendi gaina, Peñas Negras... [+]


Anarkismoa Euskal Herrian
130 urteko historia gorabeheratsua

Euskal anarkismoaren mugimendua aurrera atera zuten pertsonaiak eta eztabaidak aztertu ditu Juantxo Estebaranzek bere azken liburuan: Breve historia del anarquismo vasco (Txertoa 2011). Historia horren errepasoa egin dugu, egilearen beraren laguntzarekin.


2011-07-12 | Josu Chueca
SOVtik ELAra
Sindikatu abertzalearen metamorfosia

1911ko uztailean sortu zen Solidaridad de Obreros Vascos, egun Euskal Langileen Alkartasuna (ELA) izenarekin ezagutzen dena. Sabino Aranaren ideien altzoan sortutako sindikatuak klase sozialen arteko elkarrizketa predikatzen zuen eta sozialismoa deitoratu. Aldiz, orain,... [+]


2008-01-08 | Unai Cuevas
Larreineta eta Zugaztieta (Bizkaia)
Meatzarien ordez, txangozaleak
Zugaztieta, meatzaritzaren erdigune izandako eremuak, itxuraldaketa nabarmena jasan du azken hamarkadetan. XX. mendearen lehen erdialdean meatzarien pikotxek eta antzeko lanabesek lehentasuna bazuten ere, gaur egun mendizale eta ibiltarien amu bihurtu da.

2003-05-01
Langileek euren aldarrikapenak ozen entzunarazten dituzten eguna

Jon Torner jontorner@argia.eus
1889az geroztik, maiatzaren 1ean munduko langileria kalera atera ohi da bere aldarrikapenak entzunarazteko. Urte hartan II. Internazionalak egun hau Langileen Nazioarteko Eguna izendatu zuen eta urtez urte, maiatzaren lehena iristean... [+]


Eguneraketa berriak daude