Peio Claverie: «Miarritzerako gure proiektua ezker alternatiba eraikitzea da»

  • Miarritze, 1956. Errienta edo maisua da Bidarteko eskola publikoan. ABko kidea. Herri Taldeak, EMAn eta Miarritzeko Abertzale Taldean (MAT) aritu zen behiala. Miarritze Bestelakoa taldean aritu zen hamar urtez Herriko Etxean. Azken legealdian kanpo geratu zen eta berriz ere hautetsi da Elkartu-Biarritz Citoyen Solidaire ezkerreko zerrendaren izenean. Ezkerreko eta abertzaletzat du bere burua. Ez erdi eta erdi, nahasia baizik.
Peio Claverie
Peio ClaverieGaizka Iroz
Hendaiako Aberri Eguna ukan dugu elkarrizketaren abiapuntu Peio Claverie-rekin: “Lehen aldiz ene bizitzan ez dut parte hartu. Iparraldeak ez du lekurik ukan. Ez dut Aberri Eguna errefusatu nahi, baina bere antolaketa ez dut egoki atzeman”.


Ezkerreko izaera aldarrikatu ohi duzu. Nola ikusten duzu ezkerra Frantzian?


Frantziako ezkerrak legitimitatea eta sinesgarritasuna galdu ditu boterearen konkistan ari delako. Konparazione, Miarritzen, gure taldeak sostengu handia ukan du PSk ezkertiarren konfiantza galdu duelako. Gure zerrendan auzo lanetan aritutako miarriztarrak daude, eta oro har, hiriko gizarte lanetan engaiatuak. Ezkerrak ez du eremu hau aski landu. Ezkerreko abertzaleok irabazteko esparru zabala daukagu oraino ere, ezker frantsesak bereganatzen ez dituen bozak eskura ditzakegu.


Duela hamasei urte sartu zinen Miarritzeko Udalean. Hautetsi zara berriz. Egiguzu zure ibilbidearen bilan gisako bat.


1989an, lehen aldikoz, abertzaleok Miarritze Bestelakoa taldea antolatu genuen, bi hautetsi erdietsi genituen. Krisia izan zen Herriko Etxean aurrekontuak ez zirelako onartu eta gobernamendua blokeatu zen. Bozak izan ziren berriz ere, eta Didier Borotrak –zentristek, abertzaleek, berdeek eta ezkerrak osatutako zerrendak– Bernard Marie eskuindarra garaitu zuen. Abertzaleok bigarren itzulian sartu ginen Borotraren zerrendan hala ere. Hamar urtez hautetsi izan nintzen. 2000 urtean, aldiz, Borotrak bere burua ahul sentitu zuen eta Max Brisson (eskuindarra) bere zerrendan sartuz RPR alderdia hautsi zuen. UMP eta Jean-Benoit Saint-Cricq egungo hautagaia neutralizatu zituen nolabait.


2000n ordea, zuk ez zenuen parte hartu abertzaleen taldean.


Hori da. Ez naiz eskuinarekin gobernatzeko ados, eskuinaren baloreak ez baitira nireak. Abertzale mugimenduarentzat urrats hura huts politiko iruditu zitzaidan, oso kaltegarria. Miarritze Bestelakoa utzi nuen, baina bere aurka jo gabe. Orduan plazaratu ziren Jakes Abeberri eta bion arteko desberdintasunak. Abeberrik “abertzaleok erakutsi behar dugu kapable garela gobernatzeko” erran ohi du. Nik, aldiz, “ezker ikuspegitik ezin dela zernahi onartu” diot, bide horrek kostu bat duela. Azken urtetan arlo sozialean aritu naiz.

Eta berriz ere itzuli zara udal politikara.


Anartean kalapitak ukan ditugu gure artean. Iragan uztailean, Abeberriren taldekideek –berak ez zuen jakin, eri baitzen– berekin itzultzea galdatu zidaten. Nik hiru baldintza ezarri nituen. Bat: lehen itzulian geure zerrenda eta egitaraua ukaitea. Bi: taldea gaztetzea. Hiru: gure lanaren ardatz nagusia eta argi gorria garapen iraunkorra izatea. Urria heldu zen, Abeberri sendatu zen eta Peio ez zela abertzaleen zerrendan izanen erabaki zuten.


Herriko Etxean zaude berriz ere.


Azaroan Abeberriren taldeak baldintza horiek ez zituela eztabaidatu ere nahi ikusirik, neure zerrenda muntatzen hasi nintzen, ezkerreko markarekin betiere. Nire proiektu politikoan ezkerraren ezaugarriak funtsezkoak dira betidanik. Ezkerreko jendeak irabazi behar ditugu horretarako. Nahiz ni abertzalea izan, pertsona horiek onartu dute nirekin batean aritzea. Ez da irabazi pertsonala, gizarte eredu bat ezkerretik irabaztea baizik, euskal eta frantses ezkerra lotuko dituena. Mitterranden garaitik ezkerreko abertzaleok ez gara frantses ezkertiarrekin mintzatu.

Bozen %14,6 eskuratu du zeuen taldeak, bi hautetsi zarete. Nola ikusten duzu legealdia?


Zaila da oposizio lana egitea gure udal sistemarengatik, banaketa ez da batere justua. Borotraren zerrendak 5.000 bozekin hogeita bederatzi hautetsi ditu eta oposizioak –eskuinak, PSk eta guk– 7.000 bozekin hamar hautetsi ditugu. Beraz...


Zuek 1.700 boz bildu dituzue alta, ia PSk adina boz eta hautetsi kopuru bera.


Inkestek bozen %6-7 ematen ziguten eta bikoiztu ditugu. PSko zerrendari kosk handia egin diogu. Alta, gure helburua ez da PSko zerrendari aurre egitea, baizik hemendik sei urtera, Borotrak kargua utzi ondoren, zinezko oposizioa eraikitzea, udal alternatiba izatea ezkerretik. Michele Alliot-Marik [egungo Barne ministroa] UMPren itzulera azkarra antola lezake, bere aita Bernard Mariek galdu zuen auzapezgoa berreskuratzeko. Horri aitzi egiteko abertzaleen, berdeen eta ezkertiarren arteko aukera antolatu nahi dut.


Luzera begirako estrategia, beraz.


Bai. Kanpainan argi erran nuen, gure taldearen hastapena baino ez zela. Batzuk harritu ziren. Alabaina, boz emaileek gure lana saritu dute. Bozen %14rekin eremua zabaldu dugu. Gure asmoa orain ezkerreko indarrekin harremanak lantzea da. Borotrak ez du funtsean gure oposizioa ukanen, bere taldean du zinezko oposizioa. Bere azken legealdia da eta Brisson (UMP) eta bere alderdikideak laster hasiko dira elkarren aurka. Bere taldeko abertzaleek berriz, ez dute gatzik ez piperrik eta ondokoek irentsiak izanen dira.


Zuk zeuk zer Miarritze nahi duzu?


Miarritzeko soziologia eskuindarra da, goi-mailako turismoarentzako egindako hiria. Maleruski, turismo hau internazionala bilakatu da, turista ez da Frantziatik heldu soilik. Horren aurka ere egiteko sartu ginen udalean. Azken hogei urteetan udala zentro-ezkerrera ekarrarazi dugu. Arlo soziala gehiago landu beharra zen eta pixkanaka zerbait egin dugu, Borotraren politika aldarazi genuen pixka bat. Eskuin-eskuineko politikak zailtasunak ukan ditu Miarritzen. Azken legealdian ordea, eskuina sartu zen gobernuan (Max Brisson) eta politika bere aldera eraman du. Hau da, auzoetako arazoak ez dira landu behar bezain bat. Borotrak kolore askotako jendeak batu ditu, baina finean eskuineko politika ekonomikoa azkartu da.

Zein rol jokatzen du Miarritzek BAMen?


Ez du rolik jokatzen ez delako garapenerako proiektu sendorik. Baiona-Angelu-Miarritzeko (BAM) auzapezak zentro-eskuinekoak dira. Pastiza haien artean banatu dute beti. Horregatik Angelun PSko Jean Espilondo auzapeza izatea ongi hartu dut. Ezkerrekoa izaki saiatu beharko da hegemonia hori hausten. Badakit Espilondo ez dela abertzaleon laguna, ez duela gureganako sinpatiarik erakutsi, baina eboluzionatu dezake. Nik ikusi nahi dut zein rol jokatuko duen Baiona eta Miarritzeko auzapezen artean, alternatibarik ote duen erakutsi beharko du bederen.

Alabaina, PS eta ezkerra oro har eskuina bezain jakobinista da.


Bai, baina, abertzaleok proiektu onak landu eta eskaini ditugun herrietan ezkerraren eremua hartu dugu. Frantses ezkerra horretaz ohartu da, gu garela haien lehen arerioa. Guk ezkerreko proiektu egokiak lantzen baditugu haien bozak bilduko ditugu eta horrek lagunduko digu bidea egiten.


Zer iritzi duzu EHBaik kantonamenduetan erdietsi dituen emaitzez?


Emaitzak ez dira hain onak, betiko mailan gaude: puntu bat gorabehera, hautagaiaren arabera. Abertzaleon mezuan arazo bat dago: Iparraldeko barnealde eta kostaldearentzat mezu bera erabiltzea. Damu dut, baina abertzaleok diskurtso erromantikoarekin segitzen dugu. Nik udal kanpainan ez ditut Laborantza Ganbara, Departamendua edo Autonomiaren beharra aipatu. Aipatu banu martitzar bat bezala so eginen lidakete. Abertzaleok arras atxikiak gara aldarrikapen horiei, ondo da, baina BAMen, Donibane Lohizunen edo Hendaian ez gara urrun joanen.


Alain Iriartek egin duen zentro eskuinaren aldeko aukera nola baloratzen duzu?


Politikoki elkarrekin hazi gara, lagunak gara. Egin duen lanaren ordaina ukan du. Inork ez dio deus oparitu. Sei urtez oposizioan eta beste sei udal gobernuan aritu da, herritarrengandik hurbil. Joko politikoan sartu eta bozak eskuinaren eremuan erdietsi ditu, ados. Nik bere jarrera sostengatzen dut.


Kontseilu Nagusia amini bat aldatu da, PSk irabazi aulkiak direla-eta.


Ni loriatua naiz. Abertzalea eta ezkerrekoa naiz, nahasia, ez erdia eta erdia, nahasia. Departamenduaren erdia ezkerrekoa bada loriatzen naiz. Bidea hori dela erakutsi digute emaitzek. Gure proiektua ezkerretik joanen bada, ezker frantsesarekin lan egin beharko dugu ezinbestean. Haiek gure beharra dute eta guk haiena.

Abertzaleen bidea hori da, beraz.


Dudarik gabe. Hauteskundeen xedea boterea hartzea da eta abertzaleek ez dute barneratu hori oraindik. Herri mailan ari naiz, besteetatik urrun gara oraino, baina jinen da. Frantses sistemak kontraesanean jartzen gaitu, ados. Alain Iriart horren lekuko. Ezkerrekoa da, baina zirkunstantziek eskuinaren esparrura eraman dute. Sistema perbertsoa da nolabait. Baina jendeak bereizi behar ditu pertsonaren nortasuna eta sistemarena. Hautetsi abertzaleek eta oinarrizko militanteek denbora hartu behar dugu barne gogoeta egiteko, oinarri berriak eta proiektu argia eta bateratua finkatzeko. Bide horretan inkoherentziak izanen dira eta kontraesanak, bistan da, baina politika hala da. Abertzaleok koherentzia atxiki behar dugu, baina inkoherentziak ‘onartzen’ eta haiekin bizitzen ere ikasi behar dugu.


Hein honetara helduta, galdera da, zer egin?


Bai. Hasteko diskurtsoa bateratu behar dugu. Barnealdeko abertzaleen diskurtsoak ez du balio kostaldean. Eraikuntza nazionalak ez du Iparraldean lehentasunik, gure lehentasuna ezkerreko proiektu aurrerazalea eraikitzea da: etxebizitza, garapen iraunkorra, garraioa, sozial gaiak, kirola eta kultura, euskara barne. Hitz bitan, esparru soziala landu behar dugu gizartearen beharrei erantzuteko.


Abertzaleek oro har beren proiektua argitzeko tenorea heldu da.


Hasteko Iparraldean ezin da gehiago Hegoaldeko errezeta aplikatu. Betiko galderarekin segitzen dugu: zer nahi dugu nazio bezala? Errazera jotzen dugu. Autonomia proiektua? Ados. Denok bai erraten dugu, baina zer da proiektua zehazki? Autonomiaz pentsatzea baino zailagoa da irakaskuntzan edo lan esparruan soluzioak aurkitzea. Eguneroko beharren soluzioak atzeman behar ditugu.


Nola ikusten duzu Euskal Herria bere osotasunean?


Hegoaldeko egoerak zinez hunkitzen nau. Abertzalea naiz eta hango egoeraren mina daukat jaikitzean eta oheratzean. Bortizkeria, terrorismoa edo borroka armatuaren garaia pasa da. Nahi bezala deituta ere, gelditu behar da. Soluzioa luzea da, politikak ez du aterabiderik berehala ekartzen, pixkanaka joan behar dugu. Irlandan egin duten bezala. Lizarra-Garaziko Akordioaren nostalgia dut. Urrats handia eman genuen. Batzuek boterea galtzen zutelako leherrarazi zuten eta min dut. Bide hura zen aterabidea, baita Iparraldearentzat ere. Udalbiltza arma izugarria zen, gure herriko etxeetan “arma atomikoa” zen.

Azkenak
1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Irakasle baten jazarpena eta ukituak
EHUk baieztatu du hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela

EHUko Errektoretza Taldeak ARGIAra igorritako oharrean zehaztu duenez, Filologia Hispanikoko irakaslearen aurkako salaketen "berri izan zuen unetik abian da protokoloak zehazten duen prozedura". Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo... [+]


Tabakoaren kea irensten duten haurrek erretzaile aktiboen antzeko arrastoak dituzte DNAn

Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.


2025-02-12 | Hala Bedi
Maren Lazpiur (Ikasle Abertzaleak): “Gizartean gertatzen ari den gorakada erreakzionario horretan, unibertsitatea ez da salbu gelditzen”

Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak... [+]


Netanyahuk gerrarekin mehatxu egin du larunbatean preso trukea egiten ez bada

"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]


2025-02-12 | Euskal Irratiak
Marieniako lurren aldeko militanteen epaiketa, irailaren 9ra gibelatua

Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]


Adimen artifizialean 200.000 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu du Europak

Otsailaren 10 eta 11n ehun bat estatuburu elkartu dira Parisen, Adimen Artifizialaren sektoreko ordezkariekin batera, AAri buruzko laugarren gailurraren kari. Abiadura handian garatzen ari den teknologia horri buruzko kezkak eta galderak entzun badira ere, ez zen horientzako... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


2025-02-12 | Iñaki Barcena
Aroztegiaren silogismoa

Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.

Tesia: Baztango... [+]


Antzinako hegaztien gidaliburua

Poloniar ikerlari talde batek Sevillako Italica aztarnategiko Txorien Etxea aztertu du, eta eraikinaren zoruko mosaikoak erromatar garaiko hegazti-bilduma xeheena dela ondorioztatu du. 

Txorien etxean 33 hegazti daude mosaikoetan xehetasun handiz irudikatuta. Beste... [+]


Despremu deprimituaren ondarea

Berriki landu ditut klasean Etxahun Barkoxeren kobla eder eta hunkigarriak. Gaizo gizona! “Edertasunez praube” sortu zelako hasi zitzaizkion etxeko nahigabeak, baina hamazazpi urtetan zen pulunpaka sartu zorigaitzaren itsasoan, maite zuen Marie Rospide doterik gabeko... [+]


2025-02-12 | Edu Zelaieta Anta
Gainbabesaren desbabesa

Elkarrizketa berritu dugu fakultateko idazkaritzan, auskalogarrenez: urruti daude, euren matrikula egiteko, ikasleak bakarrik etortzen ziren garaiak. Aspaldixko aldatu zen joera, eta gurasoek –nabarmenago amek– gero eta paper aktiboagoa hartzen dute seme-alaben... [+]


Harreman publiko-komunitario-kooperatiboak eraikitzeaz

Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]


Eguneraketa berriak daude