Jexux Mari Irazu: «Zerbait hobea eskaini ahal izateko dedikatzen naiz bertsotara»

  • Larrauldik Hernanira okupa jaitsi, eta familiarekin etorri da bueltan. Ez da Larraul urte gutxian asko aldatu den bakarra.
Jexux Mari Irazu
Jexux Mari IrazuKarlos Corbella
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Goizean jaiki eta semea eskolara eraman duzu. Zuk gazteleraz hasi behar izan zenuen eskolan.


Bai, 14 urte arte erdaraz ikasi nuen. Larraulen hasi eta herriko eskola itxi zenean Asteasun ibili nintzen. Eskola nazionalak ziren orduan eta bi urte gazteagoek izan zuten euskaraz hasteko aukera. Gogoan dut iritsi zela unea erdaraz pentsatzen nuena eta orduan kito esan nuen. Aldatzea ez zitzaidan asko kostatu, eta institutuan bai, euskaraz ikasteko aukera baliatu nuen, erdiak baino gehiagok erdaraz segi zuen arren. Herri txikietan erdaraz egiteko joera handia zegoen. Prestigiozko hizkuntza gaztelera zen. 34 urte geroago, Larraulen berriro eskola izatea lortu dugu eta espero dut euskara eta euskararen kalitateari buruz gutxi hitz egin behar izatea.


Etxera itzuli, egunkaria zabaldu eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen etorkizuneko asmoei buruzko artikulu bat dator.


Bertsozale Elkarteak 20 urtean ez sinesteko moduko lana egin du bertsolaritzaren alde. Bertsolaritzaren palanka nagusia izan da eta emaitzak begi-bistakoak dira. 20 urteko ibilbide hori berme sendoa da etorkizuneko asmoei heltzeko. Harro nago Bertsozale Elkarteko bazkide izateaz. Hala ere, konkreziora jaitsita, epe laburreko apustu nagusiak proiektu orokor eta konpartitua finkatzea izan behar luke. Ikerketa balio handiko tresnatzat daukagu baina hurrengo pausoa ematea falta zaigu.Uste dut, bertsozaletasunaren azterketaz gain, ezinbestekoak ditugula, bai Elkartearen ibiliaz haratago doan 20-25 urteotako ebaluazioa, baita gaur eguneko bertsolaritzaren errealitatearen azterketa ahalik eta osoena ere. Nola finkatuko ditugu etorkizuneko helburu eta lehentasunak egoeraren diagnosi konpartiturik gabe?


Artikulu nagusiaren azpian bertso-eskolei buruzko koadro bat dago.


Bertsolaritzaren transmisioan pauso handi eta interesgarriak ematen ari dira. Elkartea lantzen ari den transmisioari buruzko plan globalak fruituak emango ditu. Espero dudana da, berriz ere bertso-eskolak transmisioaren familiako anaia pobre gisa ez gelditzea. Bertsolari naizen aldetik, ordea, formakuntzan defizit bat daukagula (edo daukadala) sentitzen dut. Bertso-eskolan ikasten den oinarrizko formazioaren hurrengo zatia behar genuke. Ez dakit noiz artekoa, eta badakit formazio nagusia beti izango dela norberak landu dezakeena. “Eta hemendik aurrera nola egiten da bertsotan hobetzeko?” galdetu zidan bertso-eskolan urte dezente daramatzan gazte batek, Gipuzkoako txapelketaren atarian. Ez nuen taxuzko erantzunik ematerik lortu. Musikene bezalako goi-bertsolaritza eskola bat behar dela iruditzen zait, niretzako berandutxo izango da baina.


Beste diziplinekin nahasi eta elkar aberasteko beharraz mintzo zen bertsokidearekin oroitu zara.


Beste diziplina horiek zein diren daukat zalantza. Agian, eta nigandik hasita, beste errealitate batzuk gehiago ezagutzea falta zaigu. Gizarte gaietako errealitate asko adibidez. Kantatzen dugun mundua hobeto ezagutu behar genuke.

Egunkaria itxi eta ordenagailu aurrean jarri zara. Urtebete pasa da bertsoa.com sortu zenuela...


Bertsoa.com bertso plaza digitala bertsolaritzari buruzko kanal tematiko bat izateko bokazioz sortu zen, esperimentazio dosi handi batekin. 2007an 200 bertso ekitaldi zabaldu zituen sarean, horietako asko zuzenean. Aurten, zuzeneko emankizunetan egin du apustua. Astero bertso saio bat emango du zuzenean eta bertsozaleek bideoak igotzeko gune propioa izango dute laster. Informazioa jarraitzeaz gain, lau mahai-inguru ere antolatuko ditu Argia astekariarekin elkarlanean. Nire ikuspegitik, desoreka handia dago plazetan sortu, eta bildu eta zabaltzen denaren artean. Kontraesana dirudi, baina bertsolaritzak gizartean prestigioa irabazi duen bezala bertsoak –bertso sorkuntzak berak– galdu egin du, edo ez du proportzio berean irabazi. Gaur egun 13.000 lagun biltzen dituen ekitaldia soilik ematen da zuzenean medio nagusietan. Egun bertsolaritzak gizartean duen presentziarekin nahiko mami dago hedapen zabalagoa egiteko.


Ordenagailua itzali, autoan sartu eta bertso-bazkari batera bidean jarri zara. Fabrika abandonatu baten paretik pasatzean pintada bat irakurri duzu: “OKUPAZIOA“.


Nire okupa garaia ez zen izan 18 urterekin mundua aldatzeko grinak eragindakoa. Okupazioaren filosofia bizi genuen, baina gehiago zen identifikatzen nintzen inguruko jendearekin egoteko aukera. Gurasoei ez zitzaien erabakia gehiegi gustatu, eta kriki-krakak izan genituen. Kezka horri etxetik ateratzeko modua nahasten zitzaion. Batzuk ezkontzean joaten dira, besteak 25 urterekin... Etxetik irteteko moduak eta moduak daude, legitimoagoak batzuk, eta beste batzuk ba.... Ulertzekoa da gurasoentzat hogei urteko semea guardia zibilen kuartela izandako etxe batera bizitzera joatea ez dela erosoena. Gainera, orduan okupazioa drogekin lotzen zen, norbere burua izorratzearekin. Nik banekien nora nindoan eta nora ez, baina... Bertsolari izateko bidea hartu izana garrantzitsua izan zen gurasoentzat.

Helmugara hurbiltzen ari zarela dio bide-seinaleak. Saioan zentratzen hasi zara, egin nahi duzun horretan, erakutsi nahi duzun bertsokeran...


Ez naiz ni saio bakoitzean zer egin nahi duen dakiena. Gehienetan, momentuak eta giroak norbere nahi edo ahalak baino eragin handiagoa dute. Plazer estetikoa gauza ederra da, eta ni saiatzen naiz nire bertsoek hori ere sor dezaten. Baina, intentzioan, benetakotasunean eta ausardian ez nuke galdu nahi. Azken 10-12 urteetan bertsoaren alde diskurtsiboari garrantzi handia eman zaio (komunikazioa, erretorika, pertsuasioa...), baina diskurtsoaren atzean dagoena hor geratu da, atzean. Ni ez nau bertsoaren birtuosismoak gehiegi harritzen, eta originaltasuna zein irudimena euren hutsean ez zaizkit beti meritu iruditzen, ez behintzat erdi-ihesbide direnean. Askotan zailagoa da errealitatearen aurrean kokatzea, errealitate horri zintzotasunez, umiltasunez, eta norbere ikuspegitik aurre egitea, eta gainera bertso on eta originalak botatzea. Beharbada, duela 15 urte desberdin pentsatuko nuen baina gauza batzuk egiten saiatzeari zentzu gehiegirik bilatzen ez diodan fasean nago.

Garaiz iritsi zara zitara. Lasai. Ez duzu zerikusirik Hernaniko Kronikan lan egiten zuenean berandu eta erreta iristen zen mutil harekin...


Bertsotan ibili ez banintz Kronikan segituko nuen, pena eman zidan uzteak. Baina Kronikako garaia bertsotarako eromena izan zen. Saio batzuetara iritsi ezina, beste batzuk utzi beharra... Garbi daukat eragin zidala, edo eragin baino gehiago, bertso garapena moztu zidala. Baina tira, beste gauza on asko ere eman zizkidan. Kronikatik pasa ez banintz ez nuen Bertsoa.com-ik sortuko.

Hara antolatzailea ere. Honetaz eta hartaz aritu zarete hizketan, eta halako batean, “ bertsotatik bizi haiz?“ galdetu dizu harrituta.


Niretzat bertsolaritza ofizio bat ere bada. Dezentetan tokatzen da galdera hori entzun beharra, eta bekatua non dagoen aurkitu ezinik nabil. Ez dakit ez ote daukan lehen aipatzen nuen bertso sorkuntzaren prestigio galerarekin zerikusia. Gaur egun, 60-65 pertsona izan litezke, bertsolaritzara profesionalki dedikatzen direnak arlo eta erakunde ezberdinetan. Baina kuriosoa da jendea bertsolariekin bakarrik harritzea. Bertsolaritzara dedikatzen garenetatik portzentaje baxuena da bertsolariena, eta kasu gehienetan bertso-jarduna beste aktibitate batzuekin osatzen dugu. Azken 20 urteotan bertsolaritza asko kaletartu da, bai, baina ez dakit bertsolariak inoiz baino baserritarrago ez ote gabiltzan!


Mahaian eseri, eta pareko bertsolari gaztea, txapelketarekin erre-erreta sumatu duzu. Ez zaizkio gauzak nahi bezala atera.


Anbizioa edukitzeaz gain mundua ez dela txapelketan bukatzen erakutsi beharko genuke, baina adibidea geuk emanez, eta hor dago koska. Sentitzen ez duguna transmititzea zaila da, baina sentitzen duguna ez transmititzea zailagoa, nonbait. Txapelketa ez bada garrantzitsuena erakutsi dezagun ez daukala hainbesteko garrantzirik, hasi bertsolarietatik eta antolatzaileetaraino. Hori egiten ez den bitartean jendearen edo gazteen frustrazioak kritikatzea ez da erreala. Niri txapelketa erlatibizatu beharra egokitu zait, baina nik, txapelketei esker, ibilbide handi bat egiteko aukera izan dut. Nola esaten zaio hori 18-20 urteko gazte bati?

Zuk ere bere adina izan zenuela pasa zaizu burutik...


Bertsolari izateko ametsa beti izan dut. Ez nekien zertan bukatuko zen, plazan ibiliko nintzen ala ez, baina nire lehentasuna bertsoa zen. Lizardi saria iraila hasieran izaten da, eta baserrian udan ez da lan faltarik izaten. Hala ere, aitaren errieta entzunda, neka-neka eginda, eta zirenak eta ez zirenak utzita, Asteasun biltzen ginen bertsotan egiteko. Inora iristeko ezinbestekoa da obsesio puntu hori, eta iritsitakoan jarraitzeko ere bai.


Orduan esan dizu bestaldeko aitonak: “Antzematen duk ez haizela bertso-eskolatik pasa!”.


“Ez, ez. Ez zara ondo ari” erantzun diot nik. Jende batek badauka garbitasun behar hori. Ni 90-91n ez nintzen bertsoa hasi eta bukatzeko gai. Buruan bertso batzuk egingo nituen, zalea izango nintzen, koadrilan puntutan aritzen ginen, baina hortik bertsoa bukatzen eta hobetzen ikasteko bidea bertso eskolari zor diot. Talderik gabe atera zaitezke baina ikasi gabe ez. Gure kasuan gainera, talde giroak asko lagundu digu, bertsolaritza bizitzaren fase desberdinen arabera garatzeko modua eman digulako.


Kantuan hasi, eta gai-jartzaileak txikitako etxeko giroa kontatzeko eskatu dizu.


Ni zortzi senideko familia bateko azkena naiz, eta jaiotzerako aurrenekoek bidea ondo irekita zeukaten. Pentsa, zortzi urterekin iloba bat neukan. Aiton-amonak eta osaba gurekin bizi zirela oroitzen dut, eta asteburuetan sekulako jende pila biltzen ginela ere bai. Hogei urte arte baserrian lana gogotik egindakoa naiz, baina ez dut sekula trauma bezala bizi izan. Hernanin ez dut inoiz esan Larraulgoa ez naizenik, ezta baserrikoa ez naizenik ere.

Amaitu da saioa. Mahaitik altxa eta lepotik heldu dizu aspaldiko ezagunak: “Kontuz, aspaldion dibertimendu hutsera lerratzen ari zarete“.


Beharbada espazio eta momentu bakoitzari etiketa jarri izanak sortu dezake sentsazio hori. Txapelketan serio, mahai-jiran umoretsu, jaialdietan denetik... Baina orokorrean oreka mantentzen dugula uste dut. Dibertimendu hutsak oso bide motza dauka. Hori gertatzen den saioetan antzeman egiten da, ez du jendea asebetetzen, ezta bertsolaria ere. Bertsoa jai-giroan edo eremu ludiko batean kokatutako jarduna izanik ere, bertsotan egitea errealitateari kantatzea da, eta Euskal Herrian errealitateari kantatzen ari zarenean, tokatuko dira jai ludikoak, baina teludikoak ere bai.


Autoan sartu eta etxera bidean plazaz plaza hamabost urtetik gora daramatzazula ohartu zara.


Tarte horretan saioak ugaritu eta jarduna dibertsifikatu da. Otordu-jaialdi proportzioa aldatu egin da nabarmen, eta bertsotan ordu gehiago eskatzen duen formatua nagusitu da. Bestalde, boom garaiko zenbakietara iritsi ez arren, azken urteotan jende asko dabil plazetan. Saioen aniztasuna ere handiagoa da. Plazako zirkuituak, esperimentazioak, bakoitzak lantzen dituen ekoizpen bereziak… Aukera zabala dago. Horrek lotura zuzena dauka dedikazio nagusia bertsolaritzari eskaintzearekin, eta hori bertsolaritzarentzat osasungarria baino gehiago, behar-beharrezkoa da.


Etxera iritsi eta agenda zabaldu duzu hurrengo saioa noiz duzun jakiteko. Laster. Zorionez.


Bertsolaritzari eskaini nahi niokeenak jateko beste ematen ez badit badakit zer egin beharko dudan. Zerbait hobea eskaini ahal izateko dedikatzen naiz bertsotara. Nire bertsolaritza baloreak ez dira aldatu, baina defenditzeko garaian, legitimitatea ikusteko orduan, intentsitatean irabazi dut.
Nortasun agiria
1972ko urriaren 27an jaio zen Larraulen (Gipuzkoa), zortzi senideko familia batean. Filosofia eta antropologian lizentziatua, plazaz plaza dabilen bertsolari ezagunenetakoa da. 1995 eta 1999an Gipuzkoako txapeldun-orde, 1997 eta 2001ean Euskal Herriko txapelketa nagusiko finalista izan zen. Horretaz gain, Hernaniko Kronikako lehen lantaldeko partaide izan zen, eta www.bertsoa.com plaza digitaleko sortzailea da.
Doinu luzeak
"Eskolartekoan denak doinu luzeetan kantatzen dutelako kexatzen gara. Baina gu, final batean, noiz hasten gara 10eko handian? Horren ardura plazan gabiltzanok daukagu. Nola esango diegu gaztetxoei guk egiten duguna ez egiteko? Esaten dugunak ez, egiten dugunak balio du".
Fokua
"Badaude txapelketatik kanpo 150 saio egingo dituzten bertsolariak, baina 150 saioko lan horrek ez du izango txapelketako finalean kantatu duenak adinako oihartzunik, pisurik, komentariorik, kritikarik... Fokua txapelketan jarrita daukagu".
Kronista
"Esperientzia ederra izan da. Hernani ezagutzen nuelakoan bizi nintzen, eta ohartu naiz nire zirkulua baino ez nuela ezagutzen. Harrigarria da nola uste dugun gure mundua dela mundu osoa. Hori bai, bertsotarako anulatu egin ninduen. Bertsotan pentsatzen duzuna kantatu beharra daukazu, baina herriko kronista bazara pentsatzen duzuna gorde. Hernanin urtean hiru saio egiten nituen, eta Kronikara egunero joaten nintzen. Azkenean ba...".

Azkenak
Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


2024-11-28 | Leire Ibar
Jasotako isun bakoitzeko helegiteak aurkeztu dizkio Ernaik Eusko Jaurlaritzari, guztira 133

Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.


2024-11-28 | Julene Flamarique
Bi presa kendu dituztenetik, izokina Bidasoatik Baztanera heltzen hasi da

Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.


Eguneraketa berriak daude