argia.eus
INPRIMATU
Landareak
Paradisua
  • Paradisua, hauxe zen aurreagoko alean gurbitzaz argitaratutakoaren izenburua eta honoko honenarekin nahasian joan zitzaizuna. Beraz, lehengoaren izena jarri diot honi, Paradisua, oraingoarena, Kirten gogortxoa, hark bai zeraman.
Jakoba Errekondo 2008ko apirilaren 02a
Gogortxoa, Viburnum tinus
Gogortxoa, Viburnum tinus
Gurbitzaren fruituak nola alkohola sortzen duen eta euria ari badu areago, gurbiztirakoa ez da azarorako asmo txarrena: baso berezi horietan ugari izan ohi den tripaki, ziza hori, ontto eta abar mozkorralditxoaz bat biltzea. Paradisuan bizi da hemen gurbitza; ea geroni non bizi garen noiz jabetzen garen... Antzeko paradisua du hemen gogortxoak (Viburnum tinus), antzekoa baina ez bera. Gurbitza atlantikoari begira, egiaz Karibera begira bizi den eran, gogortxoak urak Mediterraneo aldera isurtzen dituzten lur beroak nahiago. Marmaratila (Viburnum lantana) eta gaukarraren (Viburnum opulus) familiakoa da gogortxoa, eta geurean harrapatua duen hedadura izanda, zaila egiten zait gaztelerazkoaren itzultze penagarria den izen hau soilik duela sinestatzea; gogortxoari durillo deitzen diote gaztelaniaz. Nafarroaren mugako Huescako mendietan, betatana deitzen omen diote. Askoz gertuagokoa sentitzen dut izen hori “gogortxo” itzulpen gogorra baino.

Betatana edo gogortxoari pipa-kirtena ere deitzen zaio. Zura gogorra eta ahokoaren eta tabakoarenaren su-artean izateko egokia, nonbait. Gogor izate hori dela-eta, orkoietarako eta pipa-kirtenetarako ere erabiltzen diren zuhandorrekin (Cornus generoa) nahasi izan dira, baita zuhandor deitu ere. Genero horretako jendearen gisan erreka ondo, txara eta sastrakadiak ditu plaza, baina estrada bazter, penditz eta sail arteko hesietan ere bertan gozo egiten du. Zur gogorra-eta, zurgin eta ebanista finenen eskuek makina bat inkrustazio eta marketeria apainduratan erabilia. Hortentsiak bezala, intsektuak erakartzeko bereziki eraldatuak ditu lore multzoetan ertzetakoak. Auzolan ederra, erdikoetara intsektu gehiago etorri arazteko kanpoko aldekoek beren burua antzutzen dute. Erdiko lore horiek emango dituzten baiak edo koxkorrak pozoidunak dira, ez gurbitzarenak bezala alderakargatzeko, ez, asmo txarrez baizik. Mediterraneoko berezko landaredi originaleko espezie garrantzizkoenetakoa dela diote. Pipaongo Semendian eta Apellanizko Atxarten haitz artean ale ederrik topatuko duzu.