Manu Chao: «Arrazismoa unibertsala da»

  • Bidean hiltzen den baino jende gehiago bizi da espaloian. Zahar bizardun bat gitarra desafinatu bat jotzetik, mutiko hortz zuri bat diskoak doan saltzetik, neskato dominikar bat larrutik. Sormena bizi da espaloitik. Eta Manu sormenetik. Erakutsiaz eman dakiokeela munduari itzulia espaloitik ere.
Manu Chao
Manu ChaoTxomin Txueka
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Azken diskoko hitzak dira: “Yo vengo del hoyo...


Bai, baina zortea izan nuen, sekula arazo ekonomikorik izan ez duen familia batetik nator. Gainera familia batu batean haztea tokatu zitzaidan, eta denena ez da hala izaten, are gehiago ni hazi nintzen ingurumarian, familiak oso zatituak zeuden, arazoak besterik ez etxeetan. Kultura eta maitasun handia eman didan familia eduki dut, eta mila esker, eta bi mila esker, eta hiru mila esker.

Madarikatua da askoren ahotan, baina Paris inguruko auzoak bezalakorik ez omen dago ikusteko zer den mundua, eta ikasteko zer den bizitza.


Egia da, gure koadrilan baziren ipar afrikarrak, Malikoak, Senegalgoak, portugaldarrak, beste zenbait frantziarrak. Eta auzoan armeniar asko ere bai, koadrila indartsua armeniarrena zen, uf, kontuz horiekin! Izan ere koadrilen fenomenoa bizi genuen. Beste auzoko koadrilari gerra deklaratzen genion; “Sevresekoak gara gu, eta gure perimetroa defendatzen dugu, eta gure ondoko auzokoak gure arerioak dira!”. Ni ere han ibiltzen nintzen, baina benetan esango dizut, ni ez nintzen aktibista, bortizkeria ez dut nirea, baina joaten nintzen koadrilarekin ostiak ematera. Nik ez nuen ematen, ez zitzaidalako gustatzen, eta jaso ere ez, koadrilak ongi babesten ninduen. Ni maskota bat bezala nintzen, eta ez dakit zergatik eramaten ninduten denetara, zortea ematen nuelako edo... Lapurretetan ere egoten nintzen, eta gasolinerak atrakatzean galtzetan kaka egiten nuen nik, baina beti joaten nintzen, beharbada morboagatik edo. Orduan hasi zen nire bizitza bikoitz hura; batetik eskolako bizitza, eta bestetik koadrilakoa. Eskizofrenia bat sartu zitzaidan, eta ez nuen jakin biak ongi bateratzen.

Gogorretik kontatu duzu, kontatu ezazu orain ederretik auzuneko bizitza, madarikazioak hausteko.


Orain erabat aldatua dago, eskuin muturreko hiri bihurtu da. Baina ni hazi nintzenean hiri komunista zen, Renaulten fabrika han zegoelako. Nik hamar bat urte nituela itxi zuten fabrika, eta langile guztiak kendu zituzten beste leku batzuetara bidaltzeko, han ez baitzegoen jada lanik. Orduan hiri huts bat gelditu zitzaigun, hiri fantasma bat. Dena guretzat. Ate bat zabaldu, eta bertan instalatu. Okupa erraldoi bat zen. Denek hiru edo lau apartamentu genituen. Eta kanpotik jende asko etortzen zen okupatzera, batzuk kontzientziaz, besteak bandido hutsak zirelako, edo atrakatzaileak. Han denetik zegoen. Eta nire zortea izan da nerabezaroa inguru hartan bizitzea. Niretzat hura bizitzaren tailer izugarria izan zen.

Nolakoa zen zuen Sevreseko etxea?


Oihantxo baten ondoan zegoen, eta hori asko baloratu nuen. Aitonak (euskalduna zen), gerra aurretik, eguna Gorbean pasatzen zuen, eta bere bizitzako azken urteak Pariseko oihanetan pasa zituen. Ni baso hartan hazi nintzen nire aitonarekin. Gure etxeko mahaian sekula ez zen ziza nahaski bat falta izan. Aitonak biltzen zituen.

Nola zuen izena?


Tomas. Oso pertsona ondradua zen, kaskagogor izateraino ondradua. Hainbeste gustatzen zitzaion Gorbea, beti hitz egiten zigun inguru hartaz, baina demokrazia iritsi ondoren ere ez zuen berak inoiz hara itzuli nahi izan. Beretzat demokrazia ez zen garaipena. Esaten genion, “aitona, goazen denak Gorbeara, osteratxo bat emango dugu denek, pasa zen garai hura, ezta?”. Baina alferrik, ez zen itzuli, bere konbikzioengatik. Eta kaskagogorkeriagatik. “Errepublika itzultzen ez den arte ez naute han ikusiko!”, erregearen hori ezin izan zuen irentsi. Ni txoratzen joango nintzatekeen berarekin paseo hura ematera Gorbeara. Eta joan nintzen azkenean, baina bere errautsekin. Parisen hil zen. Eta errautsak Gorbeara eramatera joan ginen, amarekin, Ferminekin, koadrila osoarekin eman genuen osteratxoa.


Beti zure aita aipatzen da, Ramon Chao, idazle eta kazetaria, Le Monden, Le Monde Diplomatiquen, baina...


Eta pianista ere bai. Inork ez daki baina nire aitak piano karrera ikasi zuen aurrena. Aitonak erabaki omen zuen gure aitak pianoa jotzen ikasiko zuela, eta kito, ez zegoen eztabaidatzerik.

Baina zure amaz galdetu nahi nizun, Bilbokoaz. Zer erakutsi zizun amak?


Ama da nire aholkularia. Nire aita ni baino zoroagoa da, kar, kar, kar... Nire ama zientifikoa da, dena analizatzen du, aldekoa, kontrakoa, eta inoiz zalantza politikoak baditut? Hartu telefonoa eta “ama, zer iruditzen zaizu hau?”. Amarekin izaten dudan tertulia politikoa izugarri gustatzen zait. Ama indar bat da, sosegua. Eta aholkuetarako ama dut.


Eta kasu egiten diozu?


Orain bai. Izan zen garai bat ez niona egiten. Eta asko sufritu zuen. Hemezortzi urterekin ikasketa guztiak utzi eta musikara bideratzea erabaki nuenean nire ama desesperatu egin nuen. Ama ezerezetik atera bazen bere ikasketei esker izan zen, eta nola ulertu hark nik dena uztea? Baina bere aholkuei segi ordez intuizioari segitu nion, eta uste dut bere aholkuak segitu ez eta asmatu nuen aldi bakarretakoa izan dela.


Amari ez ezik Parisi ere kosta omen zitzaion zuen musikarako emana ulertzen.


Nire musika eskola ez zen Paris izan. Parisi ez zitzaion interesatzen guk egiten genuena. Eskerrak egon zen Bretainia, eskerrak Belgikako zenbait leku, gu han hasi ginen jotzen, nahiz eta tabernatxoetan izan, ogitarteko baten truke, edo ipurdian ostikada baten truke. Paris azkenekoa izan zen guri ateak zabaltzen. Dagoeneko sartua zen alternatiba, zenbait banda inportante lekua hartzen ari ziren, Berurier Noir, edo Kortatu, horiek Parisera iristen ziren, eta garrantzitsuak ziren. Hala guk ere mundu hori guztia deskubritu genuen, eta elkartu egin ginen denak, oso arrazoi garbi batekin: neonaziengandik babesteko.


Ni galderak egin eta egin ari naiz, eta zure erantzunak bilatzen, baina zu gehiago zara galdera gizona erantzunen gizona baino.


Galderak egitea errazagoa baita erantzunak aurkitzea baino. Erantzunik gabeko galderaz betea nago, eta uste dut mundu guztia hala dagoela. Eta horrekin bizitzen jakin behar dugula uste dut, onerako bezala txarrerako. Baina Conceiro idazle galiziarrak esaten zuen bezala, “kontua ez da altxorra aurkitzea, bilatzea baizik”.


Eta erantzuna aurkitzen duzunean?


Galdera bati erantzun diozunerako beste galdera bat iristen da beti, hori da polita bizitza honetan. Eta politenak umeen galderak dira, nire auzoko lagun batek zioen bezala, “umeen galderetan mundu guztiarentzako egiak daude”. Haurren galderak egiara zuzen botatako geziak dira.


Zuk beti jarraituko duzu haurra izaten?


Saiatzen naiz, hori da nire bizitzako filosofia. Badakit ezinezkoa dela, gizarteak dagoeneko formatuan sartu nauelako, eskolatik pasa nintzen, pasa nintzen hezkuntzatik, pasa naiz egin daiteke eta ezin daiteke egin horretatik, baina sortzaile moduan saiatzen naiz izan nintzen haurra berpizten, saiatzen naiz ahalik eta gutxien analizatzen nire burmuinarekin. Eta norbaitek esaten badit, “baina musika honekin zer esan nahi zenuen?” Nire erantzuna “ez dakit” da. Haur bat ez da sekula gelditzen esan duena pentsatzera. Esan du, eta kito.


Norbaitek esana da hau ere: hiria zangoekin irakurtzen den liburu bat da.


Arrazoia. Ni hiriko arratoia naiz, eta hiri bat oinez ezagutzen da, hiria oinezkoena da. Horregatik naiz ni gustura ibiltzen den hirietakoa, eta ez naiz inoiz Los Angelesekoa izango, beti izango naiz New Yorkekoa, New York oinez irakurtzen baita, nahiz eta ez dakizun nora zoazen. Ni Riokoa naiz, carioca, ez Sao Paulokoa, Sao Paulok auto bat edukitzera behartzen zaitu, eta nik ez dut autorik, Bartzelonan bizi naiz, autorik gabe. Eta ibiliak narama.


Gainera ez da irakurtzearena bakarrik, dabilen zango bakoitzak idazten du hiria.


Hankek ematen dutena hurbiltasuna baita. Oinez zoazenean segundo batean denda barruan zaude, edo taberna barruan, eta autoan pasatzen bazara, esaten duzu, “oh, zein polita, egun batean hemen gelditzerik bagenu! Baina orain ez gara aparkatzen hasiko”. Eta ikusten dituzu gauzak eta jakin-mina frenatzen zaizu... baina ez da gelditzen. Oinez baldin bazoaz bost minutu beti sobratzen dira.



Inspirazioa ez dizut galdetuko nola ateratzen den, baina bai nola sartzen den. Nola elikatzen duzu inspirazioa?


Ibiliz. Eta hor dago marihuana ere. Nik porro txiki bat erretzen dut, eta ez baldin baditut boligrafo bat eta paper bat eskura urduri jartzen naiz, ideiak jauzika hasten zaizkidalako. Ez dut esan nahi marihuanak denerako balio didanik, nik inoiz ez dut kanuto bat erretzen oholtzara igo aurretik, efektua kontrakoa izan daitekeelako, garra kentzen dit, eta ez naiz porrero bat. Porrorik ez baldin badago ez dago, eta berdin zait, ez daukat menpekotasunik, baina ordu erdi txiki bat baldin badaukat sormenerako, gustatzen zait, sortzeko ona zait. Porro baten barrutik beti ateratzen zait poesia minututxo bat, laguntzen dit nire bazterretara iristen, haurtzarora itzultzen, burmuina desegituratzen dit, eta esaldi tontoagoak ateratzen zaizkit, ausartagoak.


Alkoholak ere inspiratzen zaitu?


Baita ere. Zenbat kantu ez ote ditudan idatzi mozkortuta goizeko bostetan taberna ertz batean. Halakoetan eskuak beren kasa ibiltzen dira, burmuina beste nonbait egoten da. Jakina, gauza politak eta txorakeriak ateratzen zaizkit, baina gustatzen zait.


Malenkoniazko hitzak idazten dituzu, baina umore gizona zara zu.


Gustatzen zait umorea, gustatzen zait goizeko bostetako tertulia, gustatzen zait regueifa...


Me gustas tú...


Kar, kar, kar. Gustatzen zait arte hori, inprobisazio zuzen hori, berbala eta mentala. Zoratzen naute ordu txikietako txarla horiek, alkoholaren uztarritik doazenek, hor bai zoriontsu sentitzen naizela. Goizeko bostetan taberna batean, hitza gorenera iristen da, eta iristen dira esaldiak hurrengo egunean inork oroituko ez dituenak, inork ez baititu idatzi. Baina hor joan dira historiako poemarik ederrenak.

Goizeko bostetan norbaitek esango balizu: Manu, bihar goizean gabezia batekin esnatuko zara. Begiak edo belarriak, bietako bat galduko duzu, aukeratu nahi duzuna.


Oraingoz, begiak dira lehenengo alde egin nahi dutenak. Belarriak inoiz baino afinatuagoak daude, beraz pentsatzen dut begiei tokatuko zaiela. Eta bene-benetan, angustia gehiago sortzen dit nire burua itsu ikusteak nire burua gor ikusteak baino.


Zu lasai, itsu ez zara inoiz ikusiko eta.


Kar, kar, kar. Baina beldur gehiago diot iluntasunari isiltasunari baino.


Iluntasuna eta ikusi ezina batera doaz ia beti. Arrazismoa ere holako zerbait da.


Bai, baina arrazismoa ez da kolore jakin batekoa, arrazismoa unibertsala da. Sekulako arrazismoa dago beltzen eta mairuen artean, edo Hego Amerikan beltzen eta indigenen artean. Askok dio, eta ni haserretzen naiz: “Arrazismoa zuria da”. Gezur hutsa. Zuriaren arazoa da historiarekin boteretsuena bihurtu dela, eta orduan bortitzena bera dela, baina arrazista mundu guztia da. Zer gertatuko litzateke beste bat balego boterean? Berdina. Arazoa gizakiaren eta boterearen arteko harremana da. Etsigarria eta tristea da, badirudi edozein arrazatakoa izanda ere edozein gizakik boterera iristen bada eta botere pixka bat hartzen badu izugarri gustatzen zaiola bere azpitik dagoena txiki-txiki egitea.


Eta nola aurkitu benetako harmonia?


Harmonia hitz ederrenetakoa da. Denerako balio du. Eta teoria aurkitua dago. Biblia irakurtzen duzu eta hortxe daukazu, denek maiteko dugu elkar, belarrondoko bat ematen dizutenean jarri beste masaila, zoragarria. Baina hori teoria baino ez da.


Liburua itxi orduko ahazten dena.


Eta koranean ere berdin, irakurtzen duzu eta zoragarria, denek maiteko dugu elkar, denek banatuko dugu dena, baina praktikaren ordua iristen da eta denak elkarri ostiaka.


Zu ateoa zara?


Jada ez dakit. Beti izan naiz, baina orain ez dakit. Baina bai. Ez... bai, ateoa naiz.

Bai ala ez?


Bai, ateoa naiz, zientifikoa naizelako. Nire ama eta nire etxeko erlijioa espiritu zientifikoa da. Emadazu froga Jainkoa existitzen dela eta onetsiko dizut, baina ez dut frogarik. Eta gainera liburuak irakurtzen ditut alde batetik, eta bestetik ikusten dut mundua nola dagoen, eta ez dakit ba, edo Jainkoa ez da existitzen, edo ez da hain gorena. Humanoa izango da agian.


Eta demokrazia existitzen da?


Aurkezten zaigun demokrazia diktadura bat da, diruaren diktadura. Politikariek jada ez dute agintzen. Gaur egunean botoa emateko akzioak erosi behar dira. Exxoneko zuzendari orokorra bozka bazenezake, hori boto erreala da, indar politikoa duen botoa. Gaur egunean demokrazia aipatzen denean esan nahi da akzioak ba ote dituzun edo ez. Eta horiek erosi egiten dira, han erabakitzen baita dena, ez gorteetan edo parlamentuan. Ekonomiak politikari borroka irabazia dio, eta gure botoa eskatzen duten politikariena, hauteskunde programa bat baino telebistan dotore azaltzea nahi duten horiena, horiena show-business hutsa da.


Diote denek bozkatu beharko genukeela etxe zurirako. Bozkatuko zenuke?


Jakina bozkatuko nukeela. Nik beti eman izan dut botoa. Frantzian jaioa banaiz nire aitonak bere larrua jokatu zuelako da, eta nire aitonak zertarako jokatu zuen bere larrua? Guk boto eskubidea izan genezan. Ostatuetan hemen dagoen debatea oso ongi ulertzen dut, nire kolegen erdiek ez dute bozik ematen, ulertzen diet, baina nik nire aitonagatik bizitza guztian emango dut botoa. Okerrena da ez dudala inoiz norbaiten alde bozkatu, beti bozkatu dut zerbaiten kontra. Eta milaka pertsonek nik bezala. Le Pen buruz-burukora pasa zenean bezala, imajinatu gu guztion barne sua, Chiracen papertxo puta hori sartu behar kutxatxoan. Tira, egia esan, ez dut sekula sentitu papertxoan “honek ordezkatzen nau ni” esateko modukorik.


Nortasuna ere antzekoa da horretan, papertxo batean idatzia eramaten da, sakelontzian sartua. Baina beti ez da sentitzen “honek ordezkatzen nau ni”, ez dakit zure kasua hala den.


Ni Frantzian hazi nintzen, baina naziotasunaren kontuarekin ipurdia garbitzen genuen auzune batean. Errespetua diot hazi nintzen lekuko kulturari, baina ez dut harro ahoskatzen nire sorlekuaren izena, eta “frantziarra sentitzen zara?” galdetzen didatenean “ez dakit zertaz ari zaren hizketan” erantzuten dut. Naziotasunarena ez da kontu politiko bat, bizitzeko filosofia bat baizik. Urteak pasa nituen esanez munduko hiritarra sentitzen nintzela, eta egia da, Rio de Janeirokoa sentitzen naiz, sentitzen naiz Cearakoa, Brasilgo ipar ekialdekoa, hangoa delako nire semea, eta leku hartaz maitemindu nintzelako, Galiziakoa sentitzen naiz, eta sentitzen naiz Euskal Herrikoa ere. Beraz mundukoa naizela esaten segitzen dut, nire bidea hori da, baina orain hitzak pixka bat afinatu ditut, eta erantzun berria ateratzen zait: ni momentu presenteko hiritarra naiz, unea, hori da nire naziotasuna, hori delako sekula eskapatu ezingo naizen etxe bakarra.


Eskolara itzuliko bazina eta galdetuko balizute munduko mapa marrazteko, nola marraztuko zenuke?


Ez dakit, marrazteko ez dut askorik balio, baina saiatuko nintzateke ongi egiten. Izan ere nire gaztaroa munduko mapen artean pasa nuen. Hamar edo hamaika urterekin geografian inork ez zidan irabazten, ezta andereñoak ere, dena nekien; buruz nekien atlasa, Indiako herrixkak, Tailandiakoak, Ginea Berria, Papuasia, dena. Elkarri galderak eginez jolasten ginen etxean, eta nire amonak, euskaldunak, atlas bat oparitu zidan. Tira, lehenik munduko bola horietako batekin saiatu zen, urtebetetze batean ekarri zidan, eta izugarri gustatu zitzaidan, baina minutu erdi bat barru sekulako errieta egin zidaten. Futbolean jolasten ari nintzen bolarekin.


Hori da presidenteek egiten dutena.


Bai, baina guk umetan egin genuen. Eta hura ikusi eta gero atlas bat oparitu zidan amonak.


Nola margotuko zenuke Kuba? Zein koloretan?


Tostadito, pixka bat xigortua.

Zigortua.


Bai, baita ezkerreko prentsak ere. Informazio okerra baino ez dute zabaltzen, eta horrek min ematen dit. Beti berdina esaten ari dira, “Kuba diktadura bat da”. Konforme. Baina Kolonbia? Hego Amerikako demokrazia eredugarri hori, ez al da diktadura bat? Zer da hobea, Kuban disidentea izan ala Kolonbian izan? Nik galdera hori egiten dut. Uste dut nahiago dudala Kuban izan disidentea. Kuban disidentea bazara agian kartzelan sartuko zaituzte, baina Kolonbian sindikalista bazara, zenbateko bizi esperantza duzu? Urtebete, edo bi? Kartzelatik ez baitzara pasako e! Beraz Kuba kritikatu behar duenak, lehenik, garbitu dezala bere sukaldea!

Eta nola marraztuko zenuke Venezuela?


Suziri izugarri baten moduan. Venezuela gaur eguneko laborategia da, gauzak aldatzen eta elkarbizitzarako metodo berriak sortzen saiatzen ari den laborategia. Eta jendea baldin badago elkarrizketa hau irakurtzen duena, eta etorkizun hurbilean Hego Amerikara bidaiatu nahi duena, nik “joan Venezuelara” esango nioke. Momentu berdingabea bizi du Venezuelak. Agian, dena pikutara joango da hiru urte barru, agian mundu hobe baten soluzioa aurkituko dute, ez dakigu. Agian Chavez jauna, oraingoz malgutasun interesgarria erakutsi duen gizona, diktadore bihurtuko da, agian gizon geniala izango da, ez dakit. Gizakiaren historia adibide txarrez betea dago, agian Venezuela tranpa berdinean eroriko da. Agian ez. Zirraragarria da hori. Venezuelan iraultza bat asmatzen ari dira egunero.


Froga zailagoa orain: margotu Kolonbia.


Kolonbia hain da politikoki herrialde konplikatua! Denbora dezente pasatu dut han, Hego Amerikan gehien ezagutzen dudan herrietako bat da, baina politikoki ez dut deus ere ulertzen. Eta uste dut kolonbiar askok ere ez duela ulertzen. Nolabait, lurralde hurbilagoetara etorriz, ez dut ezer ulertzen Euskal Herrian gertatzen dena ere, halako katramila muntatu da, inork ez du ezer ulertzen, eta bortizkeriak hor segitzen du inertziagatik eta interesengatik, ez batek ez besteak ez digu egia kontatzen... Eta Euskal Herriko politika ulertzen ez dudan bezala ez dut ulertzen Kolonbia. Beraz ez dut afinitaterik FARCekin. Zapatistekin alderantziz gertatzen zait, EZLNk egun batean galdetuko balit “Manu, mendira etorri behar duzu gurekin”, bai, dena hartu, eta mendira joango nintzateke, eredua zabaltzen dutelako. FARCek galdetuko balit, “zertarako? Esplikatu iezadazu lehenik ongi zer gertatzen ari den zuenean, ez baitut ezer ulertzen”, erantzungo nuke. “Paramilitarren bertsioa argi eta garbi daukat, badakit oso ongi zergatik eta zertarako dauden, kazikeen matoiak dira. Baina zuek zer zarete? Ez daukat ez argi eta ez ilun”. Argi daukadan bakarra da, hango herrixketan bizi den jendeak, tiroketen erdian, ez duela holakorik merezi. Hain dira onak, eskuzabalak, “onegiak zarete mundu honetarako –esateko gogoa sortzen zitzaidan Mano Negrarekin joan ginenean–, jarri zaitezte gogorrago, baita nirekin ere, mundu hau ez da zuek bezalako jendearentzat egina”.

Gero eta mundu konplikatuagoari zuk hitz sinpleak idazten dizkiozu.


Bai. Konplikazioa beti izan da harmoniaren etsaia, eta niretzat harmonia hitzik ederrenetakoa da. Eta konplikazioa du etsai. Baina tira, beti ere ez da hala, munduko harmoniarik handiena natura baita, eta natura denik eta konplikatuena da.


Eta zuk musikaren bidez birziklatzea defendatzen duzu.


Noski, hori da gure leloetako bat: birziklatzea edo heriotza. Denek nahi dute denetik, baina planetak ezin du gehiago eman, egun batean denek ikasi beharko dugu pretentsioak jaisten, bestela akabo. Txinatar denek guk bezala bizi nahiko duten egunean planeta honenak egin du, hori denek dakigu.

Ilargira joango gara.


Gizakiaren historian gain-populazioaren arazoa nola konpondu da beti? Inmigrazioarekin. Beraz hurrengo inmigrazioa planetak izango dira. Eta gizakiak ez badu masiboki beste planetetara emigratzeko bidea aurkitzen, lehertu egingo gara, akabo gu.

Baina gu, zer gara ba gu?


Gu zauri bat gara naturan. Zibilizazio humanoa naturaren sorkuntza zoragarria da, baina aldi berean ez dago dudarik suizidio kolektiboa dela. Eta egun batean naturak kakatara bidaliko gaitu egiten ari gatzaizkion minagatik. Eta arazoa ez da bera, arazoa gu gara. Denek diogu naturari min ematen ari garela, baina oker gaude, natura hori baino askoz ere fuerteagoa da. Mina geronen buruari ari gara egiten. Amazonia desagertuko dela? Baina nor hilko da? Gu. Natura ez. Naturan, berrehun mila urte barru beste Amazonia bat aterako da, lasai. Eta beretzat berrehun mila urte ez da ezer, guretzat kafe bat hartzera joatea bezala gutxi gehiago.

Eta gustatuko litzaizuke ilargian kontzertu bat eskaintzea?


Zergatik ez? Baina momentuz beste ilargi batean bizi naiz. Oraingoz nahiago dut egun batean berriz ere Bilbon kontzertu bat eman, Aste Nagusian adibidez. Ez dago zertan hain urruti joan kontzertu polit bat egiteko.
Nortasun agiria
Manu Chao 1961eko ekainaren 21ean jaio zen Sevresen, Pariseko mendebaldean. Sorterrian baxora bitarteko ikasketak egin zituen, eta handik aurrera musikarako bizitzea deliberatu zuen. Talde bat baino gehiagotan ibili ondotik, 1987an, bere anaia eta lehengusuarekin batera, Mano Negra talde sonatua sortu zuen. 1994an bakarlari bihurtu zen, eta Clandestino (1998) eta Próxima Estación: esperanza (2001) lehen bi diskoekin mundu osora zabaldu zen bere ahots berezia. Musikari ezaguna izateaz gain bestelako mundu baten esperantzaren aurpegi bihurtu da. Zango bat Bartzelonan eta bestea Parisen duela bizi da, eta abenduan kaleratu zuen Radiolina bere azkeneko diskoa. Orain, jira berria prestatzen ari da.
Doctor Feelgood
"Uste dut hori dela munduko banda bakarra ni benetan fana izan nauena. Fana, fanatikoa alegia, beso bat moztu behar balidate, moztuko nuke. Gainera, auzoko legeak sartzen uzten zuen talde bat zen, nork esan behar zuen Doctor Feelgood ez zela rock and rolla? Zeren eta gu baino nagusiagoek, auzoko bandidoek, agintzen zutenek, musika bakarra entzuten zuten, rock and rolla, 61 artekoa, agian 62koa, 63koa jada desbideraketa zen. Musika hori entzuten ez zuena ostiaka hartzen zuten. Eta nik nire auzoan ezin nuen besterik jo, Eddie Cochran, Chuck Berry, besterik ez, bestela bedeinkatu egiten ninduten. Nire auzoan lehenengo disko punkyak bizitza arriskatuz sartu nituen".
Maradona
"Maradona destino bat da. Kritikatzen ahal da Maradona, gehiegi laudatzen ahal da Maradona, baina galdera handia hauxe da, kantuak dioena: ni Maradona izango banintz nola biziko nintzateke? Zer egingo nuke? Berak baino hobeto egingo nuke? Okerrago? Ez baita erraza Diego Armando Maradona izatea".
World Music
"Nik sekula ulertu ez dudan terminoa da hori. World Music gora eta World Music behera, baina nongoak dira artistak? Afrikakoak, Hego Amerikakoak, Asiakoak, ongi. Baina diskoetxeak nongoak dira? Senegalekoak? Baita zera ere! Nigeriakoak? Barrabilak! Ingalaterrakoak bai, Frantziakoak bai, edo New Yorkekoak. Afrikako musika sano egongo da artista afrikarra izango denean eta diskoetxea afrikarra izango denean. Zer demontre da World Music hori?! Neokolonialismo zikina! Artista hirugarren mundukoa da, baina diskoetxea ez".
Bush
"Bushek deituko balit, berekin kafe bat hartzeko, edo te bat, edo whisky bat, nik uste dut ez nukeela onartuko gonbidapena, eta ez nigatik, beragatik baizik. Berekin bakarka whisky bat hartzen ari naizela, beldur naiz nire onda bortitza ezin erreprimitu izatea. Uste dut txikitu egingo nukeela. Barkatu hain gordin esatea, baina hori gertatzeko beldur naiz. Eta hori ez zait gustatzen. Baina pentsa zer ardura, berekin ari zara hor hizketan eta esaten duzu, ‘txo, burua txikitu niezaioke oraintxe bertan’, eta humanoa naiz ni ere".
PPri salaketa
"PPk nire musika eta Tonnynen eta bion ahotsa jarri zuen bere mitin bateko bideo alderdikoi batean. Zapaterok bere garaian nire erreferentzia egin zuen, baina ez zen gehiagora iristen, eta prentsa komunikatu baten bidez erantzun genion. PPrena ezberdina da, mitin politiko baten barruan eta beste jende bat irainduz erabili dute gure musika. Niri inork galdetu al dit hori nahi ote nuen? Ez. Hori arazo juridikoetara iristen da argi eta garbi, eta salaketa jarriko diet".

Azkenak
2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude