argia.eus
INPRIMATU
Muga (a)uherrak
  • Gaurkoan, ez da ongi ikusten ezkerrekoa eta demagun berrogeigarren urteburua ospatuko zaion 1968ko maiatzaren miresleetarik izatea; proiektu, xede, jendetasun, pentsamendu arrazional gabekeria leporatzen zaie kapitalaren aurkako den mendreneko zalantza erakusten duten apurrei. Erreformak, zailak noski, populazioak oinarrizko langile zein hiritar eskubidez biluzteko joera horrela eufemizatzen dute, erreformak beraz, eramateko kuraia eta lotsa ukatzen diete gainera: abereekin aberezaleki, hau da frankoki mintzatzekoa da, zinezko ruptura eraginez, ruptura soziala batez ere, urratzen doan lezean, irabazleen ustezko garaipen zein lorpen merezituaren itzala bermatzen dela. Nago ez ote dituzten jende arruntak, laborariek ardiak edo behiak erreformatzen dituzten moduan tratatzen, zabarregiak, zakarregiak, zaharregiak direnez, ez baitira errentagarriak.
Itxaro Borda 2008ko apirilaren 07a
Itxaro Borda
Itxaro BordaGaizka Iroz
Mugak uhertu arau, auhertzen dizkigute. Demolition men hauek objektiboki eta kasik zientifikoki justifikatzen dizkigute beraien ekintzak. Ezagutzen ditugu –piska bat, izaera subjektibo soilekoak garen arren– molde horretan, historia hurbilean zehar, garaturiko ideologia hilkorren ondorioak: kolonialismoak, beltzak zientziaren izenean apalesten zituen, psikologia maskulinistak homosexualak gaixo lanjeros gisa aurkezten, emazteek arimarik bazutenez eztabaidatzen zuten bitartean eta nazionalismo europarrak juduak, antropometria erabiliz, Auschwitzera akuilatzen. Euskararen suntsiketa halaber mediku aholkuak aitzinatuz planifikatu zela oroitu gaitezela: haurrek alabaina handikapa linguistikorik ez zuten pairatu behar. Eta Frantzian jagoitik immigrazioa ADN testekin kontrolatuko da: ADNa baino gai zientifikorik badea? Halatan, objektibotasunak aburu neoliberalak gordetzen dituela baimentzen ahal dugu, gure departamenduak ezkerrera plegatzen zuela, boz bakar batez eskuinaren men geratu delarik. Alain Iriartek proiektu finkoak hobesten ditu, eta proiektu finko bezain segurak egun eskuinean dira argiki, beraz gizonak UMPren alde bozkatu du. Garai ilun hauetako logika bazter ezina.

Jendeak, euskaldunak barne, ez daki gehiago nola dantza, nola pentsa, pentsatzea zilegi zaionez ere. Uste izan du sindikatuak, elkarte jaidurak, feminismoaren etekinak, grebak, oporrak, seguritate soziala edo aberastasunen banaketa hein bat demokratikoa eredugarriak zirela, baina ez, telebistak errepikatzen diete ordu oroz, ez eta ez, arkaismo soziokultural eta kontserbatismo nazkagarriaren elementuak baino ez ziren: proiektuak dira nagusi. Deus ez da neoliberalismoaren tsunamiari oldartzeko gai, gure ezkertiar sineste-sail ahalkegarria are gutxiago.

Anartean botereak bere goberna-xendrak indartzen ditu: Sarkozyk astea militarren erdian eta gerla odoltsuak goraipatzen pasatu du, hiritarrei kontuz, ez mugi bestela... erran nahiko balie bezala. Ezpata eta kalitza ohoratzen ditu, errepublikaren zuritasuna, batasuna, europar zein heterozentrismo hertsia, komunitarismoak bekatu mortalak direla aldarrikatuz, terrorismo mota guztien habiak direlako iritzi-egile eta gogoetalarien arabera. Eta ez abia blogetan Sarkozyz duzun ikusmoldearen agertzera, sarea arakatuko duen arduradun bat izendatu berri duelako. Libertate murrizketak, intolerantziak edo egitura politikoen bizi-hazteak eskuineko kontserbatismoa indartzen dute, diskurtso ofiziala alderantzizkoa delarik, lehendakaria Carlitaren eskutik people izparringien orrialdeetan nagitzen doala.

Errautsa begietara. Itsu nahi gaituzte.