argia.eus
INPRIMATU
Zementoari jarriak
  • I

    Porlan, hormigoi edo zementu
    izenak ez dira gutxi
    azken urtetan neurrigabeko
    indarra du erakutsi.
    Nahi dudanean ihesi joan,
    zuregana ez iritsi:
    zeru aldera begiratzen dut,
    bestela, begiak itxi.
Andoni Otamendi 2008ko martxoaren 31
Andoni Otamendi
Andoni OtamendiHamaika Bertute
II

Kolore grisak hartu ohi ditu
gure kale eta kantoi
oharkabean berdea zena
bihurtu ohi da hormigoi.
Gure sistemak baimentzen ditu
hainbeste obra erraldoi
gaur egunean ekonomia
hazkundeak du arrazoi.





III

Egiten ari garena zer den
oso ondo ez dakigu
noizbait, berezko paisaiak guri
kargu hartuko baligu!
Gure begiak bihurtu dira
biderketaren testigu,
metro bakoitzak behin betirako
iragana kentzen digu.


IV

Enpresariak bere enpresen
alde lanean gartsuki
ta langileak hil bukaeran
soldata nahi du eduki.
Mendi, zelaiak desagerturik
izango ditugu aurki
baina errua noren eskutan
dagoen inork ez daki.





V

Etxe-auzoei, autobideei,
tren azkar eta abarri
garapenaren ezinbesteko
etiketa zaio jarri.
Bai, azkarrago goaz gaur egun
baina hala ere larri!
Ta etorkizun hobeagorik
ezin dugu iragarri.





VI

Ez det esan nahi behar duenik
denak berde idiliko
ez det esan nahi eraikuntzetan
ez naizenik ibiliko
natura ez den beste gauzarik
nik ez dudanik begiko
esan nahi nuke zementatua
geratzen dela betiko.