Joxe Iriarte 'Bikila'Dani Blanco
Pribatizazioa izurritea bihurtu zaigun eta kapitala jaun eta jabe den garaiotan interes publikoaren aldeko desjabetzeak egitea ez al da txalogarria? Hala balitz! Esate baterako, desjabetze horiek behar bezala ordainduak izateaz gain herri honek behar duen trenbide sare soziala bultzatzeko balira… Alabaina, desjabetze horiek ekologikoki oso larria eta sozialki kaltegarria izango den makro-proiektu baterako dira, zeinekin onuradunak oso gutxik izango diren.
Manuel Sacristan zenak zioskuna dut gogoan: “Ezinezkoa da Lurraren lagun bihurtzea sistema bat bere dinamika esentziala hondamendi gero eta handiagoa eta itzulezina denean”. Dinamika esentzial hori apurtzeko derrigorrezkoa dugu emergentzi galgak sakatzea eta lehenbailehen mundu jasangarri eta sozialki justuago baten aldeko norabidea hartu. Hor datza gakoa!
Norabidea aldatu. Ni ezkerreko diskurtsotik aspaldi desagertu diren nazionalizazioak edo sozializazioak gauzatu ahal izateko behar diren desjabetzen aldekoa naiz, eta zenbait kasutan, indemnizaziorik gabe, gainera. Hots, besteak beste, herri pobretuen zukuez aberasturiko banketxeak; mundu osoan naturaren bidegabeko ustiaketetatik gorpuzturiko sektore energetiko nagusiak; eta langileen izerdiz sorturiko sistema produktibo osoa, eta or ohar nazioaren ondasun guztia gizartearen onurarako eta herritarren zerbitzurako desjabetuko nituzke, hain zuzen. Eta, gainera, aberastasun horiekin kontsortzio internazional bat sortu beharko genuke mundu osoan dauden arazo ekologikoak konpontzeko, osasun arloko beharrak betetzeko eta herrien arteko pare kidetasun bat lortzeko!
Zein harroputzak diren gure mandatariak baserritar zein lur jabe txikiekin, eta zein apalak eta otzanak kapitalista handiekin! Adibide xume bat: noizko kapital espekulatiboei Tobin jaunak proposaturiko %3ko tasa ezartzea?