argia.eus
INPRIMATU
Talaian
Ustelkeriaren icebergaren tontorra?
  • Aurreko astean euskal erakunde publikoekin lotutako beste enpresa batean eskandalu finantzarioa ezagutu dugu. Guggenheim museoko finantza zuzendaria, Roberto Zearsolo Barrenetxea, ia milioi erdi euroz jabetu da 1998az geroztik. Kantitate hori artelanak erosteko eratutako sozietateetatik eta eraikinaren jabetzapekoa den higiezinen enpresatik dator. Zearsolok hamar urtean egindako irregulartasunek museoaren barne kontrola, auzitegiaren informeak eta museoak eskatutako kanpo ikuskaritzak pasa zituzten. Zearsolo, Vidarte zuzendariaren konfiantzako pertsona zen. Eta hilabete batzuk igaro dira argi geratu gabeko gaia amaitutzat eman zutenetik: artelanak lortzeko unean, dibisa aldaketa zela medio, galdutako sei milioi euroen kasua.
Juan Mari Arregi 2008ko apirilaren 22a
Guggenheimen gertatua ez da euskal enpresa publikoetan jazotako lehen ustelkeria kasua, eta tamalez ez da azkena izango. Hor daude argitu gabeko hurrengo kasuak: Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun ikerketa; Irungo Ogasuna; Balentziaga museoa eraiki behar zuen Berroeta-Aldamar Fundazioa; Gasteizko Udaleko hirigintza eta Arabako Errioxako golf zelaiak. Ia gehienetan EAJk, boterean hainbeste urte daramatzanak, badu zerikusirik. Gertaera horiek jada iritsi dira iritzi publikoarengana, baina beste hainbeste ezkutuan egon daitezke oraindik ere. Baliteke orain arte ezagutzen duguna gure erakunde publikoetako ustelkeriaren icebergaren tontorra besterik ez izatea. Erantzule politikoek lehenbailehen argitu behar dituzte kasu horiek, galdutako euroak non dauden jakin behar da eta ezinbestekoa da erantzuleak aurkitzea. Erantzukizun hori ez dagokio ustez delitua egin duenari bakarrik, baizik eta diru publikoa zaindu eta kontrolatu ez duten erantzule politikoei, bereziki.