Joxe Mari Ostolaza
Ditugu jada, bozketen emaitzen ajeak. Azken bi mahaien zenbatekoak jakin arte, irabazleak ginen. Zenbaiten urduritasuna, ezinegona, ezkuta ezinezko frustazioa bilakatu zen. Hogeita zortzi bozka eskas hondarrerako. Gure arteko baikorrenek ere irudikatuko ez luketen emaitza. Astean zehar bilkura publiko bi izan genituen beste ekintza propagandistikoen artean. Arrakastatsuak denak, PSko hainbaten harridurarako. Ez gintuzten ezagutzen eta beren hitzetan aitortza, harritu ditugu, ez gara jada uste zuten bezain estuak eta gurekoiak. Hain hurbil ikusi garaipena eskutik ihesi joan ondorengo festa ederra izan zen. Baina barealdiz, UMPkoen zerrendako partaide PNBko ezagun berriaren hitz hartzea datorkit gogora: “horiek independentistak dituzue” bota zuen publikoki entzulegoa izutu nahian. Gaztea dugu eta politikara heldu berria, UMPkoen lan zikina beregain hartu duena, herriko botere pikoa oinez baino helikopteroz igo nahi duena. Ezantzak duen prezioarekin eta igogailuaren kontsumoarekin, bide laburra du. Aurrerantzean, UMPkoek bera dute behar zuten abertzalea, zerrendako ikurrina, bihotz- bihotzean eramanen duena ezkutatuta ingurukoak kutsatu ez daitezen: Abelzalea. Berak esana, gu independentistak. Sei urteren buruan irabaziko dugunak.