argia.eus
INPRIMATU
Donibane Lohizune-Ziburu (Lapurdi)
Denboraren zubian
  • Pasabidetzat ditugu zubiak, bi hari mutur soltek egindako korapilotzat. Korapiloek, alta, hari muturrak laburtzen dituzte, lotura gunean kriki-krakak sortu, etenak lotu, eta loturak eten. Guk lotailutzat dugun zubia, mugatzat zuten behinolako donibandar eta ziburutarrek. Nola bilduko zituen gizakiak itsasoak postaletarako ere nekez elkartzen zituen bi herri? Denborari esker. Denbora ere zubi bilakatzen baita muga izateari uzten dionean.
Sustrai Colina 2008ko apirilaren 15
Donibane Lohizune-Ziburu
Donibane Lohizune-ZiburuGaizka Iroz
Ziburuko plazan gaude. Pilotari burutsuentzako frontoiak, terraza eta guztiko taberna pareak, eta merkatu egunetan postuz eta jendez gainez egiten duen karrika-zuloak osatzen dute karratu magikoa. Herriko lehen eliza izan zen Bordagaineko Torrearen oinetan pausatua, egungo ezkila-dorre oktogonaldun Bixintxo elizatik bi oinetara, herri txikietako plazek ezinbestekoa duten bilgune funtzioa egoki betetzen du Ziburukoak.

Bilgunetik ihesi, kresal usaina lagun, porturantz abiatu gara. “Ditxo baita” bataiatu zuten herriko-etxe aitzinetik pasa, Maurice Ravel-en sortetxea izan zen Estebaniari bizkarra eman, eta gotor bezain zut dirauen itsas-argiarekin egin dugu topo. Andre Pavlovski-k estilo neolapurtarrean eraikia, zubiz gaindi, elkartzen ditu Donibane eta Ziburuko arrantzaleak.

Zibururi agur esan eta Donibanerako zubia zeharkatzen ari garela frogatu dugu arrantza ez dela museoetara kondenatutako jarduera. Portura sartu nahian dabiltzan ontzien sirenak, deskargatzen ari diren arrain kaxa izoztuak, prezioak negoziatzen dabiltzan marrazoak, bazkaritarako txitxarroa erostera hurbildu den amona... Bizilekuak eta leku biziak dira portuak.

Ziburun zubi gainetik ikusi duguna, bertatik bertara behatu dugu Donibane Lohizunen. Geroz eta arrain gutxiago omen dago, prezioak geroz eta desegokiagoak, gaurkoak ez omen dauka orain urte gutxikoarekin zerikusirik. Denak ez direla parez pare dagoen Infantaren etxea bezala kontserbatzen pentsatu dugu gure kautan. 1660an Luis XIV.arekin ezkondu zen Maria Teresa infantaren bizitokia izan zena udatiarrentzako museoa da egun, hortik gertu dagoen argizarizko panpinez osatutako Grevin museoa bezalaxe.

Itsasoa, begien gozamena

Museoen itzulinguruak egin eta hondartzako malekoia agertu zaigu aurrez aurre. Garai bateko arrantzaleen etxe txikiek kontrastea egiten dute Artako badiak zabaltzen duen handitasunarekin. Ederra da parajea ilunabar oskorrietan. Ederragoa bere gogorrean galerna-arratsetan.

Ez galerna, ez ilunabar, tipi-tapa jarraitu dugu aurrera, talasoterapia eta Grand Hotel famatuen paretik pasaz, eta malekoi luzeko ibilaldia Santa Barbaran bururatuz. Bertatik ikus daitekeenak ez du preziorik. Egun oskarbiek Landetako hondartzez harago dagoen munduaren amaierara eramango dizkizute begiak. Bestaldera, Donibane eta haren inguruak perspektibaz preziatzeko toki pribilegiatua dira. Eta hori dena surflariak olatu gainean dantzan ari diren bitartean egin badaiteke...
 
Gambetta karrika

Ez da hori, ordea, Donibanek eskaintzen digun azken zeregina. Lehen atzean utzitako Grand Hotel pareraino bihurtu, eta hondartza itsasoari utziz, herrigunean murgildu gara. Mugimendu dexenteko herri koxkorra baita Donibane. Ez biztanle kopuruarengatik ala autoa uzteko dauden zailtasunengatik, Gambetta oinezkoentzako karrika zentrikoaren jarioarengatik baizik.

Bertan murgildu gara aldapa behera. Jantzi marka ospetsuenen erakusleihoak, beti-betiko harakinaren urdaiazpiko sonatuak, mundua jaio denetik hor datzan zapata denda, jendea gora eta behera… Argazki esanguratsu asko atera daitezke Gambettako harbideetan. Ez da kasualitatea, San Juan Batista eliza etorbidearen erdi-erdian kokatua egotea. Ikusgarria da kanpotik, ikusgarriagoa barrutik. Bertan ezkondu zen Luis XIV.a, segur aski Frantziak izan duen errege ospetsuena.

Anaiak, baina desberdinak

Luis XIV.ak eroan gaitu eliza utzi eta bere izena daraman herriko plaza nagusira. Han daude “eguzki erregea” bizi izan zen etxea, udaletxea, kiosko bitxia eta terrazak mordoxka.

Horietako batean eseri gara Zibururi so. Anaia aristokrata eta herrikoiaren kondaira etorri zaigu burura. Pirata eta kortsarioarena. Orduan ulertu dugu zergatik zuten mugatzat guk lotailutzat dugun zubia. Orduan oroitu gara denbora ere zubi bilakatzen dela muga izateari uzten dionean. Baina zer da denbora lotu ahala eteten den korapiloa ez bada? Pasabidea, agian.