argia.eus
INPRIMATU
Life of Sebastian
  • Life of Brian pelikularen bertsio gaurkotua: ospitalea. Zainketa intentsiboetarako unitatea. Gaixo terminalak ilaran. Eta medikua galdezka: “Zuri zer dagokizu, morfina ala gurutziltzatzea?”. Gaixo batzuek “morfina” eta bestetzuek “gurutziltzatzea” erantzuten duten bitartean, erietxeko bozgorailuetatik Tuterako apezpiku eta Iruñeko artzapezpiku ohi Fernando Sebastian kantuan eta txistuka entzun daiteke: “Always look on the bright side of life, fifu fifu fu fufi fuuuuuu…”.
Juan Kruz Lakasta Zubero 2008ko martxoaren 31
Juan Kruz Lakasta
Juan Kruz LakastaMikel Saiz
Artikulu hasiera surrealista samarra atera zait, baina errua ez da nirea baizik eta adierazpen are surrealistagoak eginez halakoak irudikarazi dizkidan artzapezpiku ohiarenak: “Kristok heriotza duina eduki zuen, zainketa aringarririk gabea”. Sebastianek Aste Santuan esan zuen hori. Erreferentzia zinematografikoekin segituz, agian egunotan telebistan pantailaratu dituzten The Robe (gazteleraz, La túnica sagrada), King of Kings (Rey de reyes) eta Jesus of Nazareth (Jesus de Nazaret) jarraian ikusteak eragindako euforiaren eraginpean mintzatu zen. Edonola ere, pasatu zen pasatu zenez: Kristo ez zen hil, modu basatian hil egin zuten.

Torturapean hiltzea heriotza duin eredugarritzat aurkeztea katolikoei ikaragarria da. Izan ere, Sebastianek badaki bere hitzek gaixo terminal fededun askoren erabakia baldintza dezaketela. Berak bultzaturik ehunka, milaka lagunek morfina bazterrean utzirik gurutziltzatzea hauta dezaketela. Zainketa aringarriak zokoraturik min ikaragarriak paira ditzaketela haien bizitzaren azken txanpan.

Horren guztiaren jakitun izanagatik ere, artzapezpiku ohiak esan zuena esan zuen. Horren gibelean fedearen argiaren kontzepzio itsua dago, erlijioaren ikuspegi dogmatikoa. Erlijio katolikoko dogmak dio bizitza dohain sakratua dela, Jaungoikoak eta soilik Jaungoikoak eman eta ken dezakeena. Dogma horren irakurketa literala egiten dute, eta horretan oinarriturik, jo eta su aritzen dira gizarte osoari, herritar katoliko zein ez katolikoei, bizitzaren haien ikuspegi hori inposatu nahian.

Ikuspegi dogmatiko horrek antisorgailuen, abortuaren, zainketa aringarrien, eutanasiaren inguruko debatea baldintzatzen du. Bistan da gai korapilatsuak direla, poliedrikoak, arantzadunak. Baina gutxitan izaten dira haien inguruko eztabaida eraikitzaileak; izan ere, gehien gehienetan ozenen entzuten diren argudioak helburu bakartzat eraistea duten dogmatikoenak dira. Dogmatiko deitu ditut. Zuzenagoa zatekeen integrista deitzea. Harrigarriki, XXI. mendean integristek itzal handia dute gure gizartean. Handia eta iluna, oso iluna.