argia.eus
INPRIMATU
Dir dir
  • Badira, aspaldi, airean eta linterna batekin marraztu duten artistak, seguruen ikusiena Picasso eta bere bisonte ederrarena da, non egilea bera ere agertzen den lausotua, figura argitsuaren atzetik izoztua eta apur bat mugitua, marrazkia bera baino fantasmagorikoagoa izaki. Teknika hau argazki analogikoak egiten genituenontzat behintzat oso sinplea da, baldin eta marrazkilari trebe eta arina badugu, tripode baten gainean kamara jarrita, esposizioa luzatu besterik ez baitugu egin behar ahalik eta marrazkia amaitu arte.
Bego Vicario 2008ko apirilaren 14a
Bego Vicario
Bego VicarioIñigo Azkona
Bitxiagoa suertatu zait berriz, efektu hauxe bera zinema bilakatua ikustea. Argazki hauek ilaran egiten direnean eta marrazten den motiboa higitzen joaten denean espazio errealean zehar, Pika Pika (euskeraz Dir Dir) proiektuan egiten duten bezala. Japoniar bikote batek sortua, Takeshi Nagate eta Kazue Monno, animazio tailer batean ahalik eta modu sinpleenean erakutsi nahi izan zioten ikaslegoari, sortutako irudiok mugimenduaren ilusioa sortzen zuten, eta hala, linternekin hasi ziren airean marrazten behin eta berriro figura bera, argazki batetik bestera aldaketak eginda baina funtsean irudiaren erroa mantenduz. Horrela bada, argizko txakur korrikalariak, flotatzen diren neonezko numero eta sinboloak, saltoka ari diren untxi arrosak eta abar sortzen dituzte modurik eta efimeroenean, ez baita fotograma bera baino bestelako aztarnarik gelditzen behin linternak amatatzen direnean.

Egileak beraiek ezagutzeko parada izan genuen pasa den otsailean Lleidako hiriburuan ospatzen den Animac animazio topaketetan, baita teknika hau zuzenean lantzen ikusteko parada izan ere. Kontutan hartu behar dena hauxe da: marrazkia bilakatzeko eremua oso definitu gabea dela, ez baitu egileak inolako paper zein bestelako euskarririk aldean, biderkatu eta berregin behar duen marrazkia mugatzeko, egilearen gorputzaren inguruan duen espazioa hirudimentsionala da, baita lientzoa ere.

Baldintza hauetan lan egin behar denean, gure gorputza bera izaten da keinuen memoria gordearen irudia, behin eta berriz berdina egiten laguntzen diguna. Hartara, gure neurri zehatzak probestua, oso modu intuitiboan diktatzen joaten zaigu nola sortu behar ditugun hurrengo eta hurrengo marrazkiak. Artistek lanean dantza leun eta geldoa sortzen dute, eta ondorioz burutzen den filma bezain ederra da prozesua bera, non pertsonak eta argiak esparru komuna partitzen duten, eta utzitako energia ikuslea bera ere besarkatzen duen.