argia.eus
INPRIMATU
Emigrazioa aterabide?
  • Berant nator Iñaki Mendigureni erantzunez: “Euskal Herria ez dela desagertuko jende faltaz”. Egia handia! Urte oroz 7.000 langile kanpotik sartzekotan: azken lau urteetan Nafarroan sortu lan postuen %42 etorkinek hartu dituzte. Ez bakarrik peontzan. Sukaldari, teknikari eta beste, badira dozenaka lan eskaintzen zerrendan, norbaiten zain.
Xipri Arbelbide 2008ko apirilaren 21
Xipri Arbelbide
Xipri ArbelbideDani Blanco
Etorkinak miserian beren herrian? Arazo horrek ez ote luke emigrazioaz beste aterabiderik merezi? Lantegiak, langilerik ez den tokian eraikitzeko partez, langileak dauden herrian sortu behar dira. Beltza edo indioa emigratzera bortxatzea guri komeni zaigulakoz, zuzengabekeria zait. Baina nork pagatuko lizkiguke zahar-arrandak immigratuen kotizazioak gabe?

Aldiz, deslokalizazioak onartzen badira, miseria gutiago izanen da hor gaindi, immigratu gutiago hemen, bakoitzak bere herrian nahiago baitu bizi. Nolaz ez liteke hustuko Euskal Herria? Euskal Herriaren euskalduntzea? 7.000 etorkinekin urtean oraingo erdaldunen gainera, euskalduntze hori erraztuko da? Prostituzioa dela lanbiderik zaharrena? Ohointza ere bai. Horrek ez du ez bata ez bestea justifikatzen.

Ez uste izan Eliza ofiziala isilik dagoenik emigrazioaz, heren munduaren esplotazioaz, gaurko beste gaietaz. Urtatsez Benito XVI.ak eskatzen zuen denen ongizatea segurtatzen duen garapena. Behartsuak garapenetik baztertuak direla salatuz. Zer oihartzun izan du?
Tatawingo apezpiku batek bi lerro idatzi balitu etorkinendako begiragailuen edo barreren kontra, horrek zituen irekiko berri-sailak!

Tatawinera gabe, gauden hemen. Hemengo zenbat apez entzuten da predikutik begiragailuen kondenatzen? Badu laster 50 urte apez naizela. Nihauri ez zait behin ere gertatu; nire lagunetan ez dut hori egiten duen bihi bat ezagutzen. Elizak ez duela bere morala inposatzeko pretentsiorik izan behar, errotik akort: sinestea ez zaio norbaiti sakatzen, ahateak galkatzen diren bezala.
Bat ere errateko, Elizak kritikak merezi dituela. Beste edozein erakundek bezala. Zoriona nire liburua irakurri duena ohartu daiteke nire harritxoa ekarri diodala eraikuntz horri.

Lehen artikulura itzuliz, gustatuko litzaidake norbaitek esplikatzen balit zer aterabide ikusten dion haurrik gabeko herri bati. Zer aterabide heren munduko miseriari, haien haurrak hona ekartzen baldin baditugu, lantegiak han sortzeko partez. Baina nola segurta hemen garapena eta zahar arrandak, immigratuak esplotatu gabe? Galdera horiek dira funtsezko galderak. Iñakik ez die erantzunik eman.

Azken galdera bat: nork irakurri du osoan Espainiako apezpikuek hauteskundeetaz plazaratu agiria?