argia.eus
INPRIMATU
Bozen biharamuna
  • Bozak Euskal Herri osoan, egun berean. Hori bai, hauteskunde desberdinak izan dira Bidasoaz haraindi eta honaindi. Mugaz hegoaldeko Nafarroari dagokionez, duela lau urteko emaitza bertsuak gertatu dira. Argi dago Estatu osoko joerek zuzeneko eragina izaten dutela beti Nafarroan eta hautesleriaren zati batek botoa aldatzen duela Hauteskunde Orokorrak edo Foru Parlamentukoak diren (Alderdi Sozialistak izaten ditu, alde horretatik, gorabeherarik handienak).
Kike Diez de Ultzurrun 2008ko martxoaren 14a
Kike Diez de Ultzurrun
Kike Diez de UltzurrunMikel Saiz
Bestalde, begi-bistakoa da Zapatero eta Raxoiren arteko dema biziak erabateko eragina izan duela hautesle aunitzen hautuan eta Arrasateko hilketa bidegabeak joera hori muturreraino eraman duela. Hala ere, UPNk ez du hirugarren diputatua lortu eta Raxoi, bestalde, ez da Moncloako maizterra izanen; PSOEk bi lortu ditu eta buruzagi sozialistek berehala erran dute ongi egin zutela Gobernua UPNren esku uzterakoan, hau da, jendeak saritu egin duela iazkoan alderdi horrek izan zuen jokabidea; baina interpretazio okerra da hori, hautesleek ez dituztelako inola ere joan den udako gorabeherak kontuan hartu, bozkatzerakoan.

Nafarroa Baik, azkenik, bere diputatuari eutsi dio, eta ez da gutxi gero, kontrako giro horretan eta kanpainan boikot aktiboaren jomuga nagusia izanda. Boikotetik, ordea, onik atera da. Azpimarratu behar da, hori bai, koalizioan aurkeztea oso baliagarria gertatu zaiela huraxe osatzen duten alderdiei, bertzenaz UPNk hiru aterako zituen. Dena dela, Nafarroa Bairen etorkizuna koalizioa osatzen duten alderdien mende dago; alderdiek emaitzez eginen duten irakurketaren mende, zehazki. Baina, Mendebaldean zer gertatu zaien kontuan hartuta, edota IUren eta Esquerra Republicanaren porrotari erreparatuta, agerikoa da ez dagoela giro koaliziotik kanpo.

Bitartean, Nafarroa Bain dauden independenteek egitura sendoagoa eman nahi diote koalizioari, oinarri soziala zabaldu, eta Erriberan hedatu. Ez da ahaztu behar, zenbat eta hegoalderago, hainbat eta jende gehiagok ematen duela botoa Nafarroan (%80k-85ek, hau da, Mendialdean baino %10-15 gehiagok beti), non eta abertzaletasunak eta euskaltzaletasunak ia indarrik batere ez duten lekuetan (%5 edo %6, gehienez jota). Zalantzarik gabe, eremu latz-latza da UPN eta PSOE ez diren taldeentzat; Erriberak, gainera, sekulako pisua du Nafarroako osoko hauteskunde emaitzetan, eta azken zenbakiak oso nabarmen lerratzen ditu UPN eta PSOEren aldera. Horrenbertzez, jakina, ez da Nafarroako Gobernuan inolako aldaketarik izanen eta behar duen laguntza guztia emanen dio PSNk UPNri. Horixe nahi zuen Miguel Sanzek eta, behin bozak iraganik, horixe bera nabarmendu du; bere gobernuak lau hautesletatik hiruren sostengua duela, alegia.

Bizkitartean, bozen biharamuneko prentsa-titular bati kasu egitera behintzat, iduri du Euskal Herria (edo mugaz hegoaldera dagoen puska, bederen) Estatu bihurtuko zaigula hemendik gutxira, independentziaren aldekoek aldaba jo dutelako. Joan den igandeko emaitzak aztertuta, eta EAJk, EAk eta Aralarrek milaka boto galdu dituztela nabarmendu ondoren, titular hori idatzi duenak abstentzio handia jotzen du, nonbait, letra molde handitan agertzen den albistearen oinarri. Bai, egia da, herri jakin batean, hamarretik zazpi ez ziren botoa ematera joan, eta aldamenekoan hamarretik zortzi; ulertzekoa da herri horri soilik erreparatuta, harako titular hura hautatzea. Baina, kontua da ehunka herri daudela Euskal Herrian, eta begiak non pausatzen ditugun, argazki hau edo hura, halako edo holako abstentzioa agertuko zaigula (Nafarroan, konparazio batera, abstentzioak %3 soilik egin zuen gora), eta herri guztiak kontuan hartuta, argazkia bertzelakoa dela, jakina. Hori, ordea, ez omen dute denek ikasi, urteak aitzina ziztuan joanagatik ere.