argia.eus
INPRIMATU
‘Voyeurismoa’
Juan Ramon Makuso 2013ko maiatzaren 02a
Juan Ramon Makuso
Juan Ramon Makuso
Goizeko seiak dira. Kalearen isiltasuna iristen da nire ohera. Isiltasunak –norberak aukeratzen duenean oso ederra da– beldurra ekarri du nire gogora. Ez zait gustatu. Ez nuen nahi horrela esnatu. Bada, isiltasunak esnatzea! Hori ez da okerrena, isiltasunak, bere azken laguna inguratu dit: bakardadea. Eta bakardadea ez dut aukeratu. Bakardadea ez da nire laguna, baina nire etxeko gelak hartu ditu. Ez dut aukeratu bakarrik egotea, berak hartu nau. Eta leihotik beste aldean ere ene begiek ez dute paisaia ederrik ikusten. Badaramat bi ordu leihoaren izkinan eta zuria da paisaia, neutroa. Oso bestelakoa da jasotzen dudana. Beltza bihurtzen da zuritasuna. Eta esaten didate dena ez dela ez zuria ez beltza. Hori baino okerragoa da margoa nire aurrean. Ez du kolorerik. Agortu dira pote-koloreak. Hutsik daude, ene bizitzako geltoki guztiak bezala. Baina beti gauza berbera pentsatzen dut: nire leiho honetatik kaleko izkinek beteak egon beharko lukete. Ez naiz ni bakarra. Denak etxean daude ni bezala, bakarrik, barne barneko hotsei entzungor eginez, etxeko herensugeari begirik kendu gabe. Etxeko herensugeak niri begiratzen dit bere lauki beltzetik. Txalotzen dut bere voyeurismoa.