argia.eus
INPRIMATU
Talaian
Vital Kutxako botererako borroka
  • Aste honetan ezagutuko da Arabako Vital Kutxaren organigrama berria, hilaren 30ean eta 31n egindako batzar orokor eta kontseilu bileraren ostean. Lehendakaria eta kontseilariak izendatu behar dira, eta litekeena da kutxa arabarraren gizarte-ekintzan boterea izango duen lehendakariordetza exekutibo berria ere sortzea. Batzar orokor horretan, PSE eta EAJk dute euren hautagaitza Administrazio Kontseilura eramateko aukera gehien. Azken horrek PSEko Gregorio Rojo izendatu beharko du lehendakari eta Arabako EAJko lehendakari den Iñaki Gerenabarrena lehendakariorde exekutibo. Erabaki horiek auzitegietan buka lezakete, PPk organigrama berri hori eragozteko asmoa agertu baitu.
Juan Mari Arregi 2008ko apirilaren 01
Hori guztia azken asteetan ezagutu da, arabar kutxa kontrolatzeko borrokaren baitan. Zer dago politikariek Vital Kutxako boterea lortzeko daramaten borroka zantar horren atzean? Batzuek esango dute hainbat alderdik kutxa arabarrarentzako prestatutako programak daudela. PSE eta EAJ EAEko kutxen bat-egitearen alde daude, PPk berriz, uko egiten dio. Hala ere, botererako borrokan hainbat interes daude: ekonomikoak, pertsonalak eta alderdikoak. Eta bakoitza bere alderdikideak behar den lekuan kokatzen saiatzen da. Ezin da ahaztu Vital Kutxako lehendakariak 150.000 euro inguru irabazten dituela eta lehendakariorde exekutibo berriari 100.000 euroko soldata ezar dakiokeela. Kontseilari bakoitzak 22.250 euro jasotzen ditu urtean dietetan. Rojok lehendakari modura errepikatuko luke. Gerenabarrena, berriz, Parlamentua uzteko prest egongo litzateke, bateraezintasunagatik. Urtean 68.000 euro jasotzen ditu han eta lehendakariorde bezala 100.000 euro irabaziko lituzke. Kutxa kontrolatzeak enpresa baliabide eta baliabide ekonomikoak izatea ere esan nahi du. Interes ugari edozein alderdi politikorentzat.