Angel Erro, idazleaJosu Santesteban
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Bitxia gertatzen da, orduan, mundua horren gaizki ez zihoan garaiko testuak irakurtzea, dena beti okerragora joan dela egiaztatzeko, alegia, ez dela modernoen asmakizun bat. Lasaigarria da. XIV. mendean, Pico della Mirandollak zahar jendearen kexak deitoratzen zituen. Argudioa ezaguna da: zaharrek uste dute gazteek mundua galbidera daramatela, denak txarragora egiten duela, baina denak jarraitzen du bere horretan; beraiek ere gazte izan zirenean, gurasoek kontrakoa iritzi arren, ez zuten, ongi ahaleginduta ere, ezer galbidera eramatea lortu. Picok epaia ematen du: “Norberaren gainbehera fisikoa kanpoko hondamenarekin nahasi ohi” eta konparazio ederra gehitzen du, “gertatzen zaie ontziratzen direnei bezala, lurrari begira karelean jarrita, inpresioa dute portua urruntzen ari dela, baina itsasontzia da badoana”. E la nave va.
Jonathan Swiftek Zaharra egingo naizenerako asmo onak izeneko idazki bat osatu zuen. Begi aurrean dut orain: “Gazte batekin ez ezkondu; gazteagoekin harremanik ez izan, beraiek eskatuta baldin ez bada. Sermoirik ez bota…”. Nik ere, idatzi ez baditut ere, zaharra egingo naizenerako asmoak baditut, oro har ez doaz Swiftenetatik oso aparte. Lehen araua nostalgiarik ez sentitzea litzateke. Bigarrena, sentitzea saihestu ezingo dudan nostalgia inola ez agerrarazi. Eta abar.
Sastreren liburuak Guido Panciroliren bat ekarri dit burura, Aspaldi desagerturiko gauza gogoangarriak. Gaurko edozein euskal idazlek aise sinatuko luke titulu hori. Baiki, zerrendatzen ditu bere garaian, XVI. mendean, galduak ziren hainbat eta hainbat gauzaki, teknika, arte, ohitura... Xedea, berriz, ez da lehenaldia ederrestea, baizik eta garaikideek arazo zaharrei zer irtenbide berri topatu dieten aletzea, eta hauek eraginkorragoak, zorrotzagoak eta finagoak direla frogatzea. Adibideak askotarikoak dira: erromatarren garum saltsa kabiarrak ordezkatu du, edo, kontu hutsalagoetan modernoek bolbora edota inprenta asmatu dute.
Garai bakoitza bere zoroak bizi du.
Orduan intelektualak banatuta zeuden “modernoen” eta “antzinakoen” artean. Azken hauek Antzinate Klasikoa gizartearen gailurtzat jo eta ez zuten onartzen, geroztik, ezertan ere ahalko zitzaionik gainditu, ez arteetan, ez zientzietan, ez filosofian. Modernoek Antzinatearen mirespena, fosildu gabe, abiapuntutzat nahi zuten, Berpizkundeari giltza emanez.
Dibertigarria izan daiteke berez ez dagozkigun eztabaidetan (Amerikako Estatu Batuetako hautagai demokraten hautaketan, konparazione) zer jarrera hartuko genukeen irudikatzea. Kasu honetan, modernoak ala antzinakoak. Neure buruarekin zintzo izan nahi badut, badakit, eta ez oso ongi zergatik, nire gaurko oniritzia modernoekin guztiz bat datorrela, baina ezin dut ekidin nire orduko jarrerak antzinakoen alde eginen lukeela pentsatzea. Izan ere, garai hartako eztabaidak, testu frantsesetan batez ere, baina ingelesetan ere oparoak, irakurrita, nire begietara antzinazaleek badute holako grazia bat –agian, arrazoi faltak berak emana–, sinpatikoak egiten zitzaizkidanak.
Aurretik esan dudan guztiarekin –barkatu (luzatu banaiz): (guzti-)guztia beti (tarte) erdian (esan) daitekeela frogatua (baino frogatuagoa) daukat–, zahartzaroan neure buruari debekatu diodan ariketa batean hasteko gogoa piztu zait. O tempora… Frogatzen… Bat, bi, bat, bi… Frogatzen… Bai, bai… O tempora, o mores. Bai, prest nago, aspaldi galdutako gauza gogoangarri baten deitore kantua egiteko, seigarren zentzumenarena, hain zuzen:
Ikusmena, entzumena, usaimena, dastamena eta ukimena, horiexek dira bost zentzumen kanonikoak, geure baitako mundutxoa kanpokoarekin harremanean jartzeko nahikoak izan beharko liratekeenak. Robert Burtonek dioenez hasierako hirurak erosotasunezkoak dira; azken biak, dastatzea eta ukitzea, beharrezkoak. Tabakoari eta jaki transgenikoei esker garaikideok frogatu dugu dastamena ez dela Burtonek uste bezain beharrezkoa. Baina gure betebeharra ez da zerrendatik zentzumenik jaitsaraztea, edo zaporearen galera salatzea (oi, haiek ziren haiek mokadu goxoak); gure gizarteak galdu duen seigarren zentzumena berreskuratzea baizik.
Aipatu bai, anitzetan aipatzen da seigarren delakoa. Batek: “seigarren zentzumenak esaten dit”, besteak “nik seigarren zentzumen bat daukat gauza hauetarako”. Honelako espresioen bitartez, ohiko zentzumenek hauteman ez dezaketen ñabardurak hautemateko zentzumen batez ari garela ematen du. Sigmund Freuden erakaspenen ondoren, berriz, ez dugu seigarren ezer beharrik horrelako pertzepzio ezkontzienteak esplikatzeko. Adiskideak aurkeztu berri didan bere nobioa, motibo berezirik gabe, hartzen badut begitan, ez dago dudarik: ez dit sen misteriotsu batek, ezertaz abisatu, aitzitik, neure burua nabarmen uzten ari naiz, nire adiskidearekin edo beraren nobioarekin, edo biekin eta bide batez nire amarekin, oheratu nahi dudan seinale baita (ai, oi, haiek hauek dira hauek garai alaiak).
Freud da, besteak beste, detektibe eleberrien arrakastaren erruduna. XX. mendean literatura (hots, zinema eta telebista) misterio baten argiketan datza. Hildako batek, istorioaren hasieran, lana alaitzen du, eta irakurle edo ikuslearen arreta ziurtatzen du. Heriotza ez da izaten helmuga, irakaspena edo ondorioa, tragedietan zen bezala, abiapuntua baizik. Giza esperientziaren linealtasuna atzekoz aurrera aldatu da, bizitzaren gainean heriotzak azken hitza esan beharrean, begiak –eta belarriak, sudur zuloak, ahoa eta eskuak– itxita, horretatik ihesean ari bagina bezala.
Funtzioak organoa osatzen du.
Edo izenak, izana. Edo adagioa berritu nahi izanez gero, azturak azkura, uzkinak uzkia… Inork ezingo du seigarren zentzumen haren gaineko kontrola berreskuratu, zertan datzan, izena zein duen jakin arte. Nik dakidala Scaligero izan da bakarra seigarren zentzumen sotil horri izen bat jartzen. Polemista suharra eta antimodernoa zen, Exotericae exercitationes de subtilitate idatzi zuen Gerolamo Cardanoren kontra. Cardanok izenburu antzeko beste batean Aristoteles eta Galeno zientzien aurrerabidearentzat kaltegarriak izanak zirela sostengatzen baitzuen. Scaligerok bertan bosgarren zentzumenaren ondoren datorrenari “titilazioa” deitzen dio. Cuarto Milenio bezalako programa baten ikerketa serioa eskatzen du kontuak. Nik ez dut haratago iritsi. Baina nago titilazioarena, zeinahi ere den, galera handia dela (oi, ai). Batek daki nolakoak izango ginatekeen, inguratzen gaituen mundua ikusi, entzun, usaindu, dastatu eta ukitzeaz gain, titilatzen ere ahalko bagenu.
Ahalmen galdua abian nola jarri, titilazioa zehazki zer ote den, hortxe dago koska. Hiztegi pobreek bazka aski gabea ekartzen dute. Latinez kilikak adierazten ditu: amor est titillatio. gaztelaniaz dar-dar eta ñir-ñir egitea: titilan azules las estrellas a lo lejos. Ingelesez, kitzikatzea, sexualki ala ez: I don't think I have titillated my readers today.