Zure trikimailurik onena euskaraz aritzea al da?
Nire trikimailurik onena euskaraz aritzea baldin bada, Euskal Herri honetan euskaraz bizi ahal izatea da magia egitea, miraria, meritu galanta… eskizofreniak jota ez bukatzeko.
Magoak izebergak bezalakoak zarete. Ikusten ez dena askoz handiagoa...
Bai, halaxe da. Mago on baten lana da ikusleak izebergak ur azpian duen puska ez bakarrik ez ikustea, baizik eta ahaztea.
Txan egiten duzu eta nahi duzunaren alboan ageri?
Hormigoizko, abiadura handiko eta Visa txartelaren gizartetik harago, ilusioaren baratzea egunez egun lantzen duen edonoren alboan.
Asko al zarete Abiadura Handiko Trenaren aurkako magoak?
Bat edo beste. Eraiki duten altzairuzko teloia desagerraraziko nuke, atzean proiektu honek gure herriarentzat benetan zer suposatuko duen argitzeko.
Mago bezain umoregile zaitugu. Zein da oiloa eta zein arrautza?
Txan magoak ez du magiarik gabeko mundurik ulertzen; Xanti Anterok ez du umorerik gabeko mundurik ulertzen. Hala ere, arrautza izan zen lehena.
Magoek untxia nahiago...
Untxia zaharkituta gelditu denez, nik erreserbako ardo on batekin bustitako bixigua nahiago.
Zer desagerraraziko zenuke?
Astebetez kontsumo gizartea desagerraraziko nuke. Hartara, Hegoari beste begi (begirune) batzuekin erreparatuko genioke.
Euskal Herriko lehen magoa izanda, urruti ala gertu ikusten al dituzu Frantzia zein Espainiako lehenak?
Gurekin alderatuz, aipatu dizkidazun herrialde hauek urtetako tradizioa dute magian. Hemen abian gaude.
Eta nor pusketatan zatitu?
Eguneroko errutina, zati txiki bakoitza ilusioz zipriztinduz.
Esadazu Tamariz-i buruz ez dakidan zerbait.
Merkeago dela jostun bat gonbidatzea, Tamariz afari bueltan asetzea baino.
Behin rock kontzertu batean "telonero" ikusi zintudan!
Euskal Herriko hainbat talderekin egin ditut telonero lanak eta esperientzia polita izan da. Errepikatzeko gogoz nabil rockero zaharrak ez baikara horren erraz itzaltzen.
Herri honetan magiak ba al dauka etorkizunik?
Bai, magiak Euskal Herrian badu etorkizunik. Magoek, ordea…