argia.eus
INPRIMATU
Landareak
Kuku alua
  • Goldea txukun-txukun prantatu beharra dago euritearen ondoren sasoituko den udaberriko lurra soroetan urratzeko, berritzeko. Horretarakoxe, goldea garbitzeko, gogortxoa edo betatanaren (Viburnum tinus) adarra erabiltzen zen. Baita olibondoak eta haritzak udazkenean moiltzeko hagak egiteko ere.
Jakoba Errekondo 2008ko apirilaren 09a
Kuku alua
Kuku alua
Hamaika mitxoleta zanpa oinak eta udaberria pizten omen da. Ziringilezaleek eta olerkizaleek kukua, jan-zakur bizkarroi alaena, dute pizte horren poxpolo. Bakan batzuk ubelaren zain izango dira, negu amaierako loretza horia eta zuriaren ondoren datorren ubelaldiaren zain. Zurien artean azken putz gradua duen gereziondoarekin batera nagusitu da ubela: kirtengorria (Ajuga reptans), bioleta (Viola odorata) eta, ziringilearen garai bertsuan azaltzen delako, kuku-belarra (Aquilegia vulgaris).

Kirtengorria belardietan bizi da eta belar jendea hazi aurretik hosto borobilak lurrean zabaldu eta erdian, bere eskalan etxe-orratzaren tamainakoa den lore-dorrea erakusten du, ubel. Herrestadarrez hedatzen da eta loretza multzo zabalak ikusten dira. Aziendaren pasmo-belarra omen.

Bioleta ia nonahi topatuko duzu, hormigoitik pittin bat urruntzea nahikoa. Bioleta usaintsu honek badu izen bitxi bat: gorbimorea. Hara, ez kirten, ez zirin, lorearen margoari garrantzia ematen dion izena! Gorbi horrek, gorbizituaren elkor ala osasuntsu eta gori dagoen morea dela dio? Auskalo!

Kirtengorri eta gorbimore txiki apalak ez bezala, kuku-belarra airos harroa da. Txorten luxe-luxeen muturretako lore bitxiak dantzan dabiltza etengabe, udaberriaren ateburu ortzadarraren uztai ubela margotuz. Bitxiak bai loreak; bai izatez, bai plantaz. Izatez espezie autoalogamikoa da, ale batzuk bere burua ernaltzen dute eta beste batzuen ernalketak bi landare arteko gurutzaketa du abiapuntu. Plantaz, bost hanka jantzi behar dituzten galtza luzeak dirudite petaloen atzeko ezproiek. Hortik ote dator, antzarrak ferratzearen pareko kukuei frakak egitea?

“Kukue beti kuku” diote batzuek, gurean “aluba beti alu”.