argia.eus
INPRIMATU
Guraso erosoari jarriak
  • I

    Nire inguruan azkenaldian
    haurrak ugaritu ahala
    fenomenoak oiloipurdiz
    jarri izan dit azala.
    Pentsatzen baitut sarri umeak
    munduratuz gabiltzala
    gidoi batean idatzitako
    behar bat balitz bezala.
Aitor Sarriegi @asarriegi 2008ko apirilaren 21a
Aitor Sarriegi
Aitor SarriegiMaddi Soroa
II

Haurrak mundura ekartzekotan
jakin behar da lehenbizi
sakrifikatu behar direla
hainbat amets ta gutizi.
Ez onartzetik iristen dira
sarritan hamaika krisi
umeak izan nahi ditugu ta
nobio bezala bizi.





III

Aita ta ama lanera doaz,
nola ez dira joango?
Bestela ez da aurtengo udan
bidaia onik izango.
Eta umea eskurik esku,
haragizko kontrabando
ia amonak ezagutzen du
gurasoek bezain ondo.


IV

Goizean goizik haurtzaindegira,
eguerdian jasoak...
Etxetik kanpo sarri pasatzen
dituzte egun osoak.
Iluntzerako berriz etxera,
muxu ta hitz ponpoxoak...
noizean behingo bisitariak
ez al dira gurasoak?





V

Play Stationa, Telebista bat
eta ordenadorea
gelan baditu baina lagunik
ez du ekartzen ordea.
Opariz bete diogu gela
baina non du umorea?
gure denbora oparitzea
ez al litzake hobea?





VI

Ta azkenean umeak dira
aurpegiratzen zaienak
kezkaz betetzen dizkigutela
gure egun lasaienak.
Kulpa batzuk bai baina guztiak
ez dira, noski, haienak
hezten ditugun bezalakoak
irtengo dira gehienak.