PSEko buruzagiak, aldiz, pozarren dira egoeraz, jeltzaleen ahuleziak hauekiko akordioetan abantaila ematen dietelakoan batetik, eta bestetik, “ari ari ari Patxi lehendakari” leloa gizentzen duelako.
Bitartean, kontsulta dela eta Jaurlaritzaren bide orriaz diren zalantza gero eta sendoadoek Ibarretxe lehendakariaren lidergoa higatzen jarraitzen dute. Hirukoaren baitan kontsulta indargabetzeko adierazpenek –Ardanza, Galdos, Madrazo...–, halaber, Ibarretxeren posizioa ahultzen laguntzen dute. Indefinizio egoerak, dena den, ezin da gehiegi luzatu; Moncloako iturrien arabera, bederen, Jose Luis Rodriguez Zapaterok maiatzerako du aurreikusia Ibarretxerekin biltzea eta pentsatzekoa da ordurako lehendakariak argi adierazi beharko diola Zapaterori bere bide-orria zein den.
Arrasateko zentsura mozioarenak jarraituko du, antza, eszenatoki politikoaren ardatz egunotan. Eta ikusten den moduan, kontu bat da bat egitea Isaias Carrascoren hilketaren arbuioan eta gaitzespenean, eta oso bestelakoa, batasun hori gobernagarritasunerako ardatz bilakatzea. Hipotesi uherretan sartzeko arriskua dago halakoetan, baina ETAk Carrasco arrasatear militante sozialista hautatu izana, ez dirudi auzaz hartutako erabakia. Min egitea eta hor dagoela erakusteaz aparte, badirudi bere jarduna arbuiatzen dutenen barne kontraesanak ere haizatu nahi izan dituela.
Datorren astean Arrasateko Udalean zentsura mozioa aztertuko dutenean, ia bi hilabete igaroak izango dira martxoaren 7an Carrasco hil zutenetik. Egoera politikoaren eta herrietako errealitatearen konplexutasunaren agerle dira egun horiek guztiak. Oraindik argi dagoen bakarra PSE, EAJ eta PPko zinegotzien jarrera da. EB, Zutik eta EAkoak zalantzan dira eta Aralarrekoak adierazi du jada ez duela mozioarekin bat egiten. Oso posible da Arrasateko Zutik eta EBko batzarrek zentsura mozioaz bat ez egitea eta sostengatuko balute ere, ezin da zinegotzien dimisiorik baztertu. Eta mozioa gauzatzen bada, EBk, Zutikek eta EAk sostengatu behar dute hiru urtez Gobernu berria?