Pasa den larunbatean Emakumearen Nazioarteko Eguna edo Emakume Langilearen Eguna ospatu da munduan. Urteko data asko bihurtu dira zerbaiten egun: bakearena, aitarena, amarena, ingurumenarena, autorik gabekoarena, halako gaixotasunena eta abar. Data gehiegi dira, eta batzuetan kontsumoa bultzatu edo administrazio eta erakundeek urtean zehar baztertuta dituzten eskubideen defentsa justifikatzeko aitzakia modura baino ez dute balio. Hori gerta daiteke batzuetan Emakume Langilearen Egunarekin. Emakumeak bizi duen errealitateak, ordea, herritarrak, administrazioak eta erakundeak behartu beharko gintuzke emakumeen defentsarako politika zehatzak garatzera.
Egoera askok dute, zoritxarrez, emakume izena eta guztiak bidegabeak dira. Lan prekarietateak emakume izena du, hiru emakumetik batek aldi baterako kontratua duelako. Langabeziak emakume izena du, emakumeen langabezia tasak gizonezkoena bikoizten duelako. Desberdintasun eta diskriminazioak emakume izena du, lan berdina egiteagatik gizonezkoek baino %25 gutxiago irabazten dutelako eta beraien etxeetan gizonek baino lan gehiago egiten dutelako. Txirotasunak emakume izena du milaka alargunek jasaten dutelako, 500 euroko pentsioa baino gutxiago irabazten baitute. Prostituzio eta esklabotza sexualak emakume izena du milaka emakumek pairatzen dutelako mafien jazarpena. Indarkeria matxistak emakume izena du asko direlako beraien bikotekideek erailak eta beste milaka tratu txarrak jasaten dituztenak. “Emakume izen” gehiegi. Horregatik, herritarrok, erakundeek, administrazioek, alderdiek, sindikatuek, enpresek, elkarteek eta ikastetxeek emakumearen defentsarako eta gure gizarteko matxismo eta autoritarismoa deuseztatzeko politika eraginkorrak ezartzeko konpromisoa hartu beharko genuke.