Segur mugaz alde bietako pilota kirol berdina dela?
Han lantokia da frontoia, hemen ez da profesional sartzeko beste diru irabazten. Han komunikabideek kirol handitzat dute pilota, hemen ez da hainbesteko interes eta mugimendurik. Han apustuak daude, hemen... Bi mundu dira.
Hasi zara zure lana goraipatzen!
Frantziako federazioak ezker pareta arrunt gaizki ikusten du eta ateak ixten dizkio. Federazioak trinketea lantzen duen bezala landuko balu ezker pareta, beste kontu bat litzateke.
Ez dira ba trinketearen urrezko sasoiak.
Gobernuak ordaintzen dituen entrenatzaileek dute errua. Ez dira ofiziokoak, ez dakite zer egin behar den, baina hor sartu ziren, batek daki nola, eta gobernutik kobratzen dute. Profesionalak hezteko ofizioa behatz puntetan ezagutu behar da.
Ofizioa ala negozioa?
Hegoaldean pilota negozioa da. Enpresariek ongi irabazten dute, pilotariek ere bai... Pena litzateke, alta, espektakuluaren eta jostetaren zentzua galtzea. Joko polita da denei gustatzen zaiguna, baina ezin bada arriskatu...
Ez zara Goñizale itsua izango, ezta?
Pilotari batek gauza serioak egin behar ditu, ados, baina frontoia betetzen jakin behar du. Futbolean Ronaldinho ikustea gustatzen zait, tenisera McEnroe-k erakarri ninduen... Ez da kasualitatea.
Enpresekin kasualitate gehiegi ez ote den gertatzen...
Enpresak partidaren %50a baldintzatu dezake. Nola? Pilotekin, adibidez. Nik laranjak maite baditut eta enpresak sagarrak jartzen badizkit, nahitaez hautatu beharko dut sagarra.
Ikusleoi sagarrak ez, sekulako porruak sartzen dizkigute txapelketaro!
Enpresak negozioari begiratzen dio. Eulate iaz txapeldun izan zen, baina aurten ez dute ezta ordezko jarri, kontratua laster bukatzen zaiolako. Enpresak nagusi izan nahi du. Ez du bihotzik.
“Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa...”
Enpresarentzat zitroinak gara. Jusa duguno aitzina, jusa finitzean kanpora. Pilotari batzuei ez diete sekula beste batzuei adinako aukerarik eman. Orduan, beti beldurrez jokatzen dute, eta kontratua bukatzean...
Aski dute, zu bezala, kantuz edo aurkezle lanetan hastea!
Artistak gai gara gauza anitz egiteko. Batzuk pilotariak dira eta ez dira beste deus egiteko gai. Gu ez gara hain pilotari onak izan, hain kantari onak ere ez, aurkezle gisan ere... Baina denetik pixka bat eta beti hor.