argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Kafeinak abortu arriskua gehitzen du
Jabier Agirre 2008ko martxoaren 12a
Kafeinak abortu arriskua gehitzen du
Kafeinak abortu arriskua gehitzen du
Aurrez egindako ikerketa batzuek iradoki zuten, eta haurdunaldiak irauten duen bederatzi hilabeteetan zurrumurruak hortxe ibiltzen dira, emakumeen beldurrak areagotuz. Baina orain arte inoiz ez da Kaiser Fundazioko ikertzaileek bezain argi frogatu kafeinaren eta berezko abortuen arriskuaren arteko harremana. Lan horrek dioenez, haurdunaldian 200 miligramo kafeina –bi katilukada– edo gehiago hartzen duten emakumeek abortua izateko arrisku bikoitza dute.

American Journal of Obstetrics and Ginecology aldizkarian argitaratu den ikerketak 1.063 emakume haurdun aztertu zituen 1996. eta 1998. urteen artean, AEBetako San Frantzisko hirian. Parte hartzaile guztiek adierazi zuten zenbat edari kontsumitzen zuten egunean, bai kafeina zutenak eta baita kafeinarik gabekoak ere, beren azkeneko hilekotik hasita. Haurdun geratu zirenetik kontsumo-ohiturak aldatu zituzten ala ez ere azaldu zuten. Kafeina zuten edarien artean ondorengoak sartu ziren: kafea, baita kafeinagabea ere, tea, edari karbonatodunak eta txokolate beroa.

%25ak (264 emakumek) ez zuen batere kafeinarik kontsumitu haurdun zegoen bitartean, %60ak (630 emakumek) 200 miligramo baino gutxiago hartzen zituen egunean, eta gainerako %15ak (164 emakumek) kantitate hori baino gehiago hartzen zuen. Kafeina gehien kontsumitzen zutenak emakume zuriak ziren, diru-sarrera maila altua zutenak.

Ohiko arrisku faktoreak –adina, tabakoa, edo goizeko goragaleak eta gorakoak– albo batera utzita, ikertzaileek zalantzarik gabe baieztatu zuten kafeinak abortua izateko arriskua nabarmen handitzen duela. Ikerketan parte hartu zuten 172 emakumek abortua izan zuten (%16,8ak). Eta kafeinaren eta abortuaren arteko harremana begi-bistakoa izan zen bestelako arrisku-faktorerik ez zuten emakumeengan. Mezua argia da: emakumeek kafeina hartzeari erabat utzi beharko liekete haurdunaldiak irauten duen bitartean. Eta benetan hartu behar izanez gero, kontsumoa eguneko kafe katilukada bakarrera murriztu beharko lukete.