Zorriak gizakien bidaide izan ziren duela 100.000 urte, gure arbasoek Afrikatik kanpora egindako lehen migrazioan. Horixe ondorioztatu du Floridako Unibertsitateko zientzialari talde batek, duela 1.000 urteko Peruko bi momien txirikordetan topatutako zorriak aztertu ondoren. Ikerlarien esanetan, proba genetikoek erakusten dute aztertutako parasitoak munduko beste hainbat tokitan topatutako eta gizakia planeta kolonizatzen hasi baino lehen datatutako anduien berdin-berdinak direla. Egun hiru zorri-andui ezagutzen dira (A, B eta C), eta topatutako ADNak dio Peruko zorri horiek A motakoak direla. Amerikara konkistatzaile europarrek eraman zituztela uste zen orain arte, baina badirudi askoz lehenago erabaki zutela zomorro txikiek beren konkista egitea.