argia.eus
INPRIMATU
Erreginaren DNA
  • Segovia (Espainia), 1441eko apirila. Santa María la Real de Nieva izeneko herrian, Soterrañako Amabirjinaren omenezko erromerian, Nafarroako Blanka I.a hil zen, ezustean, Blanka alabaren eta gerora Gaztelako errege izango zen Henrike IV.aren ezkontzaren biharamunean. Erreginaren heriotzak agaramondarren eta beaumondarren arteko lehia areagotu zuen eta liskarrak urte batzuk geroago, 1450ean, eztanda egin zuen.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2008ko apirilaren 28a
Baina bost mende eta erdi geroago, Blanka I.aren heriotzak edo, hobe esanda, Blankaren arrastoek, hainbat buruhauste eman diete ikertzaileei. Hipotesi guztien arabera, erreginaren gorpua Santa Maria la Real de Nievako monasterioan bertan ehortzi zuten, hilobiaren kokapen zehatzaren berri iritsi ez zen arren. 1994an monasterio horren aldarean zaharberritze lanak egiten ari zirela, emakumezko baten arrastoak topatu zituzten. Azterketa antropologiko eta paleopatologikoak bat zetozen erreginaren profilarekin: adina, altuera, eskeleto hauskorra… Ehorzketaren tokia eta xehetasunak ere garaiari eta hildakoaren garrantziari egokitzen zitzaizkien.

Hala ere, zalantzak uxatzeko ustezko Blankaren arrasto genetikoen analisia egitea erabaki zuten. Horretarako, arrastoetatik DNA lagin bat lortu eta gertuko senide baten DNArekin alderatzea besterik ez zen egin behar. Hautagai egokiena Karlos semea zen, Vianako Printzea. Beaumondarren buruak agaramondarren aurkako gatazka galdu zuen, eta Bartzelonan exekutatu zuten 1461ean. Printzearen gorpua Pobleteko monasterioan (Katalunia) ehortzi zuten. Baina hilobia ireki, eta adituek han eskeleto bati baino gehiagori zegozkion hezurrak zeudela ikusi zuten, harriduraz. Azterketa sakonagoek hiru pertsonen arrastoak zirela argitu zuten. Hiruren artean ez zegoen odol loturarik eta, gainera, hiruren DNA Blankaren material genetikoarekin alderatzean, ez ziren bat etorri.

Segovian aurkitutako arrastoak Blanka I.a Nafarroako erreginarenak dira? Eta hala izanez gero, zein dira printzearen hilobiko hiru ezezagunak? Galdera horiei erantzuteko, hurrengo pausoa beste senide baten material genetikoa aztertzea izan daiteke, esaterako Leonor erreginarena, hau da, Blankaren ama eta Karlosen amonarena. Horrek erantzunak ekar ditzake, baina baita galdera gehiago sortu ere.