argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Generikoak, arrakastarik gabeko botikak
  • Hamar urte igaro dira botika generikoak gure merkatuan komertzializatzen hasi zirenetik. Hala ere, botika horiek ez dira erabat nagusitu Euskal Herrian, ezta gutxiagorik ere. Izan ere, generiko kontsumoa Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako Estatuko batez bestekoaren azpitik dago. Euskal gaixoei agindutako botiken %5,1 da generikoa –hogeitik bat– eta estatuan, berriz, %6,6. Portzentaje hori Europako batez bestekotik are urrutiago dago; Europan iaz agindutako 100 botiketatik 15 baino gehiago generikoak izan ziren.
Jabier Agirre 2008ko apirilaren 23a
Generikoak
Generikoak
Lurralde historikoen arabera, Gipuzkoa dago generiko kontsumoan lehen postuan, iaz, saldu ziren sendagai guztietatik %6,1 era horretakoak izan baitziren; atzetik datoz Araba (%4,2) eta Bizkaia (%4). Euskadiko Farmazialarien Elkarteak (AFAREk) ezagutzera emandako txostenaren arabera, hamar urteotan saldutako generikoek 281 milioi euroko aurrezpena ekarri dute Euskal Autonomia Erkidegora. Horrek EAEk sendagaietan egindako gastuaren zati handi bat orekatuko luke.

Botika generiko gehiago ez saltzearen arrazoi nagusiak bi dira AFAREren ustez. Batetik, konfiantza falta sumatzen dute gaixoengan. Bestetik, marka ospetsu eta aurrez ezaguna denaren eta generikoaren artean lehena hautatzeko joera dute, horretara bultzatzen dituzten informazioa baitute: pro-paganda, marketina, eta abar.

Txostena egiteko milatik gora mediku, botikari eta gaixori galdegin zitzaien, generikoei buruz zuten iritzia. Azterketaren arabera, hamar gaixotatik bederatzi pozik agertzen dira botika generikoekin, hamar botikarietatik seik generikoak gomendatzen dituzte, eta medikuen artean, hamarretik lauk generikoak aukeratzen dituzte gaixoei egiten dizkieten errezeten erdia baino gehiagotan (duela hamar urte %8 besterik ez ziren).

Datu horiek ikusita, nola ulertzen da generiko kontsumoak oraindik ere hain arrakasta apala izatea?