Noiz erabaki zenuten euskarak administrazioan bizi zuen egoera salatzeko garaia zela?
Euskaldunon Egunkariaren itxiera eta Administrazioan Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planaren balorazioa eta III.aren atariko lanak eman zirenean. Iruditu zitzaigun euskaldungoa mugiaraztea oso zaila dela eta aldi berean, euskara planen zenbait atal aski orokorrak zirela.
Administrazioak euskara kudeatzeko duen modua azaltzen duzue blogean. Badirudi egoera oso txarra dela. Errealitatea halakoa da ala ikuspegi ezkorregia duzue?
Norbaitek esan zuen komeni dela diagnostiko gordin bat egitea, nahiz eta ezkorra izan, hortik aurrerako estrategia positiboa izan dadin. Aurkeztu berri duen IV. Plangintzaldiaren egitasmoaren arabera, lan-ildo berriak ezartzekotan da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza –HPS–, eta hori aurkeztu bezala onartuz gero, eszenatoki hobera abiatu gintezke.
Administrazioko lankideen jarrera nola definituko zenukete?
Oro har, gizartean bataz beste aurki ditzakegun jarrerak ikusten ditugu hemen ere: elebidunon artean euskaltzale militanteak, euskaltzale pasiboak, erdal elebidun neutroak, erdaltzale amorratuak… Eta gure ondoan eta gainean, erdaldunak; oro har gure hirietan gertatzen den bezalaxe.
Administrazioan ere, euskaldunak bigarren mailako hiritarrak baikara, hizkuntza eskubideei eta praktikari dagokionez.
Tiraka blogean eginiko galdetegi batetik ondorioztatu daiteke langileak ez daudela euskaraz aritzera behartuak eta egiten dutenek borondatez egiten dutela, oro har interes handirik ez badago ere; politikariek berriz, langileek baino interes gutxiago dutela pentsa liteke.
Orain arte, euskararen erabilera ez da lehentasuna izan herri-administrazioetan. Gaur egun, askoz langile euskaldun gehiago dago arlo horretan eta gero eta normalagoa da euskararen presentzia zenbait esparrutan. Hortik abiatuta, euskara normaltasunez erabiltzea ez da ezinezkoa. Alabaina, arduradun politiko gehienen jarrerak ez du orain arte askorik lagundu. Hala ere, egoerak hobera egin du apurka, eta hitzez behintzat erabileraren aldeko jarrera azaltzen dute.
Euskara lanpostua lortzeko gainditu beharreko azterketa hutsa bihurtu al da?
Orain arte horrela izan da, gehienetan. Ez dira erabilera irizpideak aplikatu izan lanposturik gehienetan. Bestalde, administrazioko prozedura bat euskaraz hasi eta bukatzea oso nekeza gertatzen da, prozesuan zehar erdaldun elebakar bat edo beste egotea suertatzen baita ia beti. Gainera, herritarren eta beste administrazioen aldetik euskarazko zerbitzuaren eskaria urria da oraindik. Oztopo asko gainditu behar izaten ditugu euskaldunok euskarazko zerbitzua jaso nahi dugunean, baita “euskal” administrazioan ere.
Azterketen bidez langileen hizkuntza ezagutza bermatzen da. Baina “ezagutu” eta “erabili” aditz ezberdinak dira.
Azterketa bat gainditzeak ez du esan nahi langilea gai sentitzen denik euskaraz normaltasunez jarduteko. Hizkuntzarekin eroso egoten lagundu behar zaio, eguneroko jarduera euskaraz ere egin dezakeela sentiarazten, eta batez ere, gaztelaniaz eskura dauzkan adina baliabide edo gehiago eman behar zaizkio euskaraz, baina egoera horretatik urrun gaude oraindik.
Administrazioan euskaraz lan egin nahi duenak zenbateko aukera dauka euskaraz aritzeko ahozko harremanetan eta zenbatekoa idatzizkoan?
Euskara duela urte batzuk baino gehiago entzuten da. Idatziz sortutako lana, aldiz, oraindik oso urria da eta euskarazko testu ia guztiak itzulpenak dira. Nolanahi ere, egoera honek plangintzaldi berriak jasotzen dituen neurriekin aldatu beharko luke.
Eusko Jaurlaritza administrazioa euskalduntzen saiatzen da baina hizkuntza eskakizunik gabeko lanpostuak ere eskaintzen ditu, Osakidetzan esaterako. Nola uler daiteke?
Jendaurreko lanpostu guztietan euskarazko zerbitzua bermatzeko moduko maila eskatu beharko litzaioke administrazio publikoan jardun nahi duenari. Baina eskakizun hori lanpostu guztietara zabaltzeak seguruenik kontrako erreakzioak eragingo lituzke gizarte esparru zabaletan. Nolanahi ere, batzuetan komunikabideetan garrantzi gehiegi ematen zaio kontu honi, eta gutxiegi, esaterako, herritarrak animatzeari, izan ere, hizkuntza-politikarik eraginkorrena herritarren eskaera da.
Euskararen Erabilera Normalizatzeko IV. Plana aurkezten ari dira orain. Zer espero duzue?
Paperean oso proposamen interesgarriak ditu. Plan ona da... baldin eta benetan gauzatzeko borondate politikoa badago.
Elebitasunak kezkatzen zaituzte. Horren harira esana da ondokoa: “Hobe gaztelaniaz, euskaraz halamoduz baino; edo hobe euskaraz %15a bakarrik, baina sortua, jatorriz euskarazkoa”. Ez al da orain arte itzulpenarekin lortutakoaren aurka egitea?
Dena elebiz argitaratzen tematzen gara, baina azaleko elebitasuna da, mamia erdalduna baita. Jatorrizko dokumentuak euskaraz sortzeko pausoak eman behar dira. Itzulpenak ongi funtzionatzeko bitartekoak ipintzea da kontua, prozedura administratiboen sorkuntzan hasieratik kontuan hartzeko elementu gisa hartzea. Itzulpengintzaz egiten den erabilera da kritikatzen ari garena, ez tresna.
Administrazioan euskarak bizi duen egoera gizartearen isla dela uste al duzue?
Bistakoa da. Administrazioan dihardugunok gizartean nagusi diren jokamoldeak gauzatzen ditugu lantokian eta lankideekin. Administrazioak ordea, bestelako jokamolde batzuk garatzeko eta hedatzeko ardura dauka. Arlo pribatuan euskaldunak baztertuta egoteak ez du inolaz ere justifikatzen administrazio publikoan gauza bera gertatzea. Bere erantzukizunari heldu behar dio administrazio osoak, ez soilik HPSk edo Hezkuntza Sailak.