argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
Jon Torner Zabala @jtorner 2008ko apirilaren 23a

Gerardo Luzuriaga liburuzain eta Joana Albret Mintegiko kideak Argia.com-en: "Euskadiko Liburutegia Tabakaleran izateak ez zeukan zentzurik, baina asko gutxiagorik dauka Koldo Mitxelenan jartzeak. Azken unean, Euskadiko Liburutegia Tabakalera proiektutik atera dute eta presazko edozein konponbide aurkitu beharra izan dute (...) Gainerako Autonomia Erkidego gehienek egoitza, baliabide eta pertsonal propioa daukate Liburutegi Orokorren funtzioak aurrera eramateko. Zergatik Euskadin ez? Koldo Mitxelena Liburutegiak ondo funtzionatu du orain arte, zerbitzu ugari ematen ditu, erabiltzaile asko ditu; hemendik aurrera zerbitzurik gabe geldituko dira gipuzkoar irakurle guztiak?"

 

Filipe Oihanburu koreografoak Dantzan.com-en: "Iparraldean diogun gisan, ariz ikasi dut, ibiliz. Euskaldunok oldartzen gara kanpoko norbaitek zerbait esaten digunean, baina gure artean zenbat kritika! Mundutik ikasi behar dugu. Norberaren lekua ederra da, baina zoazte beste tokietara. New York izugarria iruditu zitzaidan, irekia. Italiarrak asko maite ditut, edertasuna maite dute eta beti daude alegera, baita Grezia ere, han bertako musika entzuten da nonahi. Ordea, Europako toki askotan, Frantzian, Ingalaterran edo Euskal Herrian, musika bera entzuten da tabernetan eta kafetegietan, takatakataka! Internazionalismo hori ez dut maite. Gauzak nahasi behar dira, baina berezitasuna atxiki".